Barriak

Arantzazu

Irakurleak oso ongi baloretan dabe BEGITU

Udabarrian Aztikerrek 901 arratiar inkestatu ebazan.

Ia danak, %98,7k uste dabe begitu ona edo oso ona dala euren herrientzat eta %98,1ek erakunde publikoak aldizkaria diruz lagundutearen alde dagoz. Nota ipintean 7,7 oso ongi, beraz, ipini deutsie irakurleak aldizkariari.
Hamabost urtetik gorako arratiarren %87,8k ezagutzen dabe begitu eta gure irakurleak, bataz beste, 25 minutu eta 49 segundu emoten dabe begitu irakurten.
Irakurlegoaren %90,9rentzat albisteen trataerea objetiboa da eta begitu alldizkari plurala da inoiz irakurri izan daben %89,4rentzat. Diseinua eta maketazinoari jagokienean, %89,4k dinoe gustuko daukiela begituren diseinu eta maketazinoa eta ia guztiak %91,9k dinoe egokia iruditzen jakiela begituk testuak aurkezteko daukan modua.
Inkestak, ganera, gure irakurlea zelangoa dan emon deusku jakitera. Gizon (%45,7) baino emakume gehiagok (%54,3) irakurten dabe begitu. Edade guztietakoak: irakurleen %37,5 hamabost eta 34 urte artekoa da, 35 eta 54 urte artekoa %35,9 eta 55 urte edo gehiago dituenak %26,6 dira. Eta ikasketa mailari jagokonean, unibersidade ikasketak dituenak (%57,6) dira gehien irakurten dabenak gure aldizkaria. (Erreportajea osorik BEGITUn).

Erredakzinoa

Igorre

Landa auzuneetarako garraio publikoa martxan

Igorreko Udalak IGOTRANS izeneko landa auzuneetarako garraiobide zerbitzua ipini dau. Urri lehenengoaren 1ean hasi da eta linea finko bi daukaz: Igorrebaso eta San Kristolabalekoak. Dana dala, bezperan telefonoz 902 540 890ra deitu ezkero, beste hiru linea be badagoz: Garamendi, Solaguren eta Mimintzakoak hatan be.
Hau danau azaltzeko abuztuaren 27an, Galder Olibares Igorreko alkateak, Gotzone Amuriza alkate-orde eta egitasmoaren arduradunak eta Ainhoa Ugalde Bitakako kideak aurkezpena egin eben.
"Argi itxi beharra dago, zerbitzu hau urte bukaerara arte behin-behinekoa dala. Zerbitzuaren jarraipen zehatza egingo da eta emoitzen arabera, datorren urtean behin betiko zerbitzua ipiniko da. Beraz, emoitzen arabera, posible da orain aurkezten diran lineak aldatzea" azaldu dabe Udaletik.
Zerbitzu hau Igorreko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila eta Udalsarearen laguntzaz ipini dau. "Eta, zelan ez, herriko taxisten kolaborazinoagaz".

Linea finko eta birtualak
1 Linea Igorrebasokoa da eta martitzen eta eguenetan egongo da erabilgarri goizeko 08:30ean herrigunera joateko eta 11:00etan bueltetako. Taxi geralekuan, Oruen, Uxarren, Untzurtun, Zugatzun eta Igorrebason ditu geralekuak linea honek. 2 Linea, barriz, astelehen, eguazten eta barikuetan erabili daiteke: goizeko 10:00etan erdigunera joateko eta 12:30ean bueltetako. Taxi geralekuan, Egian, San kristobalen, Itzan, eta Ibarrondon hartu ahal da Igotranseko linea hau.
Beste auzuneetako igorreztarrak be erabili ahal izango dabe Igotrans zerbitzua, nahiz eta linea finkorik ez izan. Izan be, beste hiru linea baditu Igotransek (Garamendi, Solaguren eta Mimintza) erabilgarriak izango diranak bezperan 902 540 890 telefonora deitu ezkero.

Garraio publikoa herrira joateko
"Auzuneetako bizilagun askok arazoak eukiten dabez herrian eskaintzen diran zerbitzuak erabilteko (osasuna, erosketak, gestinoak eta aisialdia, esate baterako), eta honeri aurre egiteko ipini dau martxan Udalak Igotrans garraio publikoko zerbitzua" azaldu dabe Udaletik. Biaje bakotxak euro bat balio dau eta bonoak udaletxean erosi daitekez.

Erredakzinoa

Arratia

Auzuneetako jaiak gurean urrietan

Auzuneetan San Antolin, Andra Mari eta San Migel jaiak ospatuko dira hileon. Lemoan berbarako, sanantolinak ospatuko dabez, ermitearen inguruan eta Mendietako jaiak hilaren 4an. Hona hemen, egitarauak.

URRI LEHENENGOAK 2, eguena, San Antolin Lemoan
12:00etan, Mezea San Antolin baselizan eta ostean barauskarria.
14:00etan, Baba lehiaketako lapikoen aurkezpena.
16:00etan, Erromeria JOKALDI taldeagaz.
18:00etan, Tiragoma lehiaketea.
Igorreko Garamendi auzunean, sanantolin jaiak ospatuko dabez. Mezea egongo da eguerdian eta ostean barauskarria.
Dimako Oban be ospatuten dira Sanantolinak. Hemen egitaraua:

URRI LEHENENGOAK 2, eguena
12:00etan Mezea.
13:00etan Triki poteoa.
18:00etan Briska txapelketea.

URRI LEHENENGOAK 3, barikua
12:00etan Mezea.
20:30ean "KOBAret" ikuskizuna.
21:30ean Bola txapelketea.

URRI LEHENENGOAK 4, zapatua
11:00etan Bizikleta martxea. (Dima-Oba).
13:00etan Bola txapelketearen finala.
14:30ean Herri bazkaria.
17:00etan Kantaldia.
18:00etan Ugel txapelketea.

URRI LEHENENGOAK 5, domekea
12:00etan Krosa. (Dima-Oba).
19:00etan Txokolatea.
Egun bi beranduago, hilaren 4an, Lemoan Mendietako jaiak ospatuten dira.

URRI LEHENENGOAK 4, Mendietako jaiak
10:00etan, VI. Mountain Bike Ibilbidea (Bedia-Galdakao-Lemoa).
15:30ean, VII. Auto Slalom-a. Euskal Herriko Txapelketea.
16:00etan, Mus, Briska eta Ugel txapelketak.
19:30ean, Mendieta jatetxeak eskeinitako sardina jana.
Arrasti osoan, umeentzako ekin tzak.
Lemoan jarraituz, Andra Mari egunean jaiak Elizondon.

URRI LEHENENGOAK 8, eguaztena
12:00etan, Meza nagusia Andra Mari eleizan.
17:30ean, Umeentzako jolas eta tailerrak Elizondon, Zaztaparrak antolatuta.
19:00etan, Euskal Kantuzaleen Elkartea-Kantagintzaren eskutik kantaldia Elizondon.
22:00etan, Zeanuriko Uribe Taldeak Sorginek antzezlana.
Eta egun berean, Diman Piedadean be ospatuko dabe Andra Mari eguna.
Sanmigelak Igorreko Garbe auzunean, Artean San Migel ermitan, eta Zeanurin auzune bitan ospatuten dira: Uriben aurreko astegoienean eta Altzustan ostekoan. Egitarauak zehaztu barik dagoz zenbaki hau inprentara doanean, baina prest dagozanean gure webgunean emongo doguz zehaztasunak.

Indusiko jaiak
Urri bigarrenaren lehenengo egunetan Indusin (Dima) sanfreskuak ospatuten dabez. Hona hemen behin behineko egitaraua. Eguna hurreratu ahala egon daitekezan aldaketen barri, www.begitu.org-en topauko dozue.

URRI BIGARRENAK 1, barikua
16:30ean, Txupinazoa eta jaien hasierea.
17:00etan, Briska txapelketea.
19:30ean, Txitxiburduntzia.
20:30ean, Alboka eta trikitixa AGEDA ETA KONTXESIgaz.
21:00etan, Erromeria.
23:00etan, JAIK taldearen kon- tzertua.
02:30ean, Txokolatea.

URRI BIGARRENAK 2, zapatua
13:00etan, Gazte Barri jantza taldea.
13:30ean, Bertsolariak: Ibon Iza eta Oihana Bartra.
14:00etan, Txalapartea.
14:30ean, Baba lapiko lehiaketea.
17:00etan, Upo, Topotin eta Bartolina pailazoak.
20:00etan, Berakatz zopa, Tortilla eta ogi tostada txapelketea.
22:00etan, JAINAGA ETA NARBAIZAgaz erromeria.
23:00etan, Auzokoen antzerkia.
23:30ean, Mozorro lehiaketea.
00:30etan, Tango lehiaketea. Bertako tango estiloari sari berezia.

URRI BIGARRENAK 4, astelehena
12:00etan, Mezea.
13:00etan, Kopautxua.
14:00etan, Errifearen zozketea.

Erredakzinoa

Zeberio

Banda Basotti Zeberioko jaietan

Banda Bassotti taldea aspaldiko ezaguna dogu Euskal Herrian, orain dala 21 urte sortu eta gero, makinatxu bat bider izan dira gurean. Aurten Zeberiora hurbiltzen diranak eukiko dabe aukerea euren ska eta erritmo beroak jantzatzeko, izan be urri lehenengoaren 4an izango doguz bertan. Modu honetan euren azkeneko lanaren (Viento, lucha y sol izeneko diskoa) abestiak izango doguz entzungai, eta oraintsu kaleratu daben zuzeneko diska bikotxa, Check Point Kreuzberg - Live in Berlin, labur geratuko danaren esperantza eroan. Zuzenean dibertigarri, zoro, konprometidu eta jantzagarriak izan dira beti, esperientziak ondu baino ezin dau egin hamarkada bitako lan fina. Zeberion bada, Bela Ciao!

Iban Gortazar

Areatza

San Bartolome 2010

Hilaren 23an hasita eta 29ra arte, kalean bizi izango dabez areatzaztarrak herriko jaiak. Izan be, jai egitarau oparoa prestatu dabe, adin guztietako jentearentzat. Aitatzekoak hain areatzaztarrak diran buruhandi eta erraldoiak, tanborradea, maioretak edota kukaƱea. Eta Areatzako Banda be berbiztu da.

ABUZTUAK 23, astelehena
14:00etan, txupinazoa. Eleizako kanpantorreko kanpaiak, Areatzako buruhandi eta erraldoiak, Areatzako Banda.
18:30ean, EHUNZANGO batukada taldea.
20:00etan, Salbe herrikoia.
23:00etan, erromeria TXIMELETAgaz.
00:00etan, XVII. Play-Back lehiaketea.

ABUZTUAK 24, martitzena
06:00etan, mortero jaurtiketea.
11:30ean, meza nagusia.
12:30ean, ohorezko aurreskua.
18:00etan, pelota partiduak.
23:00etan, erromeria DRINDOTSegaz.
04:00etan, txokolatea.

ABUZTUAK 25, eguaztena
11:00etan, animen aldeko mezea.
12:00etan, Areatzako jantza taldea.
12:30ean, 3. adinekoentzako barauskarria.
13:00etan, paella lehiaketea (aurkezpena).
17:00etan, Briska txapelketea.
17:00etan Ugel txapelketea.
19:00etan, Frontenis txapelketearen finala.
20:00etan, Trapuzko pelota txapelketearen finala.
22:00etan, Areatzako Bandaren kontzertua.

ABUZTUAK 26, eguena
11:00etatik 14:00etara, umeen- tzako jolasak, puzgarriak, zirko tailerra.
11:00etan, koadrilen arteko olinpiadak.
17:30ean, umeen Play-Back lehiaketea.
18:30ean, kukaƱea Zubizarran.
21:30ean, herri afaria "Estralurtarren gaua". Ostean, erromeria JOKALDIgaz.

ABUZTUAK 27, barikua
17:00etan, ibilaldia bizikletan.
17:00etan, Tute txapelketea.
18:00etan, Tortilla lehiaketearen aurkezpena.
18:30ean, askari herrikoia.
19:00etan, rally poteoa.
23:00etan, NAGI FAKTORI, MG eta THE CHERRY BOPPERS taldeak.
02:30ean, DJ-a.

ABUZTUAK 28, zapatua
14:00etan, Makailao lehiaketearen aurkezpena.
17:00etan, Mus txapelketea.
19:00etan, Tanborrada Txikia "Gauerdi" txarangeagaz.
22:30ean, gau suak Astondoagaz.
23:00etan, Areatzako Tanborradea, Areatzako maioretak, zalgurdiak, SPECTRUM taldea.
00:00etan, erromeria AKERBELTZ taldeagaz.
02:00etan, kalejirea Areatzako Tanborradeagaz.

ABUZTUAK 28, domekea
13:00etan meza nagusia.
17:00etan, pelota partiduak.
19:00etan, UPO, TOPOTIN ETA BARTOLINA pailazoen "Txakala-txakala, txu-txu" antzezlana.
22:00etan, azken jantzaldia JOKALDIgaz.
00:00etan, azken txupina eta jai batzordearen aldeko zozketea.

Erredakzinoa

Arratia

Andramariak, Sanrokeak eta ermitetan jaiak

Jairik jai ibilteko aukerea eskeintzen deuskue gure auzuneak udearen erdialdera heldu garanean.

Sanlorentzoak ermitetan
Sanlorentzoak Zeberioko Elizondon, Bediako Murtatzan eta Zeanuriko Otsemendin ospatuten dira. Elizondon mezea eta hamaiketakoa eukiko dabe jaia ospatuteko eta Murtatzan mezea eta hamaiketakoaz ganera, Mus eta Briska txapelketak arrastiko bostetan.

Andramariak Igorren
Sasoi baten herriko jaiak ziranak ospatuten jarraituten dabe igorreztarrak. Hona hemen aurtengo egitaraua.

ABUZTUAK 15, domekea
10:30ean, XXXII. Andra Mari Saria, gazte mailako txirrindulari lasterketea.
11:00etan, esku pelota partiduak goiko plazan "Open Bizkaia" txapelketea. Gazteak: Izei Gomez - Joseba Bilbao / Aitor Zilaurren - Mikel Kue. Nagusiak: IƱigo Markina - Iker Lekue / Imanol Arrese - IƱigo Atutxa.
12:00etan, mezea. Ostean, trikitixa eta barauskarria goiko plazan.
16:00etan, karta jokoak. Mus eta Briska txapelketak beheko plazan.
18:30ean, Ugel txapelketea beheko plazan.
19:00ean erromeria JOKALDI taldeagaz. Jantzaldian sangria danontzat egarria kentzeako.
Ganera, Arratia Futbol Taldearen XXIV. Andra Mari Saria jokatuko da. Partiduak Urbieta futbol zelaian 18:00etan izango dira.
Abuztuak 13an: S.D. Lemoa-S.D. Amorebieta.
Abuztuak 14an: C.D. Arratia- Durangoko Kulturala.
Abuztuak 15ean: Finala.
Zeberioganen be, andramariak ospatuko dabez mezea eta barauskarriagaz.

Sanrokeak Bedian eta Diman
Sanrokeak, Bediako Eroso-Ugarten eta Dimako Olazabalen ospatuten dira. Eroso-Ugarten mezearen ostean, hamaiketakoa, trikitixa eta jantzak izango dabez giroa alaituteko.
Olazabalen, barriz, hiru egunetako jai egitaraua prestatu dabe.

ABUZTUAK 15, domekea
12:30ean, txakolin eguna.
18:00etan, pailazoak UPO, TOPOTIN eta BARTOLINA.

ABUZTUAK 16, astelehena
12:00etan, meza nagusia.
13:00etan, Bola txapelketea.
18:30ean, GORRITI eta bere animaliak.
19:30ean, umeentzako antzerkia ANE MONA, OSKOLA ETA KARRAMARROI taldearen eskutik.
22:30ean, LARREGI taldearen kontzertua eta erromeria.
01:00etan, persona birentzako afariaren zozketea.

ABUZTUAK 17, martitzena
12:00etan, mezea.
12:30ean, umeentzako jolasak ZAZTAPARRAK taldeagaz.
12:30ean, Mus txapelketea
14:00etan, zekorraren zozketea.
17:00etan, Briska txapelketea.
Eta abuztuari amaierea emoteko sanbartolomeak ospatuko dabez Zeberioko Uxarren eta Igorreko Urkizu auzoan. Ermitan mezeak eta osteko kopautxuak lortuko dabe jai-giroa piztea auzune honeetan.

Erredakzinoa

Arratia

Bialdu zure oporretako argazkiak

Abuztuko Begitxindorra ilustretako Maria Vidalen arrasti gorri hau aukeratu dogu orain arte argazki lehiaketarako jaso doguzan argazkien artean.
Arrastia odoletan
Eguzkiak urre gorri
(nola ez da erre bertan?)
ortzi guztia oskorri
niregana heldutako
sua ez bedi hain gori
dino Luis Maria Mujikaren poema batek. Gori-gori dago gure lehiaketea be, inork ez bialdu arren narrugorritan argazkirik. Zeu izan zeintekez lehenengoa!
Jon Gao, Idoia Goiriena, Maria Vidal eta Cristina Vidalek bialdu deuskuez euren oporretako argazkiak, Viet Nam, Ibiza, Maroko eta Greziako bazterrak erakutsiz. Baten batek 2009ko oporretako argazkiak bialdu ditu, horreek ez dira lehiaketan sartuko, aurten, hau da 2010ean egindakoak bakarrik hartuko dabe parte. Beraz, hori bada zure kasua bialdu aurtengoak be. Gogoratu sari bi egongo dirala aurten: landetxe baten astegoieneko egonaldia eta 100 €ko bonoa AMEko dendetan gastetako.
Argazkiak begitu@topagunea.com-era bialdu behar dira urri lehenengoaren 27a baino lehen eta parte hartzaile bakotxak, gehienez, hiru argazki bialdu ahal ditu.
Ez dago atxakiarik parte ez hartzeako! Zorte on!

Erredakzinoa

Igorre

Plasticos Ormazabal greban

Garagarrilaren 29an eta 30ean Igorreko Industrialdean dagoan Plasticos Ormazabal enpresako beharginak greba egin eben, hiru hilabeteko soldatak eta pagea ordaindu ez deutseelako. Burruka egun honeetan, greba egiteaz ganera, alkarretaratzeak be egin eben beharginak fabrikearen ateetan. "Susmo txarra hartzean deutsagu honeri. Behar asko euki dogu eta ez deuskue ordaindu eta orain aparailu batzuk hasi dira eroaten. Ez dakigu oporretatik bueltan zer gertatuko dan" esan eutsan BEGITUri enpresako behargin batek.

Erredakzinoa

Igorre

Palestinako Ni"lin herriagaz senidetu da Igorre

Garagarrilaren 14an, Igorreko alkatea Galder Olibares eta alkateordea Gotzone Amuriza Palestinara abiatu ziran han bizi daben egoerea ezagututeko eta Ni"lin herriagaz senidetuteko. Ni"lin-etik bueltan Gotzone Amuriza alkateordeagaz egon gara, senidetzeak zer suposatzen dauan jakiteko.

Igorre Saharako Tifirati-gaz be senidetuta dago. Zenbatekoa da Igorre Udaleko nazinoarteko kooperazinoa?
Igorrek azken hiru urteotan diru laguntzak emon deutsez garapenean dagozan herri batzuei. Berbarako, Peruko Trujillo herriko eskolarako. Bertan, Juanita Agirre igorreztarra dabil lanean. Maribel Egiluz igorreztarraren bitartez, Congoko osasun zentruak hobetuteko be emoten dau dirua Udalak. Baita Saharako emakumeen lan baldintzak hobetuteko Saharako Tifariti herriagaz daukagun sinede- tzearen bitartez.

Zergaitik Ni"lin?
Palestinarako osasun zentruak eta programak aurrera eroateko urtero diru laguntzak emon ditu Udalak eta lankidetza honetatik zabaldu da Ni"lin herriagaz senidetzeko aukerea.
Ni’lin nekazal herri bat da, 58 hektarea dituana. Baina Israelek eraigi dauan harresiagaz 8 hektareatan geratu da, hau da, 50 hektarea kendu deutseez. Horregaitik nekazariak ezin dabez lurrak landu, es deutsee behar adina emoten eta. Ni"lin herria honen guztiaren kontra burrukan dabil eta daborduko 8 hildako be izan dira.

Zeintzuk izango dira lan ildoak?
Ni"lineko kideakaz egon ostean, argi daukagu gure lan ildoak hezkuntza eta gazteria izango dirala, horreek dira eta herriaren etorkizuna.
Lankidetza sakontzeko asmoa daukagu. Dana dala, behar egiteko orduan Igorre eta Ni"lin-eko erritmoa kontuan hartu beharko doguz eta iparra ez galdu. Senidetzeak zuzterrak emotea lortuteko denporea beharko dogu. Gure helburua ez da dirua bialtzea, alkarlanean proiektuak martxan ipintea baino. Palestinako egoereaz igorreztarrok asko ikasi ahal dogu.
Datorren urterako Ni"lin-ekoakaz batera zeozer egitea espero dogu. Baina luzea da eta pausuz pausu egingo dogu bidea.

Erredakzinoa

Arratia

Jaime Atxa Bizkaiko txapelduna

Otxandion izan zan Bizkaiko Sega Txapelketea garagarrilaren 24an, eta Areatzako Jaime Atxak lortu eban txapela. Beste arratiarra eta igazko txapelduna zan Zeanuriko Aitzol Intxaurbe hirugarren geratu zan, Gondraren atzetik.
Areatzaztarra igaz azpitxapeldun geratu zan Bizkaiko Sega Txapelketan parte hartzean eban lehenengo aldian, eta aurten txapelduna izan da 1.600 kilo bedar baino gehiago ebagi ostean. ā€œHasieran, danok parean joan ginan, baina segidu eta segiru, aurrea hartu nebanā€ dino Atxak. ā€œSano parekatuta egon zan hasieran, ikusteko oso polita izan zanā€ gehitu dau Intxaurbek.

Euskal Herrikoan finalerdietan
Euskal Herriko txapelketan, barriz, arratiarrak ez ziran finalera pasau. Aizarnan, garagarrilaren 11n jokatu zan kanporaketea eta egozan bizkaitar biak, biak Arratiakoak, ez ziran finalera pasau. Lehen finalerdian Aitzol Intxarbe, Jexuxmari Ormaetxea (Gipuzkoa) eta David MariƱelarenagaz (Nafarroa Garaia) neurtu zan hirugarran eginaz. Bigarren finalerdian Atxa geratu zan kanpoan, gipuzkoako segalari biak, Jon Kaflanka eta Jokin Etxeberriak bedar kilo gehiago ebagi eben eta.

Erredakzinoa

Lemoa

San Inazio jaiak

Lemoaztarrak prest dagoz saninazioak ospatuteko. Eta horretarako bost egunetako programea prestatu dabe. Era guztietako txapelketak, musikea eta Ibaizabaletik baltsen jeitsiereak bermatuko dabe herritarren parte hartzea.
Arratiako beste herrietatik jaietara datozenentzat etxera bueltetako autobusak egongo dira garagarrilaren 31n, goizaldeko 02:30ean eta 04:30ean.

GARAGARRILAK 28, eguaztena
18:00etan, 15 urtetik beherakoen futbito txapelketako finala eskoletan.
19:00etan, 15 urtetik gorakoen futbito txapelketako 3. eta 4. postuak ebazteko partidua eskoletan.
20:00etan, 15 urtetik gorakoen futbito txapelketako finala eskoletan.
Esku pelota popularra, finala kiroldegian.

GARAGARRILAK 29, eguena
16:30ean, eskupelota partiduak Txutxin txapelketearen finala.
19:30ean, herrikoentzako XI. Igeriketa Txapelketa.

GARAGARRILAK 30, barikua
18:30ean, jaietako kartelen erakusketea udaletxeko plazan.
19:00etan, txupinazoa eta jaietako kartel lehiaketearen sari banaketea Udaletxeko plazan. Alex Txikonek emongo deutse jaiai hasierea. Ostean, kalejirea udaletxeko plazatik Elizondoraino ADISKIDEAK fanfarreagaz.
21:00etan, koadrilen afaria kiroldegian. 18 urtetik beherakoentzat.
22:30ean, kontzertuak eta erromeria Elizondon SU TA KE, MATERIA GRIS, AKERBELTZ.

GARAGARRILAK 31, zapatua
10:00etan, diana txistulari eta dultzaineruakaz.
11:30ean, XIII. Artisautza Azoka Atxeta taberna ondoko plazan.
12:30ean, mezea San Inazio baselizan.
13:15ean, Durundi Barri Dantza Taldea eta Lemoako Abesbatzaren ekitaldia San Inazio plazan.
17:30ean, ume eta gazteentzako tailerrak eta jolasak Zaztaparrak taldeak antolatuta San Inazio plazan.
18:00etan, Ugel txapelketea 17 urtetik beherakoentzat.
18:30ean, Ugel txapelketea 17 urtetik gorakoentzat.
19:00etan, Bola txapelketea 17 urtetik beherakoentzat.
19:30ean, bola txapelketea 17 urtetik gorakoentzat.
20:00etan, Arrantza eta Ehiza Elkarteak sardina jana eskeiniko dau San Inazio plazan.
20:00etan, koadrilen arteko herri kirolak San Inazio plazan.
22:00etan, 12 urtetik beherako lemoaztarrentzat Play-back lehiaketea Elizondon.
23:00etan, kontzertua ESNE BELTZA Elizondon.
00:30ean, 12 urtetik gorakoentzat Play-back lehiaketea Elizondon.
01:30ean, Erromeria AMAIUR taldeagaz Elizondon.
05:00etan, barauskarria Elizondon.
Baserritar jantzita dagozanai edaria eta taloa eskuratzeko txartela emongo jakie.

ABUZTUAK 1, domekea
11:00etan, umeentzako puzgarriak eta jokoak eskoletan.
14:00etan, paella, tortilla, gisatu eta makailao lehiaketako lapikoen aurkezpena eskoletan. Ostean, herri bazkaria.
16:00etan, ume eta gazteen- tzako ekintzak Ganzabal Mendi Taldeak antolatuta eskoletan.
19:00etan, baltsen jeitsierea Ibaizabaletik.
23:00etan, erromeria Elizondon JO TA HANKA.
"Garsu" erre eta su artifizialak. Jaien amaierea.

Erredakzinoa

Arratia

Arratiako Udalen Mankomunitateak www.arratia.net sortu dau

Webgune barri honen bidez, tramiteak modu telematikoan egin ahal izango dira, mankomunidadearen zerbitzu, baliabide eta programak jasoko dira eta eskeintza kultural eta turistikoaren barri emongo da. Honegaz ā€œArratiako mankomunidadea abangoardian jarri da on-line administrazinoaren arloan, Biscaytik proiektuaren eskutikā€ Foru Aldundiko prentsa kabinetearen arabera.
Garagarrilaren 7an, Igorren, BiscayTIK fundazioaren zuzendari nagusia dan Ibon OƱatek eta Aitor Sorriketa mankomunidadeko presidenteak aurkeztu zituen atari honek emongo dabezan zerbitzu eta aukera guztiak Arratiako alkateai zuzendutako ekitaldi baten.
Arratia.net Arratiako Udalen Mankomunitatearen sede elektronikoak teknologia barrienai esker mapa interaktiboak, Udaletako azkenengo informazinoa edota momentuan momentuko eguraldiaren barri emoten dau, beste gauza askoren artean. Hasierako orrian, agendak, albisteak, zerbitzuak, argitalpenen deskargak, enpresak, lan-boltsak eta informazino turistikoa topau daitekez.


Erredakzinoa

Arratia

Udan argazki lehiaketea BEGITUn

Uda ailegau da! Eta beragaz batera, betiko moduan, lehiaketak eta sariak begitura. Aurten guztiz barriztuta, lehiaketan parte hartzeako postalen ordez argazkiak bidali beharko dira. Parte hartzea errezagoa izango dalakoan egin dogu aldaketa hori. Eta sariak bat izan beharrean bi izango dira: landa etxe baten astegoieneko egonaldia eta 100 €ko bonoa AMEko dendetan gastetako. Ez dago atxakiarik parte ez hartzeako!

Argazki lehiaketearen oinarriak
1. Parte hartzaileak: BEGITU Aldizkaria jasoten dauan edonor.
2. Gaia: Oporrakaz edota biajeakaz zerikusia izan behar dabe.
3. Lanen ezaugarriak: Aurkezten diran argazkiak, nork, non eta noiz atera diran esan behar da. Gura izan ezkero, argazkiagaz ateratzeko testu bat be egin daiteke, euskeraz idatzita egon beharko dana. Gehienez 3 argazki bildu ahal izango dira personako.
4. Nora bidali: Argazkiak hona bidaliko dira: begitu@topagunea.com.
5. Aurkezteko epea: 2010ko garagarrilaren 1etik urri lehenegoaren 27ra arte aurkeztu daitekez argazkiok. Abuztuko eta urri lehenengoko zenbakietan argitaratuko dira batzuk. Dana dala, horrek ez dau esan gura argitaratutako horreek dirala irabazleak.
6. Epaimahaia: BEGITU Aldizkariko erredakzino taldeak osotuko dau.
7. Epaia: Urri bigarreneko lehenengo zenbakian argitaratuko da aldizkari honetan.
8. Oharra: Lehiaketa honetan parte hartzean dabenak oinarri honeek onartzen dituala esan gura dau.
Animau! Zuen oporrak zein ederrak izan diran konpartiduteko aukerea izango dozue, eta sariren bat lortzeako aukerea be bai. Zuen argazkien zain gagoz! Ondo pasa oporretan!

Erredakzinoa

Arratia

Esti eta Olatz Bizkaiko Kantu Txapelketan irabazle

Bi urterik behin egiten da Kantuzaleen Elkarteak antolatutako Bizkaiko Kantu Txapelketea eta lau urterik behin Euskal Herrikoa. 2008an izan zan Euskal Herrikoa eta orduan Esti eta Olatz bikote zeanuriztarrak jantzi eban Euskal Herriko txapela. Aurten, Bizkaikoa jokatu da eta oraingoan be txapeldun izan dira Zeanurikoak.

Aurten maila ona
Maiatzaren 1ean izan zan lehenengo kanporaketea Zeanurin eta bagilaren 13an jokatu zan finala Gernikan. Zeanuriztarrak eurek sortutako Nondik Nora kantea abestu eben kanporaketetan, baita Unama, Iparraldeko taldearen Sehaska kanta be. Nondik Nora kantea Gazte Informazio Bulegoak argitaratutako Arratiako taldeen diskorako egin eben Esti eta Olatzek eta bertan dago.
"Finalean Nondik Nora kantau genduan. Kreazino barrientzako sari bat egon zan eta horretan be lehiatu gura izan genduan. Ez genduan irabazi sari hori. Irabazi genduan kanteteagaitik, baina ez kanteagaitik" azaldu deutso BEGITUri Esti Olibares Esti eta Olatz taldekoak.
Aurten maila hobea egon dala pentsetan dabe taldekide biak. "Jente gehiago egon da eta leku desbardinetakoa. Guk ezagutzen ez genduan jentea" dino Estik. "Eta ETBko "Bi gira" saioko batzuk be egon diranez, publikoaren aldetik be interes handiagoa egon da" gehitu dau Olatzek. (Barri osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Arratia

IƱaki Saenz de la Fuente: Hemengo onena doban da

Beste modu baten pentsau gura dau turismoa IƱaki Saenz de la Fuente Gorbeialdeko turismo teknikariak. Daukaguna bultzatu eta "esperientziak" eskeini datozenai, Gorbeia inguruan onena "doban" dalako eta etxetik kanpo egonda be, etxean bezala sentiduten diralako turistak.
IƱaki Saenz de la Fuente Areatzan jaio zan eta Plentzian bizi da. Ia urtebete daroanean lanpostu honetan, hemengo turismoaren berezitasunez eta bultzatzeko proiektuez egin deusku berba.

Zein pisu dauka Arratian turismoak? Zenbat lanpostu edota zenbat diru mobiduten dauan jakiterik badago?
Holango analisi bat egiteko asmoz gagoz eta erreminta batzuk eratu gura doguz horretarako, baina oraintxe bertan daukaguzan datuak dira informazino bulegora etorten diran personen kopurua, zenbat alojamentu dagozan eta zelango okupazino maila eukiten daben normalean. Eta museo eta Parketxeko datuak be badaukaguz. Gorbeialdek Arratia-Nerbioi eskualdean egiten dau behar eta hemen turismoak ez dauka beste industriak edo beste ekonomi sektoreak daukien garrantzia. Dana dala, hemen sano gauza garrantzitsua daukagu: mendizale piloa datoz. Pilo bat jente etorten da mendira, eta horreek, orain arte egin ez bada be, zenbatzeko asmoa daukagu. Jente asko izan daiteke. Eta mendizale horreek, turista bihurtzen badira, hor sano potentzial handia daukagu. Badago jentea be, Bilbo ikustera etorri eta hona datorrena lo egiten. Horreek erakarten saiatzen bagara, ba ekonomi sektore potente bat eratu daike.
Arratian zenbat jente bizi da turismotik? Egin ahal deustazu estimazinoren bat?
Gorbeialden ez dogu momentuz holango azterketarik egin. Baina esan daikegu 27 ostatu edo alojamentu dagozala, Arratia eta Nerbioi, Gorbeialde eskualdean esan daikegu. Hiru museo dagoz, kanpina, eta oraintxe hasi barri dan Pitch & Putt Diman. Hemen landetxe pilo bat dagoz, orduan ostatu asko egon arren, oheak ez dira hainbeste. Turismoa ez da Arratiako lehen industria, baina izan daiteke, potentzial handia dauka.
Turismoan behar egiteko norabide bi dagoz, ezta? Barrura begira zer eskeini ahal dan eta kanpora begira besteak egon daitezala jakitun zer dagoan hemen edo.
Hori da turismoaren garapen tradizionala, zelan egin izan dan lan orain arte. Ba gu beste proiektu bat garatuten gabiz, turismoa ikusteko ikuspuntu barri bat. Barrikuntza soziala deitzean dan prozesua. Eta barrikuntza sozial hori zertan datza? Eskualdeko jenteagaz ikusi behar dogu eurak zelan imaginetan daben Gorbeialdea etorkizuenan, turismo arloan be zelan imaginetan daben, eta eurak zer pentsetan daben eskeini daikiela. Eta horregaz, egin behar doguna da besteai erakutsi, baina besteak bizi egin behar dabe. Ez da bakarrik publizidadea egin edo marketina egin. Horregaz ez dau balio. Egin behar dana da turisak Gorbeialdea bizitzea eta horretarako garapen soziala behar dogu. (Alkarrizketa osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Dima

San Pedro jaiak

Programa oparoa prestatu dabe Diman herriko jaiak dirala eta. Hilaren 25etik 29ra diran arren jaiak, motorrak berotuten hasiko dira dimoztarrak hilaren 20an, Artisau eta nekazal produktuen azokeagaz. Dana dala, jaiai benetan hasiera emongo deutso 24ko herri afariak eta erromeriak. 26a, zapatua, izango da umeen eguna eta 29a, martitzena jubilatuena.

BAGILAK 24, eguena
21:30ean, herrikoentzako afaria Arratiako bertsolariakaz.
13:30ean, erromeria JOKALDI taldeagaz eta musika Gaztetxean.

BAGILAK 25, barikua
10:00etan, umeentzako puzgarri eta Quads-ak.
17:00etan, bits jaia.
18:30ean, umeentzako eskaladea boulderrean.
19:30ean, boulder txapelketea.
23:00etan, LOREBELTZ, HARROBI eta DJ PERU.

BAGILAK 26, zapatua
11:00etan, umeentzako jolasak eta tailerrak.
14:30ean, paella eta tostada txapelketearen aurkezpena.
16:30ean, esku pelota jaialdia.
19:00etan, herri kirolak herrikoakaz.
23:00etan, TRES 41, HESIAN, eta AMAIUR.
00:00etan, euskal preso eta errepresaliatuen aldeko ekitaldia.

BAGILAK 27, domekea
12:00etan, mezea.
13:00etan, jantzak Gazte Barri Dantza Taldearen eskutik.
19:30ean, bertso saioa: Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Etxahun Lekue eta BeƱat Gaztelumendi.
21:30ean, Antzerkia "Euskarazetamol".

BAGILAK 28, astelehena
18:00etan, Mus eta Briska txapelketak. Umeentzako jolasak.

BAGILAK 29, martitzena, San Pedro eguna
12:00etan, mezea.
13:00etan, 85 urte eta gehiagokoai omenaldia.
14:00etan, bazkaria 65 urtetik gorakoentzat.
20:00etan, tortilla txapelketearen aurkezpena.
20:30ean, jaien amaierea txokolate janagaz.

Erredakzinoa

Ubidea

Ubideko sanjuanak

Gure inguruko jairik originalenak ospatuten dira Ubiden. Sanjuanetako sua eta uraren sinboloai arbolarena gehitzen jakie, izpiritu onen sinboloa. Aurten be, herriko gazteak basora joan, zugatz bat moztu eta plazan ipiniko dabe, jaiai hasiera emonez. Aitatzekoa baita be, San Juan bezperako akelarrea.
Bagilaren 26an, zapatuan, goizaldeko 04:00etan, GIBek ipinitako autobusa egongo da etxera bueltetako.

BAGILAK 23, eguaztena
19:00etan, arbola altxau.
22:30ean, sua.
Akelarre herrikoia.

BAGILAK 24, eguena
12:30ean mezea eta ostean barauskarria.
17:50ean pelota partiduak.
21:00etan, play-back txapelketea.

BAGILAK 25, barikua
20:00etan, herriko tabernetatik jira eta buelta.
23:00etan, herriko plazan BESTE BAT.

BAGILAK 26, zapatua
Trapero eguna. Trapu zaharrez jantzita ibilteko proposamena.
17:00etan, Mus txapelketea.
17:30ean, bikote arteko lehiaketea.
21:00etan, herri afaria.
23:15ean, EGAN herriko plazan.

BAGILAK 27, domekea
Umeentzako puzgarriak.
18:00etan, Gasteizko Samaniego Korala.

GARAGARRILAK 2, barikua
Eszenatokia kendu eta plaza txukundu. Ostean, afaria.

Erredakzinoa

Bedia

San Juan jaiak

Parau barik ibilteko aukerea izango dogu aurten be, Bediako San Juan jaietan. Egun argitan, jana, jokoa eta kirola izango dira jaian murgiltzeko aukerea emongo dabenak. Gaubean, suaren argiak eta musikeak sortuko dabe solstizioko jaiak daukien giro berezia.
Zapatuan, GIBek antolatuta autobusak egongo dira etxera bueltetako 03:30ean autobusen geralekuan.

BAGILAK 23, eguaztena
20:00etan, jaien hasierako txupinazoa trikitixeagaz eta dultzainagaz alaituta. Ostean, sardina jana.
21:30ean, XAIBOR DJk alaitutako erromeria.
24:00etan, San Juan sua.

BAGILAK 24, eguena
11:30ean, Meza Nagusia eta ondoren kalejirea.
12:00etan, Felipe Alberdi "Katia"ri omenaldia eta argazkia erakusketea eskoletan.
17:00etan, XXV Briska txapelketea (bikotekide bat, behintzat, Bediakoa).
18:00etan, tortilla txapelketarako izena emotea.
19:30ean, tortillen aurkezpena.
20:00etan, AIKO taldeagaz erromeria. (Erropa tradizionalakaz joan).

BAGILAK 25, barikua
11:30etik 13:00etara, umeentzako puzgarriak.
17:00etatik 19:30era, umeentzako puzgarriak.
18:00etatik 21:00etara, tailerrak eta jokoak.

BAGILAK 26, zapatua
12:00etan, III. Paella lehiaketarako izena emotea, Tirituk antolatuta.
14:30ean, paellen aurkezpena.
17:00etan, koadrilen arteko II. olinpiadak, Tiritu alkarteak antolatuta.
17:00etan, mus txapelketea Ba- tzokiak antolatuta.
22:30ean, SAW ME, ELEMENTO PLAGA, A PELO Y TU eta LISKER taldeen kontzertuak.

BAGILAK 27, domekea
12:15ean, gaiteruakaz kalejirea.
18:00etan, Esku pelota partiduak: gazteak eta nagusiak.
19:00etan, Igel txapelketea.
20:30ean, Zeaniko Antzerki Taldearen "Ana-Lisis" antzezlana.
Ostean, jaien amaierako txokolate jana.

Erredakzinoa

Arratia

Auzuneetako jaiak

Sanjuanak Bedia eta Ubideko herriko jaiak dira, eta Sanpedroak Dima eta Arantzazukoak. Baina, gure eremuko hainbat auzunetan be ospatuten dira. Leku batzuetan, mezea eta barauskarria nahikoa izango dabe jai giroa lortuteko. Beste auzune batzuetan, ostera, egunak hartzean dituen programak prestatu dabez.

San Juanak auzuneetan
San Juanetan Zeanuriko Altzuaga auzunean, Dimako Oban eta Igorreko San Juanen besteak beste egingo dira ospakizunak. Igorren 23an hasiko dira jaiak 20:00etan txupinazoagaz. Ostean sardina jana, trikitixea eta sua, 24an eta 27an be ekintzak egongo dira.
Herri batzuetan ostera jaiak izan ez arren, piztuko dabez San Juan suak udako solstizioan. Areatzan, Zubizarran, sardina jana egingo dabe eta Dimako frontoi ondoan sua piztuko da.

San Pedroak
San Pedroak be hainbat lekutan ospatuko dira. Zeanuriko Undurragan, berbarako 29an eta hurrengo asteburuan ospatuko dira, edota Lemoako Elorriagan.

San Juan jaiak Altzuagan
BAGILAK 23, eguaztena
20:00etan, txupinazoa.
20:30ean, San Juan sua eta jarraian sardinak eta txokolatea hurreratzen diran guztientzat.

BAGILAK 24, eguena
12:00etan, mezea eta ostean barauskarria.

BAGILAK 26, zapatua
20:00etan herri afaria eta ostean gaupasa.

BAGILAK 27, domekea
12:00etan, mezea eta barauskarria. Ostean Arratiako umeen jantza taldea.
17:00etan, bola jokoa eta umeentzako jolasak.

San Pedro jaiak Elorriagan
BAGILAK 27, domekea
12:30ean, mezea.
13:00etan, barauskarria.
13:15ean, herri kirolak.
14:00etan, ugel txapelketea nagusientzat, dardo txapelketea umeentzat eta paella txapelketea.
17:00etan, jolasak eta tailerrak.
17:30ean, Mus txapelketea.
19:00etan, Bola txapelketea.
20:00etan, txitxiburduntzia.
Gaztetxeak jarritako txosnea.

Erredakzinoa

Arratia

Amiantoaren ganean hitzaldia Igorren

LAB sindikatuak Arratian "Amiantorik ez!" kanpaina ipini dau martxan. Kanpaina horren barruan, bagilaren 22an, Igorreko Kultur Etxean berbaldia emongo dau Juan Carlos Marco medikuak arrastiko 19:00etan. "Gaiak daukan garrantzia eta sakontasuna" adierazoteko eta bertan "amiantoagaz behar egin daben beharginen kezkak entzungo doguz" azaldu eban Alex Azpirik LABeko Metalgintzakoak Igorren bagilaren 10ean emondako prentsaurrekoan.
Arratiako enpresa batzuk amiantoagaz egin eben behar sasoi baten, eta sindikatuak hareen beharginai azterketa medikuak egiteko eskatu dau. "Enpresa batzuetan, Tarabusin adibidez, azterketa horreek egiten dabiz. Baina beste batzuetan, Incoesa Trafos, Bobinados Bidekoetxe eta Caldereria Arratian, berbarako, ez da agente kimiko hori erabili izana onartzen eta azterketa medikuak ez egitea ebatzi dabe enpresa horreetako zuzendaritzak" salatu eban LAB sindikatuak.

Erredakzinoa

Lemoa

Lemoatxako hildakoai gorazarre

Elizondoko Lagunak Auzo Elkarteak antolatuta, bagilaren 19an, "Lemoatxako 1937ko batailan eroritako miliziar eta gudariai gorazarre" egingo deutsee herritarrak. Ekitaldia Lemoatxako tontorrean egin eta gero herri bazkaria egongo da bertan. "Lemoako Auzo Elkartekoak ekitaldi hau tradizino bihurtu gura dogu eta horregaitik, ahalik eta jente gehien parte hartzera konbidau gura dogu" dinoe antolatzaileak.

Lemoatxara oinez zein autoz
Omenaldi honetan parte hartu gura dabenak 11:30ean batuko dira eleizan. Antolatzaileak autoak ipiniko dabez oinez joan gura ez dabenentzat. 12:30ean, manifestua irakurri eta lora eskeintza egongo da. Ostean, 13:30ean, herri bazkaria, paellea, gura daben guztientzat.

Ehundaka miliziar eta gudari hil ziran bataila haretan
Ehundaka miliziar eta gudari hil ziran Lemoatxan 1937ko bagilaren 3 eta 14 arteko batailan. Maiatzaren 29 eta bagilaren 15a bitartean bataila odoltsu asko izan ziran errepublikarrak eta kolpisten artean, honeek Bilbo hartzeako bidea egin bitartean. Lemoatxa izan zan bataila horreetako bat. "Burdinazko garriko"tik hur, bataila gogorra egon zan bertan eta ehundaka gudari eta Asturias eta Santanderreko miliziar hil ziran 1937ko udabarri haretan.

Erredakzinoa

Arratia

Gorbeialde Irratiko narrazino sarien epaia hilaren 18an

Gorbeialde Irratiko narrazino lehiaketeak baditu irabazleak eta sariak bananduko jakiez bagilaren 18an, Arratia Institutuko aretoan, 13:15ean. Lau sari egongo dira: umeen mailako bi eta gazteen mailako beste bi. Parte har- tzaile guztiai liburu bana emongo jakie, bertan idazlan guztiak agertuko dira. "Irabazleen izenak sari banaketa ekitaldian emongo dira jakitera" dino Irune Elexpe epaimahaikoak. Aurten, 85 narrazinok hartu dabe parte.
Ekitaldi honetan "babeslea, zuzendaria, epaimahaikoak, parte hartzaile guztiak eta Institutuko irakasleak egongo dira. Ekitaldi polita izango da" dino Irune Elexpek.

Erredakzinoa

Areatza

Eskola umeentzako bardintasunaren aldeko kanpaina

Bagilaren 17an, Areatzako Herri Eskolan gizon eta emakumeen arteko bardintasunaren aldeko eguna ospatuko dabe Areatzako Udaleko Bardintasun Arloak, Areatzako Emakume Foroak eta Herri Eskola eta Guraso Elkarteak antolatuta. Orain dala sei urte hasi ziran Herri Eskolako haur eta gazteai zuzendutako bardintasunaren aldeko sensibilizazino kanpainak eta ekintzak egiten. Aurtengo programea inoiz baino zabalagoa izango da eta egun bitan garatuko da.

Argazki maratoia eta bardintasun jaia
Bezperan, hilaren 16an, eskolako umeak ATHLONeko begiraleakaz herritik zehar ibiliko dira argazkiak ateratzen bardintasunagaz lotzean dabezan lekuai. Ekintza hau arrastiz egingo dabe 14:30etik 16:30era. Hurrengo eguneko Bardintasun aldeko jaia be arrastiz izango da. 14:30ean, herritik zehar paseoa bizikletan, eta 15:00etatik 17:00etara, haur eta gaztetxoentzako jokoak, eskolako kanpo aldean eta herriko plazan izango dira.
"Ekintza honeek garrantzi handia daukie, ezinbestekoa dalako bardintasunean oinarritutako baloreak indartzea gazteen heziketan" azaldu deutso BEGITUri Sara Gutierrez bardintasun zinegotziak.

Erredakzinoa

Igorre

17 urteko mutil gazte bat hil zan auto batek harrapatuta

17 urteko Ugaoko mutil gazte bat hil zan Igorren bagilaren 13an, goizeko 08:30ak aldera, auto batek harrapatuta. BI-3523 errepidean izan zan ezbeharra, Bilborako noranzkoan Gezala auzune parean. Auto batek harrapatu eban gaztea, eta Ertzaintzak gidaria atxilotu eban trafiko segurtasunaren kontrako ustezko delituagaitik. Libre da, baina, gidaria.
Gaztea larri eraman eben Galdakaoko erietxera, eta bertan hil zan.

Erredakzinoa

Arratia

"Jazarpen poliziala" salatu dau Andoni Akesolok

Joan dan maiatzaren 16ko gauean lau gizonek uletik tira eta mehatxatu egin ebela salatu eban Andoni Akesolok Bilbon, hilaren 14an, egindako agerraldian. Dimakoak epaitegian jarri dauan bigarren salaketea da hau, baina, Akesoloren arabera, "lehena artxibau eben, ikertu barik". Igorreko Udalak kasu honeek ikertzeko eskaerea eginda dauka.
Salaketea publiko egitean, Andoni Akesologaz batera Amnistiaren Aldeko Mugimenduko Zefe Ziarrusta egon zan. Mugimentu honek bagilaren 18an Igorren egingo dan manifestazinoan parte hartzeako deia egin eban.

Erredakzinoa

Arratia

Ugerlekuak zabalik 12tik aurrera

Aire zabaleko Areatzako eta Lemoako ugerlekuak zabalduko dira hilaren 12an, txikerrak zein nagusiak freskaldi bat hartu daien. Ugerlekuon uda sasoia urri lehenengoaren erdialdera artekoa da eta ordura arte egongo dira zabalik. Hango tabernak eta jantokiak be egutegi berbera izango dabe.

Ordutegiak
Areatzako ugerlekuez goizeko 11:00etatik 20:00ak arte gozatu ahal izango dabe bainulariak. Lemoakoak, barriz, 11:30ean zabalduko dauz ateak, eta 19:30ean jaso beharko da toallea hurrengo egunera arte.

Erredakzinoa

Zeberio

Sanantonioak Ermitabarrin

Zeberion, Ermitabarrin jaiak 11n hasiko dira. Hauxe programea:

BAGILAK 11, barikua
18:00etan, pelota partiduak.
20:00etan, txupinazoa.
20:00etan, tortilla txapelketea.
20:30ean DJ-a.
22:00etan, herri afaria: sardina-jana sagardoagaz.
00:00 DJ-a.

BAGILAK 12, zapatua
12:00etan, umeen jolasak eta rockodromoa.
13:00etan, kopautxua rallyaren partaideentzat.
15:00etan, Ermitabarriko lehen rally-krossa.
20:00etan, txitxiburduntzi.
21:00etan, Elektrotuna.
23:00etan, berbenea OBANEUKE taldeagaz.

BAGILAK 13, domekea
12:00etan, "Pato" Lasterketea.
13:00etan, mezea ermitan.
13:30ean, meza ostean barauskarria txistulariakaz.
14:00etan, "Rana" txapelketea.
17:30ean, Mus txapelketea.
19:00etan, Koblakari Zirku taldea.
21:00etan, jaien amaierea.

Erredakzinoa

Arratia

Luis Prieto bertso bazkaria eta desafio mundiala

Bagilaren 12an, Luis Prieto bertso bazkaria egingo da Dimako frontoi txikian, Jon Maia eta Amets Arzallus bertsolariakaz eguerdiko ordu bietan. Bazkarira joan gura dabenak Dimako Herrikoan daukiez txartelak erosteko aukerea 16 eurotan, 15 urtetik beherakoek 10 euro ordaindu beharko dabez ostera. Baina hau baino lehenago, hamabiak inguruan, Diman bigarren urtez "Desafio mundiala antolatuko dogu. Igazko arrakastea ikusita, aurten bost taldek emon dabe izena: Gaztetxuena, Gaztetxeko taldea, Luis Prieto lagun taldea, Herriko Tabernakoak eta 40 urtetik gorakoen taldea" dinoe antolatzaileak.

Galapan, bizikletan eta aizkoran lehenengo fasean
Desafioak lau atal eukiko ditu, fase bi osotuten dabezanak. Lehenengo, taldeetako partaide bi galapan hasiko dira, herriko ibilbideari buelta bat emonaz. Gero, bizikletan (hau be binaka) buelta hori lau bider egingo dabe. Amaitzeko, talde bakotxak enbor bat moztuko dau. Lehen hiru atal horreek amaituta, bigarren fase batera pasauko dira parte hartzaileak.

Esku pelotan bigarrenean
Esku pelota partiduetan bost talde dagozanez aurretiko partidu bat jokatu beharko dabe. Aurreko atalean, bosgarren eta laugarren heldu diranak, partidu hau hamabira izango da, partidu honen irabazlea finalaurrekoetan zuzenean sartuko da.
Esku pelotan 22ra, finalaurreko bi izango dira. Aurreko atalean lehenengo egin dauan taldeak, 9 tantoko aldea eukiko dau partidu hasieran, eta aurretiko partiduaren irabazlearen kontra egin beharko dau. Bigarren taldeak, hirugarrenaren kontra jokatuko dau eta bigarren talde honek 6 tantoko aldeagaz hasiko dau finalaurrekoa.
Azkenik esku pelotako final handian erabakiko da desafioa.

Izen handiko arratiarrak hartuko dabe parte
Izen handiko jente askok hartuko dau parte desafioan, besteak beste Mikel Zarrabeitiak, Imanol Agirrek, Luis Prietok, eta David Ibarra "Houston"ek.

Ibon Iza

Igorre

Igorreko San Antonio jaiak

BAGILAK 11, barikua
15:00etan BAZKARIA bakotxak etxetik ekarritakoagaz txosna gunean.
17:00etan GAZTEEN ARTEKO OLINPIADAK.
18:00etan GAITERUAK ETA LARRAIN JANTZA txosna gunean hasita.
19:00etan TXUPINAZOA txosna gunean.
20:00etan KUADRILEN ARTEKO OLINPIADAK. KARRO KARREREA kioskoko bidegurutzean hasita.
20:30ean MASKARRADAgaz kalejirea.
22:30ean LUHARTZ taldeagaz JANTZA PLAZA.
24:00etan LUHARTZ taldeagaz ERROMERIA.

BAGILAK 12, zapatua
Egun guztian zehar TXU-TXU trena AMEk antolatuta.
12:00etan PAELLA TXAPELKETEA Olabarriko zirkuituan.
14:30ean PAELLA TXAPELKETEAren aurkezpena.
17:00etan RUGBY TXAPELKETAK San Txisme rugby zelaian.
17:00etan KUADRILEN ARTEKO OLINPIADAK: ERREKA JAITSIEREA.
17:00etan KUADRILEN ARTEKO OLINPIADAK: ANTZARAREN JOLASA.
18:00etan GAZTEEN ARTEKO OLINPIADAK.
19:00etan SAMBASKAO fanfarriagaz kalejirea.
20:00etan ARETO JANTZEN TXAPELKETEA Lasarte Aretoan.
23:00etan KONTZERTUAK: SUBVERSION X eta OKERRAK. Ostean AMAIUR taldeagaz ERROMERIA.

BAGILAK 13, SAN ANTONIO, domekea
TXIRRINDULARIen lasterketea.
12:00etan MEZEA.
12:30ean KALEJIREA TXISTULARIAKAZ txosna gunean hasita.
19:30ean ARANTZARTE jantza taldea Kultur Etxean.
21:00etan LABURMETRAJE LEHIAKETEAREN EMONALDIA ETA SARI BANAKETEA Kultur Etxean.

BAGILAK 14, astelehena, umeen eguna
11:00etan PUZGARRIAK, TAILERRAK ETA JOKOAK UMEENTZAT eskoletako patioan.
17:00etan UMEEN PLAY-BACKa Kultur Etxe aurreko eszenatokian.
18:00etan "Diskoteka mugikorra" umeentzat Kultur Etxe aurreko eszenatokian.
19:00etan FUTBOL 7 TXAPELKETAKO FINALA Urbietan.

BAGILAK 15, martitzena
19:00etan FRONTENIS TXAPELKETAKO FINALA. Parte-hartzaile guztiak primietara.
19:30ean Arratiako Musika Eskolaren audizinoa Kultur Etxean.

BAGILAK 16, eguaztena
19:00etan SPINNING KALEAN, apuntau kiroldegian debalde.
BAGILAK 17, eguena
18:00etan TRIKI-KANTU-POTEOA txosnetan hasita.
21:00etan HERRI AFARIA Olabarriko aterpean. Ostean NARBAIZA ta JAINAGAgaz ERROMERIA txosna gunean. Bitartean TALENTOEN LEHIAKETEA "Zuk bai jakin!" txapelketea.

BAGILAK 18, barikua, mozorro eguna
MOZORROTZEKO GAIA: PELIKULAK.
16:30ean TORTILLA ETA MAKAILAO TXAPELKETEA Olabarriko zirkuituan.
19:00etan TORTILLA ETA MAKAILAO txapelketearen aurkezpena.
22:00etan KONTZERTUAK: KOLERA, JAIK, HARROBI eta ZAUSTU. Ostean GARRAXI taldeagaz ERROMERIA.
22:00etatik-06:00etara ATERPEAN: ELEKTROGAUA.

BAGILAK 19, zapatua
10:00etatik-14:00etara UMEENTZAKO PUZGARRIAK UGERLEKUAN.
17:30ean RALLY UMORISTIKOA txosna gunean hasita.
18:00etan Begira antzerki taldeagaz umeentzako pailazoak.
18:00etan PELOTA PARTIDUAK Kiroldegiko frontoian.
18:00etan KONTZERTUAK: KOSETXA PROPIA, RAXFER, GALERNA, ALDEIXOK, PUNTA DE MIRA, KORUMBA, ELBERETH, VERSEN eta THE SUGAR BALLS.

BAGILAK 20, domekea, jubilatuen eguna
12:00etan MEZEA.
14:00etan JUBILATUEN BAZKARIA.
16:30ean GAZTEEN ARTEKO OLINPIADAK.
19:30ean JOKALDIgaz ERROMERIA Kultur Etxeko plazan. BALS LEHIAKETEA.
Bitartean
KUADRILEN ARTEKO OLINPIADEN sari banaketea.
20:00etan BEINKE!n eskutik jaien amaierako txokolate jana.

Erredakzinoa

Igorre

Ekintza Planeko foroak bagilan

Igorreko Udalak Agenda 21en Ekintza Plana 2010-2017 egiteko herritarren parte hartzerako deia egin dau. Agenda 21eko ekintza planean iraunkortasunaren alde Udaletik egiten dan beharra jasoten da (ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetan). Aurreko plana 2005tik 2009ra izan zan eta orain Udala plana berrikusten dabil 2010-2017 epealdirako osotuteko.
Horretarako gaien araberako foroak antolatu ditu Udalak. Maiatzak 31n eta bagilaren 1ean izan ziran gizarte foroak, eta bagilaren 2an biodibersidadea, ingurumena eta klima aldaketea lantzekoa. Bagilaren 7an ekonomia eta lana eta 8an parte hartzea eta komunikazinoa landuko dira.

Erredakzinoa

Arratia

Marcela Lagarde ezagutzen

Liburuetan jasota dago Marcela Lagarderen pentsamentua eta gurera datorrenean be horren barri jakiteko aukerea daukagu emoten dituan berbaldietan. Bere erretratu intimoago bat egiten saiatu da BEGITU hona dakargun alkarrizketan.

Marcela, biziteko zer nahiago, uria ala herria?
Nik nahiago dot uria. Eta oso uri handitik nator. Mexiko DFean 20 miloi biztanle gara eta hara joan nintzan bizitera bizi kalidade hobearen bila. Sei urtez bizi izan nintzan uri txikiago baten, miloi eta erdi edo miloi bi biztanlekoan. Eta uriburura bueltau nintzan kutsadura, bardintasun falta eta zerbitzu eskasiagaitik arazo handiak dituan uri honetara. Baina gauza zoragarriak be badaukaz.
Mexikoko uriburua kosmopolita da, zabala eta oso progresistea, jentea oso aurrerakoia da bere idea politikoetan eta hori ez neuke aldatuko. Ganera, daukan eskeintza kulturala zoragarria da. Hara heltzean dira idazleak, artistak, pintoreak, zinegileak, orkestrak… eta jaialdi asko daukaguz, artea, zinea, danetik. Unibersidade asko dagoz publiko zein pribadu, eta horregaitik zoragarria dala bertan bizitea pentsetan dot.
Desbardintasun ikaragarriak dagoz eta bizi-kalidadea ez da persona guztientzat. Baina uri-uria da.
Zerbitzu asko behar dira 20 miloi persona atendiduteko.
Baina nire uriko kultura eta emakumeon eskubideak uri horretan, herrialde osoko onenak dira. Azkenengo urteotako bardintasun politikak, biolentzia arriskuan, desabantailan eta pobretasunean dagozan emakumeen eskubideen aldekoak, oso onak izan dira uriburuan. Politika horreek, herritarrak abiarazo daben prozesu demokratikoaren parte sentiarazoten nabe. Ezkerreko udal gobernu bat hautatu dogu persona baztertuenentzako arreta programa bategaz komprometiduta dagoana eta persona baztertu horreen artean andra eta neskatxi asko dagoz.
Herrialde osoan ez dagozan eskubideak daukaguz Mexiko DFn. Esaterako, eskubide sexual eta erreproduktiboak. Haurdunaldia eteteko eskubide osoa dago. Eta emoitza onak izan ditu emakumeen euren sexualidadearen jabetzean. Hau sano inportantea iruditzen jata. Ez hori bakarrik, sano eskubide interesgarria lortu dogu orain dala gitxi. Kongresu lokalak aldatu eban Kode Zibila ezkontzeak sexu baldintzarik ez izateko. Holan, ezkontza unibersala da nire urian. Edonor ezkondu daiteke, orientazino sexualak ez dauka garrantzirik. Eta ni harro nago uri honetan biziteaz.

Oporretarako zer nahiago dozu? Itsasoa ala mendia?
Biak, baina itsasoak holango nostalgia exotikoa sortzean deusta. Nahiz eta herrialdearen erdikoa izan eta itsasoa urrun euki, hiru ordutara, zeozer gertatzen da itsasoagaz. Liluragarria iruditzen jata.
Kostalde asko daukaguz Mexikon eta nik Atlantikoa zeharkatzen dot askotan. Itsasoagaz sano historia inportantea daukat. Beste gauza batzuen artean, txikitu egin jata itsasoa. Infinitoa zan eta orain 12 ordutan zeharkatu ahal dot.
Itsasoa ikaragarri gustetan jata, baina mendia be bai. (Alkarrizketa osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Arratia

Oskar Garro laugarren Paracycling Bizkaiko Biran

Oskar Garro 34 urteko igorreztarra ziklismo paralinpikoan hasi da aurten. Eta ondo hasi be: egin eban lehenengo lasterketan laugarrren geratu zan eta. Mungian izan zan maiatzaren hasieran, Paracycling Bizkaiko Biran. Lehian, Espainiako selekzinoa eta Belgikakoa beste batzuen artean eta Javier Otxoa izan zan txapelduna lasterketa haretan. Orain babesle bila dabil Garro.
Bilboko Saiatu Fundazioaren taldean dago Garro. Kirolariaren esanetan, fundazinoaren kontu izaten dira lehiaketako gastu guztiak. Dana dala, lehenengo urtean behintzat, entrenamentu eta sasoian egoteko eta emoitzak lortzeako behar diranak kirolariak ordaindu behar ditu. "Eta hau sano profesionalizauta dago eta emoitza onak aterateko mediku bat behar da".
Saiatu Fundazioaren taldean Javier Otxoa, Aitor Oroza, Victor Hugo Garrido eta Josu Moreno dagoz, famaduenak aitatzearren.

Diskapazidadearen araberako sailkapena
Oscar Garrok MC3 kategorian korriduten dau. "UCIko medikuak diskapazidadearen klasifikazinoa, zenbatekoa dan neurtu deuste. Medikuak begiratzen dabe ea ze mobimentu egin daikezuzan. Sailkapenak honeek dira: MC1 txarren dagozanak, MC2 hanka bakarra daukienak edo esku bat eta hanka bat. Ni MC3n nago. Hemen dagoz hanka biak daukiezanak baina txarto. MC4 da hobeto dagozanak eta MC5 ondoen dagozanak" azaldu deutso begituri Oskar Garrok. (Barri osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Areatza

Azken domeketan Areatzako bainuetxean nudismoa egitea dago

Maiatzaren 30ean izan zan eskaintza barri honen inaugurazino ofiziala, baina Euskal Naturista Elkartekoak zirkuitua narrutsik egitea euki eben 23an. Izan be, alkartekoak bainuetxean batu ziran eta "eurentzat" zabaldu ebela azaldu deutso begituri Sasoibideko merkataritza saileko arduradunak. Bagiletik aurrera, hileko azken domekan 18:00etatik 20:00etara, nudistentzat egongo da zabalik bainuetxea.
Naturistok 23an, eta 30ean ezagutu eben bainuetxeak eskeintzen dauana, 90 minutuko spa ibilbidea eginez eta jatetxean bazkalduz. Ibilaldi termala, bainu turkiarra (% 100 hezetasun erlatiboa eta 45 gradu) eta saunagaz (% 15eko hezetasuna eta 85 gradu) hasten da, gero dutxa epela eta ostean dutxa beroak eta hotzak. Ugerlekuan, hidromasajeak eta burbuilez gozatu eben ur hotzeko askan sartu aurretik. Azkenik, tea hartu eben hamaketan etzanda. Zirkuitua ezagutu eien, egun bi horreetan merkeago izan eben nudistok eta normalean balio dauan 22 euro pagau beharrean, 16 eurotan egin eben zirkuitua. Euskal Herrian nudistentzako ordutegia eskeintzen dauan lehenengo bainuetxea da Areatzakoa.

Erredakzinoa

Igorre

Lurrarine Gazte Asanblada

Gazte Asanblada sortu dabe Igorren. Hau guztiau ezagutzera emoteko aurkezpen jai bat prestatu dabe gazteak maiatzaren 29rako. 13:30ean poteoagaz hasiko dabe eguna eta 15:00etan bazkaria egongo da eskoletako aterpean. Bazkalostean Lurrarinek euren aurkezpena egingo dabe, bideo, argazki eta guzti. Ostean asanbladakoak saltzean dabizan errifen zozketea egingo dabe, persona birentzako afaria hatan be. Bazkalostean karaokea egongo da eta gero sorpresa bat. Bazkarirako tiketak 8€tan dagoz salgai Kukuman eta Axularren. Jentea animetea eta parte hartzea espero dabe antola- tzaileak.

Erredakzinoa

Arratia

Irati Jimenez Bediako Irakurle Klubean

Kirmen Uriberen ostetik, Bediako Irakurle Klubean Irati Jimenez egongo da hilaren 28an, arrastiko 19:00etan. Egileak Nora ez dakizun hori bere liburuaren ganean egingo dau berba entzuleakaz.
Irati Jimenezek (Mundaka 1977) Agustin Zubikarai nobela laburren saria irabazi eban 2006an Bat, bi Manchester nobeleagaz eta Nora ez dakizun hori eleberriagaz akzesita Igartza sarian 2007an, 2009ko Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena be jaso dau Nora ez dakizun hori nobeleak.

Maitasun eta banpiroen istorioa
"Batetik Martin dogu, urtetan munduan zehar ibili ostean Bilbora itzuli dana, argazki-erakusketa bat egiteko asmoz, eta hor non ikusten dauan, hainbat uritan egindako erretratuetan, emakume bera agertzen dala beti, erdi ostenduta. Bestetik Nora, irratian gaua bere abots eztiaz janzten dauana, baina hainbat sekretu gordetzen dira haren etxean, gaziak eta gozoak. Maitasun ezinezkoak eta kasualidade gertakaitzak dagoz eleberri honetan, likantropoak eta banpiroak, arima erosten daben aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, biajeak, ipuinak… Pasinoz eta liluraz betetako liburua, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuak bezala itxi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituana" holan aurkezten dabe Elkar argitaletxekoak irakurleak egileagaz komentauko daben liburua.

Erredakzinoa

Arratia

Arratia eta Zeberioko hizkerak EHHAn

Hogeita bost urteko lan erraldoia hasi da argia ikusten. Aprilaren 30an, Euskaltzaindiak Euskal Herriko Hizkeren Atlasaren lehenengo liburuki bien aurkezpena egin eban eta sarean dagoz konsultau gura dituanarentzat. Guztira dozena bat liburu izango dira.
Proiektu honen arduradunak Gotzon Aurrekoetxea dimoztarra eta Xarles Videgain izan dira eta arratiar askok egin dabe behar atlas honetan. Mapak egiteko inkestak Diman, Lemoan, Zeanurin eta Zeberion egin ziran. Inkestatzaileen artean, Isak Atutxa eta Gotzon Aurrekoetxea bera; mapagintzan, Juantxu Rekalde, Gorka Intxaurbe, Aitor Iglesias, Jon Irigoras eta Amaia Jauregizar.
Juantxu Rekalde mapagileak argitu deusku zehaztasun guztiak.

EHHAren arduraduna Gotzon Aurrekoetxea arratiarra de, ezta?
Bai. Gotzon Aurrekoetxea da arduraduna. Proiektu osoaren zuzendariak dira Gotzon Aurrekoetxea hegoaldean eta Xarles Videgain iparraldean izan dira. Alkarlanean ondo funtzionetan dauan bikotea da. Hau bakarrik ez. Alkarregaz ikerketa eta argitalpen asko egin dabez unibersidadeetarako eta ikerketa institutuetarako.

Zein da argia ikusi dauan materiala?
Lehenengo liburuki biak argitaratu dira orain. Biak batera, bakotxa CD bategaz. Eta baita online. Euskaltzaindiaren webgunean aurkitu daikezue. Hori kultura demokratizetea da eta hori eskertzekoa da kasu honetan Euskaltzaindiari. Doban ipini dau urte eta urteetako lan erraldoia.

Noiz hasi EHHA egiteko lana?
Hau 80 hamarkadan hasi zan. Urte hareetan egin ziran inkestak. Inkesta sano luzea eta zabala da. Sasoi haretan, Xarles eta Gotzon gazteak ziran eta energiaz sobran egozan eta Euskaltzaindia bera be barria zan. Baina proiektua handia, lar handa ez ete zan pentsau eben askok hasiera-hasieratik. Koldo Mitxelenak handitzat jo eban eta Mitxelena orduan hizkuntzalaritzan zientifikorik inportanteena izan zan. Baina orduan hasitakoa azken mailara heldu da eta argia ikusi dau. (Barri osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Areatza

Sororidadea azalduten

Hilaren 26an, 19:00etan, Marcela Lagardek Areatzan emongo dauan berbaldia errezago ulertuteko, Emakumeen Foroak tailer bat antolatu eban. Tailer hau Foroko partaide dan Maite Artabek emon eban hilaren 11n. Hamasei andra bertaratu ziran eta honeek Lagardek Sestaon emondako berbaldiaren laburpen bat ikusteko eta 26ko berbaldiaren gaia ebazteko aukerea izan eben. Antolatzaileak berbaldirako gaiaren proposamenak jaso ebezan.

Kontzeptu sortzailea
"Marcela Lagarderen kontzeptuak feminismorako aportazino handiak dira, baina lehenengo kontaktuan, ilunak izan daitekez. Lagarderi lehenengoz entzuten dutsienak be berbaldia osotasunean ulertuteko antolatu dogu tailer hau" dino Artabek.
Marcela Lagarde antropologo feministea UAMeko (Universidad Autonoma de Mexico) katedraduna da eta 30 urte baino gehiago daroaz emakumeen eskubideen aldeko burrukan. Ciudad Juarezeko emakumeen erailketa sistematikoa izendatuteko feminizidio berbea berak asmatu ebala uste da, eta beste kontzeptu batzuk be sortu ditu, sororidad, berbarako. Berba honegaz, misoginiaren aurrean, emakumeen arteko beharrezko alkartasun adierazo gura da.
Marcela Lagarde genero gaietarako Nazio Batuen aholkularia da eta Mexikoko Kongresuko Diputadu Federala izan da PRD-ren (Partido de la Revolución DemocrÔtica) zerrendetatik.

Erredakzinoa

Arratia

Irakaskuntzan eta arlo publikoan grebarako deialdia

"Lan Baldintzak hobetzeko, eskola publikoa indartzeko: Murrizketarik ez" lemapean STEE-EILAS, LAB eta ELAk grebara deitu dabez irakasle guztiak maiatzaren 25ean.
Sektore publikoan be, zerbitzu publikoak indartzeko eta gastu soziala handitzeko egun horretan greba egiteko deialdia egin dabe Euskal Herriko ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK eta HIRU sindikatuak.

Hezkuntzan aurreakordio "txarra"
Maiatzaren 12an, Hezkuntza Sailak CCOO eta UGTk sinatu eben aurreakordioa "oso txarra dala" eretxita, "mobilizazinoen bidea ezinbestekotzat" jo dabe sindikatuok.
Holan, maiatzaren 20an alkarretaratzeak egingo dira ikastetxeen aurrean eta 25ean greba.
"Irakasle funtzionarioen lan egoerea arautzeko hitzarmena berritzeko oinarrien prosamenak kalte garrantzitsuak eragingo ditu bai irakasleen lan baldintzetan, bai ikastetxe publikoetan beraietan be" STEE-EILAS sindikatuaren arabera.
Hitzarmen honek irakasleen hizkuntza prestakuntza programa dan IRALEn be murrizketa handiak aurreikusten ditu.

Sektore publikoan soldata jeitsierak
Euskal Herriko gehiengo sindikalaren arabera, Espainiako Gobernuak arlo publikoan iragarri dituan murrizketak arlo honetako beharginai nahiz zerbitzu publikokoai sano modu larrian eragiten deutsee. Holan, soldatak bataz beste %5 murriztuko dira eta esparru publikoan emoten diran zerbitzuen kalidadeari eraso egingo deutso.
Sindikatuok arlo publikoko behargin guztiai greba egiteko eta herri administrazinoai Espainiako gobenuak ezarri gura dituan ebatziai uko egiteko eta ez apliketako eskatzen deutsee.
UGT eta CCOOk barriz bagilaren 8rako egin dabe greba deialdia.

Erredakzinoa

Arratia

Komarkaleko azken botaldia Oban 22an

Pasa dan zapatuan (hilak 15) izan zan Lemoako bolalekuan komarkaleko azken aurreko saioa. Zornotzako Gisetza taldeak irabazi eban eta orain, klasifikazino orokorrean lehenengo postuan dago. Lemoari gitxi faltau izan jakon irabazteko, baina Zornotzako San Miguel taldearen ostetik, hirugarren gelditu zan. Oba barriz, zazpigarren. Halanda be, Lemoako taldeko Iskander Barrenetxeak lortu eban puntuazino onena, 86 puntugaz.
Holan ba, generalean, Lemoa seigarren doa eta Oba hamargarren. Azkenengo bolaleku bietako emoitzen ostean, Obako "Txirpu", laugarren doa Euskadiko sailkapenean eta hamaikagarren komarkalekoan. Aurreko BEGITUn, Asier Petralanda Lemoako taldekoa zala esan bagendun be, Zornotzako Belatxiketa taldeagaz botaten dau eta momentuz, berau be Euskadikorako sailkatuta dago, hamalaugarren postuan. Antzera dabil, bere taldekidea dan Juan Ramon Goti zeberioztarra, hamabigarren postuan.
Azkenengo botaldia, Oban izango da datorren zapatuan, maiatzaren 22an goizez. Orduan jakingo dira, komarkaleko irabazleak nortzuk diran eta Arratiako ze jokalari ikusiko doguzan Artziniegako Euskadiko finalean.

Maite Arrizabalaga

Igorre

Errekearen garbiketea maiatzaren 22an

Maiatzaren 8rako iragarrita baegoan be, aurreko egunetako euria dala eta, errekearen garbiketa eguna maiatzaren 22ra atzeratzea ebatzi eban Igorreko Udalak. Dana dala, programa eta ordutegian ez da aldaketarik egongo. Hau da, parte hartu gura dabenak 10:00etan batuko dira Urbieta fubol zelaian, erabili beharreko materiala jasoteko eta 12:00etan, errekea garbitu ostean, kopautxua egongo da parte hartzaileentzat Olabarrin.

Erredakzinoa

Arratia

V. Iban Mayo Martxa Zikloturista

Maiatzaren 23an, domekaz, Iban Mayo Lagunarteak antolatuta V. Iban Mayo Martxa Zikloturista egingo da Igorreko Udala eta Arratiako Ziklista Elkartearen laguntzeagaz.
Goizeko 09:00etan izango da urteerea Igorreko kiroldegitik, 111 km egingo dabez txirrindulariak eta aurreko urteetan lez partaidetza handia itxaroten dabe. Iban Mayok berak be parte hartuko dauala martxa honetan dinoe lagunartekoak.

Erredakzinoa

Arratia

"Bakerako Plan barria oso ikuspuntu bakarrekoa da"

EAJ-PNVko Euzkadi Buru Batzarreko hezkuntza, kultura, kirola eta euskera arduraduna da Amaia Espinosa arteaztarra, Belen Greavesen laguntzeagaz. Hezkuntzaren inguruan hainbeste gai polemiko egonda, berarengana hurreratu da begitu eta Espinosak aurrekontu murrizketai, hizkuntza ereduai eta Bakerako Planari buruz egin deusku berba.

Aurrekontu murrizketak dirala eta, 25ean greba deituta dago.
Bai. Bada denporatxu bat sindikatu batzuekaz bildu nintzala. Orduan, sinatu eben Funtzino Publikorako akordio bat eta Hezkuntza barruan egoan. Lanpostu finkoen gehiketa bat adostuta egoan. Gaur (hilak 12) arrastian CCOOk eta UGTk sinatuko dabela uste dot. Horren arabera, hasiera baten 5.000 bat lanpostu ziran hiru urtetan finko egingo ziranak, baina atzo irakurri neban sinatuko dirala 3.600 edo. Hemendik 2015 urtera arte bete- tzeko. Alde hori da grebarako puntu bat. Beste puntu bat da prekariedadearena eta ordezkapenena. Ipini gura dabe astebete kubridu barik eta orain uste dot 24 ordu dirala. STEE-EILASekoen arabera, laguntza gehiago eskatzen dabe, batez be hezkuntza publikorako.
Eta momentuz hori da arazoa ez sinatzeko. Ze hasiera baten sinatuta egoan Funtzino Publiko guztiaren barruan sinatuta egoan.

Baina orain, hasierako akordioaren aldean gauza batzuk okerrera egin dabe.
Antza bai, antza okerrera egin dabe, ez diralako beteko edo euren prebisinoak ez diralako sartzean.

Diruaren atxakia hartuta edozer egin daitekeala emoten dau. Esan gura dot gestino kontua dala azken baten. Bosgarren mailako ume guztiai ordenagailu bana ipinten jakie baina personalean aurrezten da.
Ordenagailuen historia honetan lehengo konpromiso bat egon da. Hartu da ebatzi bat eta horreri jarraitu behar izan jako.
Eskola guztietara helduko da, eta ez beti modurik onenean. Emongo dira ordenagailuak, hori eginda dago eta ez dot uste horrek bueltea daukanik. Baina hori dirua da eta murrizketak dagozanez, esan dozun moduan, beste gauza batzuetarako ez da heltzean. Guk ondo ikusten dogu proiektua bera, baina ez dira kontuan hartu zenbait gauza, ze guri heldu jaku eskola askotan eta askotan hori bideratuta egon dala iada, baina beste modu baten. KZ guneetan, ikerketak eginda, programauta, eta hainbat diru gastauta programatan… Baina beste arazo bat be ekarri dau: hainbat eta hainbat bosgarren mailako irakasle ez dago prestatuta horretarako.
Eta ordena etorri zanean esateko bosgarren maila guztiak eukiko ebela ordenagailua, eskola askotan banaketa eginda egoan, nor joango zan bosgarren mailara. Hori klaustroetan egiten da eta irakasle asko ez dagoz prestauta horretarako. Eta ez deutsee aukerarik emon prestatzeko, dirurik ez dagoalako.
IRALEn be egongo dira murrizketak. Murrizketak gauza batzuetarako izango dira. Baina programa bat jartzen badozu martxan baliabide guztiakaz ipini behar da martxan.
Keja asko dagoz.

Hizkuntza ereduai jagokienean be keja asko dago. Atzo bertan, irakurri neban prentsan Eskolak Euskaldundu ekimenak Euskal Herriko Administrazinoai leporatzen deutsela abiatutako ikastereduak euskera berreskura- tzeko prozesua oztopatzen dabela.
Guk aspaldian daukagu ikastereduen inguruan plangintza eginda, eta gure apostua beti izan da eleaniztasuna. Baina uste dogu hori elebitasunaren ganean egin behar dala. Hau da, lehenengo eta behin, oinarrizkoena euskera eta gaztelania maila berean jakitea da eta hortik hiru, lau eta behar diran hizkuntza guztiak. Plangintzaren helburuagaz bat egiten dogu, baina hori praktikan ipinteko moduagaz nahiko kritikoak gara. Gauzak ondo neurtu behar dira euskereak okerrera ez egiteko. Atzera pausurik ez emotea ezinbestekoa da.
Lehena euskerea da. Euskerea dago dagoan lekuan eta gaztelania askoz aurrerago. Indartu behar dana euskerea da, edo behintzat ezin dana da euskerea ahuldu. (Alkarrizketa osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Arratia

Agur denporaldiari

Arratiako lehenengo taldeak izan ezik, beste guztiak amaitu dabe denporaldia. Lemoa seigarren gelditu da 53 puntugaz, eta ligari bakarrrik ez, kopari be agur esan deutsa. Arratiako neskak sailkapeneko hirugarren postuan gelditu eta gero, Bizkaia Kopa jokatzen dabiz, eta aurrera jarraituten dabe, 0-2 irabazi eutsien eta Erandioko neskai. Gazteetan, Arratia seigarren gelditu da 47 puntugaz, eta Lemoa zortzigarren 41egaz. Kadeteak, barriz, pasa dan asteburuan bertan euki eben azken partidua eta gure bi taldeak irabazi egin eben. Hori bai, sailkapenean oso modu desbardinean amaitu dabe. Lemoa azkenaurreko gelditu da eta Arratia lehenengo. Holan ba, Arratiako kadeteak bigarren mailatik lehenengora igoteko aukerea daukie. Eta denporaldia amaitu ez arren, jokoan ezer ez daukana Arratiako lehenengo taldea da. Hamahirugarren da sailkapenean eta barikuan jokatuko dau azken partidua Mungiaren kontra. Gero zapatuan (hilak 22) klubaren 50. urteurrena ospatuteko, Bilbao Athleticen aurkako partidua daukie 18:00etan Urbietan.

Maialen Egileor

Zeanuri

Ganadu eta jente asko San Isidro eguneko ferian

Abelburu eta jente ugari bildu zan San Isidro egunean Zeanuriko Ganaduaren, Artisautzaren eta Nekazal Produktuen XXIX. Azokan.

Ganera, aurten, Zeanuriri tokau izan jako Gorbeiako parkeko feria antolatzea, eta ondorioz, Gorbiealdeko beste herri batzuetako ganaduak erakutsi ziran ferialekuan.
Goizeko lehenengo orduetan lanpar apur bat egin baeban be, egunean zehar eta iluntzera arte ez eban euririk egin, eta jente ez zan bildurtu Zeanurira hurreratzeko.
Inoiz baino abelburu gehiago eta, adituen arabera, kalidade handiko ganadua erakutsi zan herriaren sarreran kokatuta egoan ferialekuan. Eta 2010eko lehenengo sarien irabazleak honako honeek izan ziran:
Behiak: Pirinaiko arraza: Joseba Rekalde; limousine arraza: Julian Ajuriagerra; blonda arraza: Mª Teresa Ozerinjauregi; mestizo arraza: Mª Teresa Bikandi; asturiar arraza: Julen Etxebarria. Behorrak: 1. saria: Fernando Rekalde; zaldia: Mikel Beitia; ponyak: Asier Etxebarria; astoak: Iñaki Iza. Ardiak: 1. saria: Joseba Rekalde; arkaztak: Joseba Rekalde; ahuntzak: Mikel Beitia. Beste sari batzuk: Behi loterik onena: Julen Etxebarria; bigantxa loterik onena: Joseba Rekalde; baserririk txukunena: Jabi Bengoetxea; eta zaletasunari saria: Mikel Jauregi.
Plazan nekazal eta artisau produktuen salmenta egon zan eta goizean zehar erakustaldi desbardinak ikusi ahal izan ziran: ardi-moztea, ardiak eraistea, gaztagintzea eta perraketea, herriko perratokian.
Arrastirako, azken urteotako ohitureari jarraituz, idi-probak antolatu ziran eta era horretan emon jakon amaierea San Isidro egunari.

Jon Urutxurtu

Arratia

Txapeldun eta azpitxapeldun arratiarrak

Igaz sortutako Xegiba Raid taldea (Egoitz Beobide, Xabier Iturriaga eta Gaizka Agirre) hazi egin da Ibai Pinedoren partaidetzeagaz, eta maiatzaren 8-9 astegoineko Picos de Europako proban, Imanol Agirrek eta Amaia Salaberriak be hartu eben parte. Sei kirolari izanda talde bi sortu ebezan: Xegiba, non Beobide, Iturriaga eta Pinedok hartu eben parte, eta Arteaztarrak, Agirre anaiak eta Salaberriak osotutakoa. Arteaztarrak irabazi eben probea eta Xegibak bigarren egin eban.
"Urte honetako espektatibak, Espainiako Ligan dagozan probetan parte hartzea da. Espainiako Ligako 6 probatan hartuko dogu parte, maiatzaren 29an PeƱa Guaran, (Huesca) hasita. Gero Belorado, Calamocha-Benasque, Teva-Madrid, Segovia, edota Gredosen egingo diran probetan be parte hartuko dogu" azaldu deutso begituri Xabier Iturriaga Xegibakoak.
Denporaldia ezin hobeto hasi dabe. Lehenengo proban, IX. Raid Pelayon Abentura mistoa kategorian Arteaztarrak izan ziran irabazleak eta Abentura Gizonezkoak kategorian Xegibak bigarren egin eban.

Euria, aldapa gogorrak, abiadurea eta km asko
Zapatuko probak 3 km patinetan, 18 km mendiko bizikletan, 12 km trekking gehi espeleologia, 3,3 km orientazino espezifikoa, 14 km mendiko bizikleta gehi eskaladea eta piragua eta 8mko saltoa izan ziran. Eta domekan 3 orduz mendiko bizikletea eta trekking-a egin eben raid honetan parte hartu ebenak.
Probak gogorrak baina politak izan dirala dino Iturriagak "Oso ondo joan da astegoiena. Xegiba raid taldekoak oso ondo ibili gara, gure hirugarren raid-a zan eta. Baina Arteaztarren partaide biren, lehengoko proba izan da, eta oso ondo egin dabe. Lehenengokoa izanda eta podiumera igotea oso ondo dago" dino Iturriagak. Asistentziarako, Nagore Agirrebeitia eta Iratxe Gondraren beharra be eskertu gura dau Iturriagak.
Kirolariak babesle bila ibili dira eta Ciclos Yurrebaso eta Kebik babesa emongo deutseela dino Iturriagak. "Udalen, Gorbeialderen eta mankomunidadearen erantzuna itxaroten gagoz".

Erredakzinoa

Zeanuri

San Isidro jaiak, azoka bat eta askozaz gehiago

Ganadu azoka sanisidroetako ekitaldi izarra izaten jarraitu arren, baserritarren jaia ez da daborduko horretara mugatzen.

Maiatzaren 8an hasi zan eta maiatzaren 16ra arteko egitarau oparoa prestau dabe Zeanurin San Isidro jaietarako. Bertan, kontzertuak, bertsolariak, erakusketa bat eta aizkolariak egongo dira. San Isidro egunean, maiatzaren 15a, hamarretan hasita Abere Artisau eta Nekazal Produktuen azokearen XXIX. Edizinoa.

Baserria herrian
Ohi danez, ganaduak ikusteaz ganera, azoka honetan eurekaz lotutako beharrak erakutsiko dabez baserritarrak. Holan ganaduak perratzen, ardiak jaisten, gaztaiak egiten, ardiak mozten, eta idiak buztartzen ikusteko aukerea izango da. Ganera, artxoa erre eta horixe jateko aukerea egongo da.
San Isidro eleizan mezea egongo da 11:00etan eta 12:30ean Arrikibar jantza taldearen saioa. Arrastiko seiretan, urtean urtean jente gehien batzean dauan ekitaldietako bat: idi-probak. Gatikako Tubilla anaien idi nobelak, Zamudioko Bidaurrazagakoak eta Zeanuriko Beretxikortakoak neurtuko dira.

Kontzertuak eta aizkolariak
Musikeak be leku berezia dauka San Isidro jaietan. 14an, Malgosia Ziemkiewicz Zeanurikoaren "Saraband Consort" taldeak antxinako musikearen kontzertua emongo dau San Isidro eleizan. Eta egun berean "Zeanuriko Orfeoia Arratiako altxorra" erakusketea aurkeztuko da.
Urrezko Aizkolarien final laurdenak maiatzaren 16an izango dira.

Zeanuriko Orfeoia gogora ekarteko erakusketea San Isidroetan
Maiatzaren 14an, San Isidro bezperan, Patxi Gonzalezek "Maite" Zeanuriko Orfeioiaren ganeko erakusketea egingo dau. Honen osabak, Jesus Gonzalez abadeak sortu eban Zeanuriko Orfeoia 1941n, eta 1950 ingurura arte oso famadua izan zan. Ikuskizun osoak egiten zituan orfeoi honek orfeoiaren kantaldiez ganera, musikea instrumentuakaz, jantzak eta umorea eskeiniz. 1940 eta 1950 euskal kulturarako urte ilunetan Zeanuri erreferentzia izan zala euskal kulturea berreskuratzeko dino Gonzalezek, "Nire osaba 1941ean Zeanurira joan zan abade eta hara heldutakoan parrokiako korua sortu eban. Hori gero "Zeanuriko Orfeoia" bihurtu zan. Errepertorioa egiten joan ziran eta 1948an osotu zan Zeanuriko "Maite" orfeoia. Izen handikoa izan zan. Arratiako herri guztietan egin zituen ekitaldiak eta gero jirak Euskal Herrian zehar" azaldu deutso Patxi Gonzalez bildumagileak begituri.
Orfeoiagaz batera, Areatzako txistulariak, Ubideko albokariak, jantzariak eta beste asko ibilten ziran. Izan be, ordu biko ikuskizuna eskeintzen eben. "Ekitaldi guztietan egiten zituen hiru zati: kantak, jantzak eta umorea. Eta oso famadua izan zan Ocurrencias y susedidos de Arratia. Oso goraipatua izan zan hori" dino Gonzalezek.

Argazkiak eta dokumentuak
Erakusketan, orduko argazkiak, 100dik gora, eta egunkarietan ateratako kronika eta kritikak batzean dira. Baita programak eta beste dokumentu batzuk. Ganera liburu-katologo bat be egin dau Gonzalezek maiatzaren 14an aurkeztuko dauana.
Igorren be egongo da ikusgai erakusketa hau bagila aldera eta Zornotzan be egin gura dau Gonzalezek Zornotzako jente asko egoalako Orfeoian eta Jesus Gonzalez bera be Zornotzako semea zalako.
BBK, Zeanuri eta Igorreko Udalen laguntzeagaz antolatuta dago erakusketea.

Erredakzinoa

Areatza

Kolorez Kalera

KOLOREZ KALERA proiektuari amaierea emoteko eguna heldu da. Horretarako, Areatzan makro-jaialdi bat ospatuko da maiatzaren 16an, 11:00etan hasi eta 17:00ak arte.
Proiektuak Amarauna sarean dauka sorburua, Aisialdi alkarteon arteko komunikazinoa, hartu-emona, jarduerak, jolasak eta ekintzak trukatzeko gunean hain zuzen be.
Intxorta, Adaxkak, Astindu, KirikiƱo, Kimuak eta Arratiako Zaztaparrak asti taldearen artean antolatu dan eguna izango da. Beraz, Elorrio, Barakaldo, Zornotza, Laudio, Iurreta eta Arratiako haur eta gazteak bertan alkartzeko aukera izango dabe.
Esan bezala, 11:00etan hasiko dira ekintzak. Lau txoko egongo dira: adierazpen askearen txokoa, ludoteka txikia txikienentzat, joko tailerrak eta kale jolasak.
13:00etan Areatza ezagutzeko "Altxorraren bila" jolasa egingo da eta honen ostean, 14:30etan, bertaratutako guztiak frontoian bazkalduko dabe. Jatekoa norberak eroan behar dau etxetik.
Bazkalostean barriro be martxan hasiko dira gazteak Areatzako plazan karaoke bategaz. Antolatzaileak dei egiten deutsee Arratiako umeai animau eta parte hartzera haur eta gazteen topaketetan.

Irune Garzia

Arratia

Malgosia Ziemkiewicz Zeanuri eta Igorren

Saraband Consort antxinako musika taldeak kontzertua eskeiniko dau hilaren 14an, 20:00etan, Zeanuriko San Isidro eleizan eta hurrengo egunean Igorreko Kultur Etxean gaueko hamarretan izango da emonaldia. Ben Bayl-en zuzendaritzapean zortzi musikarik osotuten dabe taldea, Malgosia Ziemkiewicz zeanuriztarra tartean. Kontzertuak doban izango dira.
Ez da lehenengo aldia Erresuma Batuko talde hau Euskal Herrian ikusteko aukerea daukaguna. Izan be, igaz Euskal Herritik egindako jiran Arratiatik pasau ziran.

Europan zehar
Saraband Consort York Early Music Festival-eko "International Young Artists" lehiaketan finalista izan zan, eta horren ondorioz hurrengo urteetan bertan kontzertua jotera, eta New College Oxford-eko koruagaz jotera be konbidatu zituen. Bilboko Aste nagusiko kontzertua, Euskal Herritik eta Kroaziatik egindako jirak, London city of Music Society-n emonaldia eta Jesus College Choir Cambridge, the Choir of St. Bride’s Fleet Street eta Leicestershire Chorale-kaz emondako kontzertuak dira talde honek egindako emonaldi batzuk.

Erredakzinoa

Lemoa

Prefabricados Lemonako beharginak greban

Maiatzaren 10etik, Prefabricados Lemonako beharginak greba mugagabean dagoz, lan hitzarmena negoziatzeko. Izan be, ā€œhitzarmena 2008ra artekoa zan eta harrezkeroztik enpreseak probintziala aplikau eta hau be 1999ko danez, Espainaiko lan hitzarmena aplikau gura dauā€ azaldu deutso BEGITUri Aitor Garriga ELAkoak. Honek, urtean 80 lanordu gehiago esan gura dau sindikatuaren arabera. Prefabricados Lemonan 45 behargin inguruk egiten dabe behar. Horreetatik 32 dagoz greban.
Portland Valderribas taldea da Prefabricados Lemonaren jabea. ā€œGuk egoreagaz bat egiten dauan hitzarmena gura dogu. Portland Valderribasek milioi asko irabazi ditu adreiluaren boom-ari esker, eta orain garrikoa estutu gura deutse beharginai, Euskal Herriko beharginen lorpenak ezabatuzā€ dino Garrigak.

Erredakzinoa

Arratia

Denporearen erabilerearen ganeko berbaldia

Emakundek antolatutako Bardintasunerako Foroaren barruan, Igorreko Udalak "Era desbardinean erabilten dabe denporea emakumeak eta gizonak?" izeneko berbaldia antolatu dau maiatzaren 12an, arrastiko zazpiretan Kultur Etxean. Berbaldia emoten eta ondorengo eztabaida gidatzen Matxalen Legarreta EHU-ko irakaslea izango da.
Emakumeak eta gizonak denporea desbardin erabilten daben aztertzeko eta eztabaidatzeko aukerea "benetan interesgarria iruditzen jaku, denporearen erabilera desbardinak eragiten ditu eta emakume eta gizonen arteko desbardintasun egoera nabarienetakoak" azaldu eban Idoia Legarreta genero gaietan adituak.
"Denporea aldi berean unibersala eta mugatua dan errekursoa da: egunak 24 ordu ditu. Adinak, gizarte estatusak, lan merkatuan daukagun parte hartzeak eta generoak, beste gauza batzuen artean, denporearen erabilerak baldintzatzen ditu, gizarte desbardintasunak indartu eta erreproduziduz" dino Legarretak.

Marcela Lagarderen ganeko tailerra Areatzan
Bestalde, Marcela Lagarde antropologo feminista eta Mexikoko Unibersidadeko katedradunak hitzaldia emongo dau Areatzan maiatzaren 26an. Hori dala-eta, Areatzako Emakume Foroak Lagarderen pentsamentu eta lanaren ganeko tailer bat egingo dau maiatzaren 11n, arrastiko 19:00etan Udal Aretoan.

Erredakzinoa

Lemoa

Udabarrian kulturea loran

Maiatzaren 10etik, 22ra kultura hamabostaldia izango da Lemoan. Udalak eta eskolak hainbat ekintza antolatu dabez: musikea, berbaldiak... baita be auto klasikoen museora bisitea. Hemen egitaraua.

Maiatzak 10, astelehena
20:00etan, Lemoako abesbatza eta Bilboko San Anton abesbatzen kon- tzertua eleizan.

Maiatzak 11, martitzena
19:00etan, "Oreka TX" frontoian.

Maiatzak 13, eguena
19:00etan, Aritza Bergara Euskal Herriko Mitologia. Jentilen Aztarnen atzetik liburua eta DVDaren aurkezpena jubilatuen etxeko 1. solairuan.

Maiatzak 14, barikua
Arrastian, Josu WaliƱo: Literatur Solasaldia eskolan.

Maiatzak 17, astelehena
19:00etan, Julian Iantzi jubilatuen etxeko 1. solairuan.

Maiatzak 19, eguaztena
JB Eguskiza Meabe ikastetxeko ikasleen emonaldia frontoian.

Maiatzak 20, eguena
Arratia Musika Eskolako ikasleen kontzertua eleizan.

Maiatzak 22, zapatua
"Sopuerta Abenturara" urteerea.
Galdameseko Auto Klasikoen eta Antxinakoen Museora bisitea.

Erredakzinoa

Igorre

Jazz, Matissen erakusketea

Henri Matisse, margolari frantziarra, ezagun egin zan bi arrazoirengaitik: marrazki erraz eta oparoa egiten ebalako batetik, eta egiten eban kolorearen erabilpenagaitik, bestetik. Marrazkilari, eskultore, grabatzaile... baina batez be margolaria izan zan Matisse, XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetakoa izan zan Pablo Picassogaz batera. 20 urte bete orduko ospetsua zan kolorearen erabilerak erakusten eban maisutasunagaitik. Trebezia hau mende erdiz egindako itzelezko produkzinoan zabaldu eban bere burua arte modernoaren ikur nagusienetako bihurtuz. 1940ko hamarkadan bere oihalen koloreak ausartagoak bihurtu ziran, geroagoko gouache-i (margoztutako paperak ebagi eta pegetan zituan) bidea zabalduz. Teknika honegaz egindako serierik ospetsuena dago JAZZ izeneko Igorreko Kultur Etxean ikusgai maiatzaren 26ra arte.

Erredakzinoa

Arratia

Arratiako Txapelketea Zeanurin maiatzaren 9an

Bi urterik behin izaten da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta beronen helburu nagusiak euskaldungoaren arreta bereganatzeagaz batera, Bizkaian bertsolaritzea sustatzea, bertsozaletasuna zabaltzea eta bertsolarien promozinoa bideratzea dira. Lurralde osora heltzea be bada helburu eta, horretarako, aurreikusitako hamazazpi bertso-saioak orekaz banatu dabez eskualde guztietan.
Azken Bizkaiko Bertsolari Txapelketako egiturea mantenduko dau 2010ko Txapelketak be. Hau da, Eskualdeetako txapelketak izango dira udabarrian. Gurean Zeanurin izango da eskualdeko finala maiatzaren 9an Zeanuriko Kultur Etxean arrastiko 17:30ean. Udagoienean Bizkaiko Txapelketa jokatuko da. Horixe esan eben maiatzaren 3an txapelketea aurkeztuteko Bilbon Karmelo Uriarte Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak, BFAko Miren Dobaran eta BBKko Gorka Martinezek, besteak beste, emon eben prensaurrekoan.
Lehenengoz, zortzi eskualdetan bananduko da Bizkaia. Aurtengorako 72 lagunek emon dabe izena, lau arratiar euren artean, EƱaut Intxaurraga, IƱaki Iturriotz, Irati Astondoa eta Illart Gumuzio. Kontuak holan, honeek dira eskualdeak: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta.
Txapeldunak zuzenean sailkatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako eta, ganerakoak, lehen atalean lortutako puntuen arabera.

Epai-mahaia
Epaimahaia Bizkaiko Bertsozale Elkarteak izentatzen dau. Holan, eskualde danetan baldintza bardinetan epaitzen dala ziurtatzen da. Epaile taldeko kideetatik lau epaile eta ordezko bi izentatzen dira eskualdeetako finaletarako.
Aurtengo eskualdeetako txapelketetan honeek izango dira epaileak: IƱaki Aurrekoetxea, Gorka Intxaurbe, IƱigo Gojenola eta Jurgi Fuentes.
Bizkaiko Bertsozale Elkartea da txapelketa honen antolatzailea, baina euren esanetan "ezinezko izango jakun maila honetako txapelketea antolatzea, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk emoten deuskuen laguntza barik. Aitatzekoa da, baita be, lekuan lekuko Udalen laguntzea, saioen zabalkundean lagungarri doguzan lekuko komunikabideena zein bertso-eskolena".

Webgunea
Hemendik aurrera, urtero, www.bizkaikotxapelketa.biz helbidean topauko dozue txapelketearen ganeko informazino oso eta eguneratua. Baina ez bakarrik txapelketearen barri, Bizkaiko bertsolaritzaren plaza izatea gura dabenez bertsozaleen bideo, argazkiak etabar ere plazaratuko ditue. Webgunean Arratiako txapelketea dala eta Joseba Rodriguez eta Ibon Izak egindako bideoa dago.
Txapelketea dagoan urteetan zein txapelketarik ez dagoanean egongo da martxan. Izan be, bertso-eskola, irakasle zein norbanakoantzat lagungarri izan leiteken datu-base garrantzitsu bihurtu gura dabe webgunea. Sare sozialetan be izango dira.

Erredakzinoa

Areatza

Udabarri jaia lehenengo aldiz Areatzan, maiatzaren 8an

Areatzako Frakazuri Gazte Asanbladak antolatu dau eguna eta bertako partaidea dan June Iturriagak azaldu dauan bezala, "helburua herrien arteko harremanak sendotutea eta egun polit bat pasetea da".
Herrien arteko olinpiadakaz emongo deutsie hasierea egunari goizeko 11:00etan. Herritik zehar bananduta egongo dan "ginkana" baten hartuko dabe parte Arratiako hainbat alkarte eta taldek.
Bazkal aurretik triki-poteoa egongo da herritik zehar, 13:30etan hasita, gero 15:00etan bazkaria. Arrastiko 19:00etan Arratiako musika taldeen maketearen aurkezpena hasiko da eta maketa honetan parte hartu daben Esti eta Olatz, Jaik, Larregi, MG eta Zaustuk kontzertua emongo dabe Areatzako Laminetxe Gaztetxean. Eszenatoki bi ipiniko dabez honetarako, bata kanpoan eta bestea barruan. Afaltzeko bokatak egingo dabez gaztetxean.
Plan ona ta giro ezin hobea itxaroten dabe antolatzaileak hurrengo zapaturako. 02:30etan etxera autobusez bueltetako aukerea egongo da Areatzatik Arratiako herrietara.

Irune Garzia

Arratia

Institutuko ikasleak sortutako antzezlanak ikusgai

"Zugan ni" Antzerki Jolas Guneko hirugarren edizino hau maiatzaren 7an zarratuko da Igorren. Inguruko institutuetako zazpi taldek antzezlanak sortu eta taularatu ditue MarkeliƱek antolatuten dauan antzerki jardunaldi honeetan. Azkenengo saio biak Igorren izango dira eta bertan Arratia Institutuko talde bien lanak ikusteko aukerea izango da. Ganera, hilaren 7an, sari banaketea be egingo dabe Igorren.
Durangoko San Agustin Kultur Gunearen, Zornotza Aretoaren, Elorrioko Arriola Kultur Aretoaren, Igorreko Lasarte Aretoaren eta Iurretako Kultur Etxearen lankidetzaz, MarkeliƱe antzerki taldeak zuzendutako proiektua da "Zugan ni". Eskualdean, 14 eta 18 urteko gazteen artean arte-sorketa eta antzerki ikuskizunen antzezpena sustazea dauka helburu.
Ikasturtean zehar, MarkeliƱekoak eskolak emoten deutseez horretan izena emon daben ikasleai. Ikasleak antzerki obra bat taularatzeko behar diran lan guztiak egiten dabez: antzelana bera sortu, dekorauak, jantziak, eta abar. Arratia Institutuan talde bi ibili dira horretan eta lan horren guztiaren emoitza, Lasarte Aretoan erakutsiko dabe, inguruko beste institutuko taldeakaz batera.

Arratia Institutua Lasarte Aretoan
Aprilaren 28tik, parte hartzean daben gaztetxuak Zornotza, Elorrion eta Iurretan erakutsi dabez eurak sortutako lanak. Maiatzaren 5ean, Igorren talde bi izango doguz: Arratia Institutuko talde bat eta Zornotzako beste bat. Arratia Institutuko nagusiak "Makal azpian" antzeztuko dabe eta Zorrontzakoak, "TB Show".
Jaialdi honeri amaierea hilaren 7an emongo jako. Egun horretan hiru antzezlan ikusteko aukerea izango da Lasarte Aretoan eta gero sari banaketeari ekingo deutsie MarkeliƱekoak.
Lanok, Elorrioko gazteen "Orban gorria", Arratiako beste taldearen "Famatuen terapia" eta Arratia Institutuko nagusien "Makal azpian" izango dira. Sariai jagokienean, "Zazpi taldek hartu dabe parte eta bakotxak aitamen berezi bat jasoko dau (jantziak, argiak…) eta ikuskizun onenari sari nagusia emongo jako" azaldu deutso begituri Olaia Larruzea MarkeliƱekoak.

Erredakzinoa

Arratia

Zinekluba Igorren

Igorreko zineklubak hile birik baten antolatzen dau film-ziklo bat, maiatzekoa Akira Kurosawa zuzendariaren ganekoa izango da. Zinemagile japoniarra jaio zaneko ehungarren urteurrena dala-eta, bere hiru lan ikusteko aukerea izango da Igorreko Kultur Etxean.
Lehenengo filma maiatzaren 6an: Rashomon (1950). Veneziako zinemaldia irabazi eban lan horregaz hasi zan ezagun egiten Kurosawa mundu mailan.
Hurrengo astean, hilaren 13an, Yojimbo (1961) ikusteko aukerea eukiko dabe bertaratutakoak. Filmaren ostean, tertuliatxua izango da Arkaitz Basterra zine-zuzendariagaz, ikusitako lanaren eta egilearen ezaugarriak aztertuteko.
Azken filma, Los siete samurais klasikoa (1954), maiatzaren 20an izango da. Hiru emonaldiak 20:00etan hasiko dira.

Erredakzinoa

Arratia

Boroa-Igorre trazadurearen proiektuari alegazinoak

Boroa-Igorre saihesbidearen proiektuaren trazadurea ikusgai dago Lemoako Udaletxean eta interesdunak, ordua aldez aurretik hartuta, teknikariaren laguntzeagaz ikusteko aukerea daukie. Igorren, barriz, proiektuak Urkuzu auzuneari ikutzen deutso 30 bat auzotarreri eraginez. "Batzuk etorri dira eta etorri ez diranai geuk deituko deutsagu azaltzeko zelan eragiten deutsen proiektu honek" azaldu deutso begituri Galder Olibares Igorreko alkateak. Planoak eskuratutakoan, Igorreko Kultur Etxean ipiniko dabezala jenteak ikusi ahal izateko dino alkateak. Alegazinoak maiatzaren 12ra arte aurkeztu ahal dira.

Obra handia
Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak esan eban Igorre-Arantzazu saihesbidearen inaugurazinoan ha ez zala azken obra handia izango eta Boroatik Igorrera joango dan errepidearen proiektuan lanean egozala. Martiaren 24an, Bizkaiko Foru Aldundiak behin-behineko onarpena emon eutsan proiektu honeri. Errepide hau egiteko 35 hilabeteko lanak aurreikusten dira eta 135.185.431,27 euroko aurrekontua, BAOn jasota agertzen danaren arabera.

Erredakzinoa

Arratia

Danon garaipena

Atxilotu ebenean, Guardia Zibilek galdetu eutsien Martxelo Otamendiri ia zelan euki eikean hain "nomina potrosoa", eta hain kotxe zaharra. Bere etxea mierda bat zala esan eutsien, bera be mierda bat zala, egunkari bateko zuzendari batek ezin ebala hain bizimodu miserablea eroan. Jo egin eben, ariketak egin arazo, eta irain homofoboak jasan behar izan ebazan. Eta esan arazo eutsien Espainia zala Finisterretik Rosasera eta Irunetik Algecirasera.
Horrek frogatzen dau ez dakiela ezer, informazino okerragaz dabizala.
Espainia da, batzutan, Ankaratik Tel Aviv-era doan Estadu polizial bat.
Benetan miserableak, ostera, beste lanbide batzuk dira, ez "Euskaldunon Egunkariako" langile izatea. Luis del Olmo epaile txit gorena Murtziako audientzian ei dago orain. Espero daigun inoiz ez bueltetea, zoriontsua izatea emaztearen ondoan. Sistema honegaz, horratio, bata bestearen erruak tapetan dabezan epaile, politikari eta kazetariakaz, ezin geinke itxaron bere prozesamentua, "prebarikazinoagaitik".
Estaduak, batzutan hain potentea emoten dauan horrek, lupetzezkoak daukaz hankak. Espainiako Audientzia Nazionalean eretxi eutsien derrigor izan behar dauala terroristea Volkswagen Polo bat eta mileurista soldatea daukan zuzendaria. "Hori beste zeozertan dabil", pentsau eben, "honeek terrorismoa diruz laguntan dabe". Gero prestatzen dabez frogak, gero zu zara frogatu behar dozuna ez zarala. Baina historia luzea da, eta halako argumentuetan oinarritutako gerrea galdu egingo dabe. Hasi dira galtzean Katalunian, Madrilen, Europa osoan. Eta egunen baten onartu beharko dabe Aturritik Ebrorako jenteak erabakiko dauala non hasten dan, eta non bukatzen, Espainia deitzean dan amesgaiztoa.

Igor Estankona

Arratia

BEGITUren ganeko inkestea

"Egun on, begira urlia naiz eta begitu aldizkaritik deitzen dizut. Inkesta txiki bat egiten ari gara jendeak begitu aldizkaria ezagutzen al duen eta aldizkariari buruzko iritziak galdetzeko. Arratiako 900 etxebizitza aukeratu ditugu zotz eginda eta zurea izan da aukeratuetako bat. Izango al zenuke gure galderei erantzuteko 10 minutuko tartetxo bat?" Gitxi gorabehera berba horreek entzungo dabez telefonoa hartutakoan Arratiako 900 lagunek.
Eusko Jaurlaritzako HEHOBA deialdiko diru laguntzari esker, Aztiker enpresea ikerketa sakona egiten dabil. "Behin baino gehiagotan saiatu gara inkestak egiten zelangoa dan gure irakurlea eta zer irakurten dauan jakiteko, baina beti arrakasta gitxigaz. Aukera hau sortu zanean ez genduan dudarik egin" azaldu deutso BEGITUri Urtzi Barrenetxea ZERTUko idazkariak. Izan be, inkestearen helburua irakurlearen interesak jakitea da eta horretarako, alde batetik irakurlea ezagutu behar da eta bestetik, ea begitu irakurten dauan, zelan eta zein sail interesetan jakozan gehien jakin.

Irakurlearen erretratua
Irakurlearen eta begituren argazkia egiten saiatuko da inkesta hau. Horretarako lehenengotik datuak eskatuko jakiez inkestatuai eta euren euskera mailaren barri be galdetuko da. Ostean aldizkariaren ganeko eretxia eskatuko jakie: edukiak, erabilitako euskerea eta etxeetarako irismena balorau beharko dabez beste gauza batzuen artean. Eta balorazinoa emoteko orduan zein arrazoi euki dauan pisu gehien be galdetuko jakie inkestatuai: gustura irakurten dan aldizkaria izatea ala euskera indartuten dauan aldizkaria izatea.
Zortzi urte daroaz begitu aldizkariak arratiarrai bertako informazinoa euskeraz emoten. Inkesta honek begitu eta begituren irakurlea alkar hobeto ezagutzeko eta komunikazinoa hobetuteko balioko daualakoan dagoz ZERTUkoak. Gitxienez beste zortzi urtetan jarraituteko.

Erredakzinoa

Arantzazu

Kolorez Kalera Arantzazun

BEGITUn agertu zan bezala, Zaztaparrak Asti Taldeak martiaren 27an emon eutsan hasierea KOLOREZ KALERA proiektuari Diman. Bigarren jolas eguna ostera Arantzazun antolatu dabe, aprilaren 24an, goizeko 11:00etatik aurrera. Jolasak Arantzazuko plazan hasiko dira.
Maiatzaren 16an ostera makro-jaialdi bat antolatu dabe KOLOREZ KALERA proiektuan parte hartzean daben alkarte Bizkaitarrak. Hau jaialdiau Areatzan ospatuko da.

Irune Garzia

Arratia

LABURBIRA Film Laburren Zirkuitua Arratian

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak urtero antolatzen dauan Film Laburren Zirkuituaren zazpigarren edizinoan, parte hartuko dabe Areatza eta Igorrek. Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzinoa ezagutarazo eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua dauan zirkuituak LABURBIRA izen propioa hartu dau aurten.
LABURBIRAk 28 emonaldi eskainiko ditu Euskal Herrian. Gurean, Ganoraz Euskera Elkartearen eskutik Areatza eta Igorren izango dira emonaldiak aprilaren 23an, Igorren goizeko 11:30ean Lasarte Aretoan Institutuko ikasleentzat eta Areatzan 20:30ean Udal Aretoan. Hurrengo astean, aprilaren 30ean, Igorren emongo dira barriz arrastiko 20:00etan publiko guztiarentzat Lasarte Aretoan.

Bederatzi ikus-entzunezko ordubete inguruan
Bederatzi ikus-entzunezko eskainiko dira, danak be 2009koak. Aurreko edizinoetan bezala, honetan be ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile barriak kontuan hartzeako. Halan, Telmo Esnal edota Koldo Almandoz bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baita oraindino hain ezagunak ez diran Estibalitz Ariz, Itziar Faido eta Urko Mauduit zuzendarienak be.
Aurtengoan ganera, arratiar talde batek egindako "Esaiok" filma dago ikusgai. Film honek Igorreko II. Laburmetraje lehiaketea irabazi eban igaz. Igorreko Kultur Etxeak antolatutako film laburren tailerrean egin zan Arkaitz Basterraren gidaritzapean eta Joseba Rodriguez, Juan Totorika, Iban Uriarte eta Ekaitz Zabala arratiarrak izan ziran "Esaiok" filma egin eben batzuk. Areatzako emonaldia amaitu ostean bertaratutakoen galderai erantzuteko bertan izango dira Arkaitz Basterra eta goian aitatutako egileak.
Aurreko edizinoetan lez, 2009ko abenduan Bermeon egin zan Kameratoian, Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyan, saritutako lanetako bi sartu dira tartean be. Egile zein ikus-entzuleentzat, LABURBIRA parebako aukerea da euskerazko produkzinoa ezagutarazoteko, eskaintzea herri askotara zabalduz.

Erredakzinoa

Arratia

Erabilitako liburuen azokak Liburuaren Egunaren inguruan

1995ean UNESCOk aprilaren 23a Liburuaren Nazinoarteko Eguna izentau ebanetik leku askotan ospatuten da egun hau eta gurean be bai. Hori dala-eta, irakurketea eta idazketa literarioa bultzatzeko hainbat ekimen antolatu dira Arratian.

Liburu azokak
Liburu azkokak antolatuko dabez Bedian eta Zeberion. Bedian, hilaren 16 eta 23 bitartean, liburu erabilien merkatu txikia egingo dabe liburutegian jenteak eroandako liburuakaz. Hilaren 26tik 30era "liburuak kalean" izango dira. Izan be, jenteak emondako liburuak doan egongo dira eskuragarri leku publiko eta komertzioetan.
Zeberion be egongo da liburuak merke erosteko aukerea erabilitako liburuen azokan eta batutako dirua Saharako eskoletara bialduko da. Hau domekan egingo dabe, hilaren 25ean, plazan, eta honegaz batera Zeberioren ganeko liburuen erakusketea eta irakurketa txokoa be egongo dira.
Idazketea be bultzatzen
Lemoan, liburuaren eguna ospatuteko Lemoako idazle txikien saritutako lanen liburuxkea bananduko da. Lemoako Haur eta Gazteen IX. Ipuin Lehiaketaren irabazleen lanak jasoten dira bertan.
Gorbeialde Irratiaren "Liburuen Txokoa" saioak antolatutako 18 urte artekoentzako narrazino lehiaketeak be egun horretan dauka lanak aurkezteko azken eguna. Epaia maiatza amaieran emongo da eta saritutako lanak irratian irakurriko dira bagila aldera.

Erredakzinoa

Bedia

Alfus-ekoak, kaleratutako 13ak lanera itzultzeko greban

Alfus-ek Bedian daukan enpresako beharginak greba mugagabean dagoz, kaleratutako 13 beharginak lanera itzuli daitezala eskatzeko. "Martiaren 31 eta aprilaren 7 eta 8an greba egunak egin ziran eta aprilaren 12tik aurrera greba mugagabea" azaldu deutso begituri Alex Azpiri LABekoak. Ganera, Alfusek Bilbo eta Algortako egoitza nagusiaren aurrean agerpenak egin dabez.
UGT ez dago ados greba honegaz. Bide judizialari ereizten deutsie egokien eta epailearen ebatziaren zain dagoz. "Kaleratuak modu ez legal baten kaleratu dabez. Izan be, plantillaren %10 baino gehiago kaleratzeko erregulazino espedientea behar da eta enpreseak ez dau aurkeztu erregulazino espedienterik. Beharrezko erreklamazinoak aurkeztu doguz" azaldu deutso begituri Agustin Recio UGTkoak.
FCC multinazionalak Alfus erosi ebanetik "gauzak asko aldatu dira. Ebatziak Madrilen hartzean dira, hemengo beharginen egoerea kontuan izan barik" dino Reciok.

Erredakzinoa

Arratia

DBH Lemoan emoteko proiektua dago

Gure eremuko udaletxeko, eskola eta Institutuko ordezkaritzak batzarrak daukiez etenbarik aspaldion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegaritzan, ikastetxeak ikasleen gorakadeari moldatuteko.
Eskolak txiki geratu dira herri gehienetan eta Institutua be txiki geratuko da ikasle guztiak hartzeako. Hori dala-eta, Bedia eta Lemoako ikasleak DBH Lemoan egiteko proiektua dago.
Konturatuta urte bi edo hiru barru Arratia Institutuak ezingo ebazala ikasle guztiak hartu guraso eta irakasleen artean ezinegona sortu zan. Ezinegona handitu egin zan Bedia eta Lemoako ikasleak Zornotzara bialduko ebezala zurrumurrua sortu zanean. Delegaritzan, baina, Lemoako lokalak aprobetxetako proiektua dagoala jakinarazo eutseen Institutukoai aprilaren 15ean.
Holan, Arratia Institutuko Zuzendaritza, Lemoako Eskoletako Zuzendaritza eta Hezkuntza Delegaritzak adostu beharko dabe hori zelan gauzatu. Prozesua urte bi edo hiru barru hasiko da. Lehenego urtean DBH1 ezarriko da, hurrengoan DBH1 eta DBH2 egongo dira eta holan DBH osoa ezarri arte. Batxilergoa Arratia Institutuan mantenduko da. (Barri osoa BEGITUn)

Erredakzinoa

Igorre

Tutore bat gehiago behar dabe Igorreko eskoletan

Urte biko gelarako 39 umek emon dabe izena datorren ikasturterako Igorreko Inazio Zubizarreta eskoletan. Edade horretako umeen kopurua gelako 18 da, beraz hiru tutore behar dira. Martiaren 8an, hirugarren tutore hori ez ebela bialduko jakinarazo eutsien posta elektronikoaren bidez Hezkuntza Sailetik Igorreko eskoletako zuzendariari. Hala be, ume guztiak onartutea ebatzi eban klaustroak. Beste ume bik emon dabe izena epez kanpo eta 40 umetik gora egon ezkero, hirugarren tutorea bialduko dabela agindu eben Hezkuntza sailetik. Baina hori ez dago idatzita eta konpromiso hori idatziz jasoteko eskatzen deutsie Inazio Zubizarreta eskoletako klaustroa eta gurasoak Marcelino Hernandez Ikastetxeetako Zuzendariari.
"Zezeilaren 23an, Hezkuntza Sailekoak esan euskuen bialduko zituela hiru tutore, baina martiaren 8an lau egun falta ziranean behin-behineko zerrendak aterateko, ez zala onartuko hirugarren tutore hori esan euskuen. Gela bitan sartzeako umeak edo baremazinoa egiteko. Gela bitan sartu ezkero, 19 ume egongo dira gela baten eta 20 beste baten. Barematzeak esan gura dau hiru ume geratuko dirala kanpoan" azaldu deutso begituri Eva Martinez Inazio Zubizarreta eskolako zuzendariak. (Barri osoa BEGITUn)

Erredakzinoa

Ubidea

Ubideko Bira 2010

Aprilaren 18an izango da aurtengo Ubideko Bira. Betiko moduan ibilbide bi izango ditu: laburra 18 km.koa eta luzea 30 km.koa. 08:00etan urtengo dira ibilbide luzea egin gura dabenak eta 08:30ean ibilbide laburra egitekoak diranak. Izena bertan emon daiteke 07:30etik aurrera edo aldez aurretik interneten bidez. Amaitukeran, betiko lez, sagardoa kupeletik eta mokautxua.

Ibilbide luzea Gorbeiatik
Ibilbide laburra, Ubide-Oketa-Muruako harrobiak (horniketea)-Atxurdin-Ubide izango da. Luzeak, barriz, lehenengo zatia bardina izango dau eta Muruako harrobietara heldutakoan, mendizaleak Gorbeiarako kurutzera, handik EgiriƱaorara, Arimekortara (bigarren horniketea) eta Ubidera joko dabe.
"Luzea gogorra da, Gorbeiako kurutzeraino heltzean da-eta. Arimekortan egongo da indarrak hartzeako lekua. Laburra menditik paseo bat emoteko aproposena, 18 km. aldapa handi barik. Ibilbide polita umeakaz egiteko" dinoe antolatzaileak.
Amaitukeran, saldea, sagardoa txotxetik, txorizoa eta gaztaia. Eta Ubideko produktuak dituan otzara baten zozteketea.

Interneten bidezko izen emotea
Plazan bertan abiatu aurretik edo interneten bidez egin daiteke izen emotea. Horretarako, ubidekobira.es.tl webgunea edo ubidekobira@gmail.com helbidea dagoz. Bost euro da izena emotea eta agerian eroan behar dan zenbaki bat jasoten da.
Urtero lez, Ubideko Biraren argazki lehiaketea egongo da. Antolatzaileak ibilbidean argazkiak egitera eta lehiaketan partea hartzera konbidatzen dabe.

Erredakzinoa

Dima

Dantzari Txiki Eguna Diman

Aprilaren 18an Dimako Gazte Barri Dantza Taldeak antolatuta Dantzari Txiki Eguna ospatuko da. Arratiako taldeak, Dima, Lemoa, Zeanuri eta Igorrekoak, zein kanpokoak Errenteria eta Beasaingoak bilduko dira. 11:00etan batuko dira plazan, 12:00etan kalejirea egingo dabe, 13:00etan jantza erakustaldia izango da eta 14:30ean bazkalduko dabe frontoian. Arrastian be beste jantza saio bat egongo da 16:30ean eta 17:30ean jaiari amaierea emongo deutsie JOKALDI taldearen erromeriagaz.

Erredakzinoa

Arratia

Musikaterapia zentru baten proiektua Areatzako Elorribin

Elorribi izeneko Carles Perezen etxean musikea modu terapeutikoan erabilten dabe. Izan be, bera musikaterapeuta eta musikaria da eta Aitor LoroƱo medikua eta Maite Falcon psikologoagaz batera musikaterapia zentru bat dauka Bilbon. Baina Arratiatik hurrago dagozan gaixoak etxean hartzean ditu Perezek. Musikaterapia musika tresna tradizionalakaz eta Baschet-en soinudun eskulturakaz. Horrezaz ganera, ikastaro eta tailerrak be emoten ditu musikaterapeuta honek.
Hilaren 7an, Carles Perez eta Andreu Ubach-ek soinudun eskulturak aurkeztu zituen Arratiako jentearen aurrean. Aurkezpenean, Areatzako Udaleko ordezkariak Tere Etxebarria eta Damian Agirrremota, Asier Garcia musikaria, Aitor LoroƱo medikua, tailerratako ikasleak eta Arratiako jentea bildu zan besteak beste. Guztira 20 persona inguru.
Lehenengotik Carles Perez eta Andreu Ubach-ek kontzertua emon eben eskultura honeekaz, eta gero, jentea ipini eben joten "helburua ez dalako norberak dakiana erakustea besteak egin daikeana baino" esan eban Perezek

Soinudun eskulturak
Tresna edo eskultura honeek Baschet anaiak asmatu zituen 1952an. Egiten daben musikea "musika notak baino gehiago soinu-koloreak dira, sekuentziak. Musika jakin barik musikea egiten da, modu sozial baten. Tresna bera be, sano ikusgarria da, eskultura baten antza dauka" azaldu eban Perezek. Hamalau tresnak osotuten dabe instrumentariuma... (barri osoa BEGITUn)

Erredakzinoa

Arratia

Arratiako basogintzea ikertzen

Haritza Iturbe, Jose Luis Atutxa eta Garikoitz Bernaolak Arratiako basogintzea dagoan egoera larritik aterateko baliagarri izan gura dauan liburua idatzi dabe eta kalean da. Liburuaren aurkezpena aprilaren 16an izango da arrastiko 20:00etan Igorreko Kultur Etxean.
Arratiako Basogintza. Zenbait espezieren azterketa teknikoa liburuan, egileak Arratiako basogintzearen diagnostikoa egiten dabe hamasei espezie ikertuz eta lurraren osaketea, altuerea eta oraintazinoa aztertuz. Liburuak 180 orrialde daukaz eta Ilintia Kultur Elkarteak argitaratu dau.
Basoak daukienezantzako sano liburu praktikoa. Espezie bakotxeko fitxa bat dago eta Arratiako mapan kokatzen dabe lursail aproposak eta ez aproposak zeintzuk diran azalduz.
Eremu egokietan hostozabalak landatzea proposatzen dabe egileak, intxaurrondoa edo gereziondoa, berbarako, kalidadeko egurra egiteko. Izan be, Arratia basogintzarako eremu mugatua da eta edozein espezie ezin da landatu, baina aitatutakoak ondo emon daitekez lursail konkretu batzuetan.
Basoari etekin hobea aterateko indarrak batzea be ezinbestekoa joten dabe egileak.

Erredakzinoa

Arratia

Areatzako pilotuak Rallystonen

Areatzako Eguzkiza anaiak Rallystone lasterketan hartuko dabe parte auto bitan. Hilaren 9, 10 eta 11n izango da aurtengo Rallystone. Zeberio (17:15), Artea (17:25), Areatza (17:28), Zeanuri (plazan 17:45) eta Dimatik pasauko da hilaren 9an, bariku arrastian. Dana dala, aurten partaideak ez dabe geldialditxua egingo Zeanurin, Gernikan baino.
"Ez da lehenengo aldia Eguskiza anaiak Rallystonen parte hartzean dabela baina kontuan izatekoa da Arratiako partaide bakarrak dirala" dino Txomin Goti antolatzaileak.
"Aurten Zeanuriko auzune askotatik pasauko da Rallystone: Altzuste, IpiƱa, Undurraga, Altzuaga, Otzemendi, Zulaibar, plazatik bertatik, Asterri eta Lamindaotik Dimarantza... baina ez dau geldialdirik egingo plazan. Gernikako Udalak antolatuten dau geldialdia" azaldu deutso begituri Gotik.

Ibilbide desbardina
Geldialdia Gernikan egitea eta Zeanuriko auzuneetako ibilbidea ez dira nobedade bakarrak. Bigarren eguneko ibilbidea desbardina da eta aurten Bilbotik Gasteizera joan beharrean, Santanderrera joango dira autook.
Momentuz 50 autoren pilotu eta kopilotuak emon dabela izena dino Gotik eta igazko irabazleak, Alberto Lertxundi eta Diego Gonzalez, izango dirala lasterketa berezi honetan. Baita orain dala urte bi irabazi ebenak, Areatzako Eguzkiza anaiak eta Pablo de Sousa beteranoa, beste askoren artean.

Erredakzinoa

Lemoa

Lemorietako Maria Kamarak 102 urte bete ditu

Aprilaren 5ean Lemoako Maria Kamarak 102 urte bete zituan. Irribarrea ahoan, Lemorieta auzuneko Mariak urte eguna familiakoakaz eta auzokoakaz ospatu eban. Alkateak, Jabier Beobidek, zorionduteko bisitea egin eutsan Lemoan gizaldi bat baino gehiago bizi izan dan andreari. ā€œLemoako zaharrenakā€, alkatearen esanetan, burua argi dauka eta gitxi ikusi eta entzun arren, ā€œkartetan egiten dau arrastietanā€. Bakarrik bizi da baina auzokoen laguntzea ez jako falta. Libe eta Peio umeak asko maite dabe ā€œIzeko Mariā€, Peio eta ā€œIzeko Marirenā€ artean dagozan 100 urteak ez dira horretarako eragozpen. Zorionak Mari!

Erredakzinoa

Arratia

Herri Literatura liburua atera dabe

Herri Literatura izeneko liburua atera dau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak "Euskara Mintzagai" bilduman. Labayru Ikastegiak euki dau hau lanau egiteko ardurea eta egileak Jabier Kalzakorta eta Igone Etxebarria arratiarra izan dira. "Ha ta guzti be, taldelana izan da Labayru Ikastegiko beste kide batzuk be lagundu dabelako" emon dau jakitera Labayru Gaur aldizkariak.
"Herri literatura eta ahozko literaturaren ganeko sarrera orokorraren ostean, gure tradizinoko gaiak lantzean dira bertan, bil- tzaile eta iturri nagusiak zeintzuk diran, berbarako. Generoka gero, mota nagusien ezaugarriak eta adierazgarriak banan-banan azaltzen dira: errefrauak, igarkizunak, aho-korapiloak, poesia ludiko-korala, kopla zaharrak, baladak, bertsolaritzea, ipuinak eta pastoralak" azaldu dabe Labayrukoak.
Herri literatura ahozkoa danez, liburuagaz batera, honen osagarri dan CD bat be atera dabe herri kantu eta ipuinakaz.

Euskal kultura zabaltzen
"Euskara Mintzagai" Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak orain dala lau urte hasitako egitasmoa da. Euskal kulturako gaien zabalkunderako sortu zan eta honezkero sei lan argitaratu dira. Orain artekoak internet bidez konsultau daitekez www.euskara.euskadi.net helbidean.

Erredakzinoa

Arratia

Udan begirale gehienak beharra eukitea gura dau GIBek

Gazte Informazino Bulegoak begiraleentzako lan poltsa bat antolatuten dabil Arratiako begiraleak beharra euki daien udalekuetan. Lan-poltsan sartzeako interesa daukienak, kurrikulua, tituluen fotokopiak eta NANaren fotokopia eroan behar dabez Gazte Informazino Bulegora aprilaren 16a baino lehen.
ā€œAurten lan kontuak gatx dagozanez, pentsau dogu begiraleentzako lan poltsa bat sortutea udea baino apurtxu bat lehenago, udalekuetan behar egiteko aukerea emoteko. Ea lortzean dogun Arratiako begirale guztiak lanean egoteaā€ dino GIBeko Mikel Garciak.
Dana dala, lan-poltsa ez da udan behar egiteko bakarrik izango. Izan be, kursoan zehar ludoteketan behar egiteko edota estraeskolarrak emoteko, udaletxeetatik eta askotan deitzean deutseela ea begiralerik ezagutzen daben galdetzeko dino Garciak. Horregaitik, gero be, lan-poltsa zabalik geratuko da. (Barri osoa BEGITUn)

Erredakzinoa

Igorre

Igorreztar barriai harrerea egiteko gidea kalean da

Inmigrazino Planak harrera gida bat gomendatzen baeban be, plana bera baino lehenago hasi zan Udala Igorreztar Berrien Gida egiten. "Gero eta Igorreztar barri gehiago dago eta ongi etorria gehiago landu eta gure herriaren informazino gehiago emon behar zala ikusi zan. Gehien bat Igorre ezertatik edo oso gitxi ezagutzen dauan jenteari" azaldu deutso begituri Gotzone Amuriza zinegotziak.
Gida honetan, beste herrialdeetatik datozenai Igorrera heltzean diranean herrian zein zerbitzu daukiezan jakitera emoten jakie: "Liburuxka honen helburua gure herrira etorri zarienoi bertakotzen laguntzea da. Hasi behar dozuen bizimodurako erabilgarria eta baliagarria izango dan informazinoa emonez eta inguruan aurkituko dozuezan zerbitzuak eta baliabideak iragarriz, geure gizartearen ezaugarri eta ohitura garrantzitsuenen barri jakinarazo gura deutsuegu" esaten da gidan. (Barri osoa BEGITUn)

Erredakzinoa

Arratia

BFAk diru laguntzak proiektuetarako

Herri hondakinak jasoteko aldamenetik zamatzen dan 25 m3ko kamioia erosteko 257.299 euroko diru laguntzea emongo deutso BFAko Ingurumen Sailak Arratiako Mankomunitateari. Ez da izango, dana dala, Arratian ingurumena hobetuteko Aldundiak lagunduko dauan proiektu bakarra. Areatza, Artea eta Zeanuriko eraginkortasun energetikoa sustatzeko proiektuak eta Arantzazuko aisialdirako gunea be diruz lagunduko ditu.

Lanpara eraginkorragoak Areatzan Artean eta Zeanurin
Areatzan, herriko argiteriaren zati handi bat aldatuko dala, 276 argi hatan be, emon dau jakitera BFAk. Induzinoko argiak (LED) ipiniko dira, konsumoa eta kutsadura luminikoa murrizteko. Honetarako 127.644 euroko aurrekontua dago.
Artean, herriko 308 argi aldatuko dabez eraginkortsun energetiko handiagoa lortzeako. Oraingo argien ordez, LED sistemakoak ipiniko dabez. Aurrekontua 161.948 eurokoa da. Eta Zeanuriko Gurutzalde auzunean, sistema eraginkor honetako 11 argi ipiniko dabez.

Arantzazun oinezkoentzako kaleak
BFAko laguntzeagaz Arantzazuk kale urbanizazinoaren hirugarren fasea ipiniko dau martxan. Udaletxeko plazea eta herrigunea lotuko dira eta Zalbide errekatxuaren ondoan pasealeku bat egingo dabe herriaren zabalgunean. Honetarako, 358.000 euroko aurrekontua dago.

Erredakzinoa

Bedia

Irakurketa Kluba Bedian, bakarkako plazerra konpartiduteko

Irakurketa Txokoetan idazleak euren azken lanak eta literaturan izandako ibilbidea komentetan dabez. Bizkaiko Foru Aldundiak Irakurketa Txokoaren klubaren bigarren edizinoari emon eutsan hasierea zezeilaren 25ean eta han Igor Estankona idazle arteaztarra egon zan irakurleakaz bere lana komentetan. Han euskeraz eta gaztelaniaz idazten daben idazleak txandakatuko dira. Irakurketa txoko edo klubak ugaltzen dabiz aspaldi honetan, jenteari bere zaletasuna konpartidutea gustetan jakolako.
Arratian be lehenengo lehenengo irakurle kluba sortu dala Bedian jakinarazo euskun Julen Gabiriak aurreko begituko "Lumatuten" zutabean. Berak inoan moduan, irakurtea bakarkako lana da, baina irakurritakoa eta honek eragindako hausnarketak konpartiduteak irakurketearen plazerra biderkatzeko modua emoten dau. Ganera, idazlea ezagutzeko aukerea egon ezkero, arrakasta segurtatuta dago. "Irakurketearen sare soziala" egin gura dau Gabiriak.
Bilbon ez bezala, Arratian euskeraz idatzitako literaturaren ganean izango dira saio guztiak. Izan be, Euskera Planaren barruan sortutako ekimena da Bediakoa, Julen Gabiriak proposatu eta aurrera atera zana.

Bedian Kirmen Uribe
Martiaren 25ean izango dau bere lehenengo saioa Bediako Irakurketa Klubak eta Kirmen Uribe izango da bertan, bere Bilbao-New York-Bilbao liburua irakurleakaz komentetan.
Julen Gabiriak, klubaren antolatzaileak klub hau "Arratia osorako kultur egitura zabal baten parte" izatea gurako leuke. Eta norantza horretan kluba ez dala ekimen bakarra dino, Igorren irakurketa ikastaro edo tailer bat martxan dagoalako urtailetik. Honen harira Ganoraz Euskera Taldeak proiektu bat ipiniko dau martxan udagoienean.

Erredakzinoa

Arratia

Arratia ondo, Lemoa play-off postuetatik kanpo

Arratiako neskak lidertzan jarraituten dabe, baina bigarren dan Berrio-Otxoagaz bardinduta. Izan be, azken partidua galdu egin dabe Pauldarraken kontra. Denporaldi honetan neskak galdu daben lehenengo partidua izan da.
Arratiako mutilak, barriz, irabazi egin dabe akenengo jardunaldian Iturrigorriren aurka, azken minutuan sartutako gol bateri esker. Holan, gora egin dabe sailkapenean eta zortzigarren dira 33 puntugaz. Astearte honetan (hilak 16), ganera, gorago igoteko aukerea daukie. Haizeagaitik atzeratu zan partidua jokatuko dabe eta Igorren Basurtoren kontra.
Lemoako lehenengo taldea play-off postuetatik kanpora gelditu da azkenengo bi jardunaldietan puntu bakarra lortu eta gero. Barakaldoren aurka bardindu egin dabe eta Eibarrek irabazi egin eutsen. Zeresana emon eban partidua izan zan ganera, presidenteak ez eutselako ETBko kamarai sartzean itxi.

Maialen Egileor

Dima

Josu Aginaga Arteakoa azpitxapeldun binakako Txapelketan

Amaitu dira, Bizkaiko bakarkako eta binakako XXXVIII. bola txapelketak. Oban batu ziran, Arratiako eta Zornotzako bolariak batez be, martiaren 6an eta 7an, banakako lehiaketarako, eta martiaren 13an eta 14an, binakakorako.
Banakakoan, Ioritz Zaltua, 17 urteko gazteak irabazi eban txapela, 53 parte hartzaile artean. IƱigo Ortuzar lemoaztarra izan zan, Arratiako lehiakideen artean, puntu gehien egin zituan jokalaria gizonetan eta Ibone Petralanda dimoztarra, emakumeetan. Bizkaiko txapelduna izandako, Obako Txirpu, ez zan finalean sartu, final erdia jokatu eban arren.
Binakakoan, Jose Angel Bilbao eta Jose Martin Lauzirika Zornotzako, Epaltza taldeko kideak eroan eben txapela eta txapeldun-ordeak, Josu Aginaga eta Jesus Arregi Zorrontzako Gisetza taldekoak. 24 bikote aurkeztu ziran.
Martiaren 27an hasiko da, Bizkaiko txapelketa komarkala, Zornotzako Gisetza bolatokian. Amaierea barriz, Oban emongo jako, maiatzaren 22an. Bolazaleak, badaukie nondik ibili ba, udabarri honetan.

Maite Arrizabalaga

Lemoa

LABen hitzaldia Lemoako Gaztetxean

LAB sindikatuko Alex Azpiri, Juan Carlos Vizan, Alaitz Gonzalez de Lantziego eta Javier Amorrortuk azaldu eben martiaren 9an krisia dala-eta inguruko enpresen eta beharginen egoerea eta euren proposamenak horreri aurre egiteko.

Lemoako Karabie Gaztetxean izan zan topaketea. "Mundu bi honeek, gazteona eta sindikalismoarena, kontaktuan ipinteko helburuagaz" joan zirala esan eban Juan Carlos Vizanek.

Beharginak bildurrez eta bananduta
"Azkenengo 15 urteotan enpresak irabazi handiak euki dabez. Eta gertatzen dana da ez dabela gitixiago irabazi gura. Krisia atxakia hartuta, neurriak hartu dabez beharginak pagetako krisi hori" azaldu eban Alex Azpiri metalgintzakoak.
Krisiaren eragina puztu egin dabela hedabideak dinoe LABekoak eta "enpresariak bildur egoera hau aprobetxetan dabe soldatak murrizteko, flexibilidadea eskatuteko, beharginak kalera botateko eta eskubide guztiak urratuteko".
"Nik daukadan kasu baten, pagetako arazorik ez daukan enpresa batek Erregulazino Espediente bat sartu dau lehengo irabazai eusteko. Atzera bota deutsie espedientea, baina enpresak eskatuten eban soldatarik ez igo 2011 arte, antzinatasuna kendu, Gabon eguneko jaia kendu eta beste neurri asko, beharginen lepotik" salatu eban Alaitz Gonzalez de Lantziego Eraikuntza Kimikoko arlokoak.
Erregulazino Espedienteen bidez, enpresak bildurra sartzean deutsie beharginai "eta holan, beharginak banandutea lortu dabe" dinoe LABeko ordezkariak. "Behin-behineko beharginak alde batetik, ABLEkoak bestetik, finkoak... bananduta dagoz beharginak. Behin-behinekoak eta ABLEkoak bota eta finkoai espedientea sartu. Diru mordoa aurrezten dau enpresak" jakinarazo eban Azpirik. (Barri osoa BEGITUn)

Erredakzinoa

Igorre

Hamabostaldia Igorren: kultura konzentrauta

Martiaren 15etik 28ra bitartean Kultura Hamabostaldia burutuko da Igorren, Udala eta Arratia Institutuaren alkarlanean oinarrituta. Hamalau egun eta hemeretzi ekintza. Azken urteotako ekimen honek, aurten be ez dau hutsik egin udabarriroko zitara. Goi-mailako eskaintza kultural askotarikoa eskaintzea da helburua.
Ekimenetako batzuk, institutuko ikasleai zuzendutakoak dira, beste asko, herriari begirakoak. Bi dira gune nagusiak, Lasarte Aretoa eta Arratia Institutua. Eskaintza zabaltzea da kontua, publiko desbardinai hedatzea. Danetarik egongo da Igorren: "Gernika, mihise gaineko dantza" (Lasarten 27an, 20:00etan), an- tzerkia ("Kanpaiak jo bitartean", 26an, 20:00etan), umeentzako antzerkia ("Txirulari magikoa", 28an 19:30ean) edo zinekluba ("Nevando voy", 18an Lasarten 20:00etan).

Bertako sortzaile eta ikerlariak
Gertukoari arreta berezia eskaintzen jako egitarauan. Bertako sortzaile eta ikerlariak be euren lekua izango dabe. Batetik, Igor eta Borja Estankonak lehenaren azken liburua aurkeztuko dabe ("Iratzeen esporak"), 18an Lasarten 11:30ean. Bigarrenik, Angel Larreak "Igorreko historia ibiltaria" erakutsiko dau oinez (15ean, 10:05ean eta 11:30etan). Hirugarrenik, Jürgen Langek "Peru Tximaluze"-ren inguruan emongo dau berbaldia (institutuan 25ean, 10:05ean eta 11:30ean). Bere aldetik, Juan Manuel Etxebarriak mitoen inguruan egingo dau berba (24an, institutuan, 10:05ean).
San Jose egunean (19an), bertso saioa egongo da Lasarten 19:00etan, ohikoa dan moduan. Koikili Lertxundi Athletic-eko jokalari eta aholkulariak "Kirola euskaraz" berbaldia emongo dau (Lasarten, 23an, 15:00etan). Nabarmentzekoa, bere ikusgarritasunagaitik, lera-txakurren lasterketea. Edur-ganean ikustera ohituta gagozana, San Juaneko landetan zehar (20 eta 21ean). Jarduera batzuk Agenda 21en eskutik datoz, Joel Sepulveda energia barriztagarrien inguruan edo bidezko merkataritzea eta kultur artekotasunaren inguruko antzerkiak institutuan. Aspertzeko aukera gitxi!

Erredakzinoa

Dima

Dimako arau subsidiarioak onartu dira

Diman behin betiko arau subsidiarioak onartu dabez. Bertan hurrengo 20 urteetarako planak zehazten dira. Hau egiteko parte hartzea handia izan dala esan eutsan Joserra Garai alkateak Deiari. Herritarrak 103 alegazino aurkeztu ebezan eta horreetako 44 onartu. Bost urtetako lana izan da.

Etxe txikiak herrigunean eta landan
Eskola barria egiteko lur saila eta aisialdia disfrutetako lekuak ez dira faltauko herrigunean. Hemen, eraikuntza barriak be egin ahal izango dira. Artaun herrigune bihurtu da eta bertan etxeak eraigitzeko lekua dago. Dana dala, ez Artaunen ezta Ugaranan be ezingo da hiru pisu baino gehiagoko etxerik egin. Landa eremuetan, barriz, etxeak familia bakarrerako eta familia birako izango dira. Eta, jakina, urak hartu ahal dauzan lekuetan ezin izango da eraikuntzarik egin.

Ondare natural eta kulturala babestuta
Baina Diman, lurraren %99,5en ezin da eraigi, basoak, ortuak, zona babestua edo ehizarako eremua dalako. Eta ondare hau jagoteko arau barrien arabera, ez da harrobi gehiago ustiatuko, ezta bide barririk egingo, ez bada ingurumenaren babeserako edo nekazaritzan behar diranak. Ganera, Gorbeia eta Urkiola arteko eremua eta Baltzolako kobazuloak, beste batzuen artean, babestu egingo dira.
Ondare kulturalari jagokonean, elizak, ermitak, errotak, karobiak, olak eta baserriak babestu egingo dira.

Erredakzinoa

Igorre

Berrogei urte bete ditu Sergio tabernak

Hilaren 12an, Igorreko Sergio tabernak 40 urte bete ditu eta Patxi eta Markos Sierra taberneari izena emoten deutsan Sergioren semeak, bertan jarraituten dabe beharrean. Krisiak, saihesbideak, aparketako arauen zorroztasunak eta gaua biziteko moduan aldaketak, tabernea bere momenturik onenean ez egotea ekarri dau, baina orain arteko filosofiagaz beharrean jarraituteko asmoa daukie jaubeak. "Ez doa gorantza, baina mantenidu egiten da" azaldu deutso BEGITUri Patxi Sierrak.
Edade bateko jentearen artean erreferentea dala Sergio tabernea Arratiako gauean dinoe bertako bezeroak. Musika lasaia, tragu luzeak eta lagunakaz barriketan egoteko zaletasuna daukienentzat aproposa. Tabernea 1978tik ez da aldatu. "Tabernea zabaldu eta handik zortzi urtetara aldatu egin genduan dana. Beste filosofia batez hasi ginan eta gaur arte" dino Patxi Sierrak.

Gaba biziteko modu desbardinak gazteak eta ez hain gazteak
Aldatu egin dana 32 urte honeetan gaua biziteko modua dala dino tabernako jaubeak. "Astebarruan ez dago inor eta astegoinetan gazte jentea beranduago urten eta Bilbora joaten da. Lehen herrietara joaten ziran: Zornotzara, Durangora, Gernikara... gaur egun Bilbora". Dana dala, betiko bezeroak eta barriak pasetan dira taberna honetatik. "Holandako Scab irratia ipinten dogu, musika lasaia eta sano giro ona egoten da. Igorren giro ona dago gauean eta danetik apurtxu bat. Giro lasaia gura dauanak giro hori gure tabernan topauko dau eta martxa gura dauanak be baditu disko-bar batzuk zabalik goizaldera arte. Gustura egoteko lekuak danontzat dagoz, gazteentzat eta hain gazte ez diranentzat be bai" dino Patxi Sierra tabernariak.

Erredakzinoa

Igorre

Maider Yabar: ā€œArratia ederra da eta ondo hartu nauā€

Maider Yabarrek zeregin bitxia dauka Arratian: zirkuko ikastaroa emoten deutse Igorreko umeai. Artista hau ezaguna da begituren irakurleentzat, 63. zenbakian bere ibilbide profesionala kontau eban-eta. Igorren bizi dan donostiar honek Brasilen eta Kuban ikasi eban zirkua. Kuban zirku lizentziaturea eta Madrilen graduondoa egin ostean, zirku eskolak emoten ditu.

Zergaitik zirku ikastaroa Igorren?
Arratian kasualidade osoz agertu nintzan orain dala hiru urte, baina bailara ederra iruditzen jata eta herriak ondo hartu nau. Zirku ikastaroa emoteko kultur etxeko Janire Lopezek deitu eustan orain dala urte bete inguru. Nik proiektu bat idatzi neban eta kultur etxera eroan neban. Ostean deitu eusten ikastaroa emoteko esanez. Astean behin, herriko 12 umeri emoten deutsedaz eskolak.
Zelan funtzionetan dau?
Gustora dabilz umeak. Astean behin bakarrik izan arren, ondo pasetan dogu eta gorputza lan- tzean dogu.
Helduai be irakatsi deutsezu? Nogaz egoten zara gustorago?
Bai, helduai be askotan irakatsi deutset, baina ez dakit nogaz nagoan gustorago. Bakotxa mundu bat da, ez dauka zer ikusirik. Biakaz sentiduten naz gustora eta sano interesgarria da bai batzuen bai besteen eboluzinoa ikustea.
Momentu arraro edo bitxiren bat izan dozu berez arraro eta bitxi dan lanbide honetan?
Portugalen antzezten gengozan bitartean publikoarengana joan nintzan eta mutil baten ganean eseri nintzan (ikuskizunaren gidoia zehatz-mehatz jarraituz, betiko moduan) eta nire aspaldiko maitale bategaz egin neban topo. Liluratuta geratu nintzan eta ia ezin izan neban jarraitu ikuskizunagaz, emozinoz bete nindualako.
Zelan ikusten dozu etorkizuna?
Etorkizunak ez nau gehiegi kezkatzen. Gero gerokoak.

Clara Luja

Igorre

Langile-gai euskaldunen lan-boltsea

Martiaren 16ra arte emon daiteke izena Igorreko Udaleko Euskera Zerbitzuaren langile-gai euskaldunen lan-boltsan sartzeako. Umejagoleak, partikularrak emoteko irakasleak, kirol monitoreak eta aisialdirako begiraleak behar dira lan-boltsak osotuteko. Informazino gehiago Euskera Zerbitzuan 94 631 53 84 eta Udaleko webgunean.






Erredakzinoa

Dima

Bizkaiko Bola Txapelketea

Hilaren 6 eta 7an eta 13 eta 14an, arrastiko 16:00etatik 20:00etara Bizkaiko XXXVIII. Bola Txapelketak jokatuko dira Oban (Dima) Dimako eta Lemoako Udalak babestuta. Aitatutako lehenengo astegoienean banakakoa jokatuko da eta hurrengoan binakakoa. Zapatuko 20 onenak domekaz finalak jokatuko dabez. Bertan Arratiako bolariak hartuko dabe parte. Han egongo dira Lemoako Bolo Taldekoak, Obakoak eta Arteako bolariak be. Faboritoak Zornotzakoak dira, baina Arratiakoak be badaukie aukerea Bizkaiko txapela gurera ekarteko etxean jokatuten dabe eta. Txapelketa bi honeen ostean liga komarkala hasiko dabe taldeka. Lehenengoz Arratiako 4 andrazko animau dira Bizkaiko Bola Txapelketan parte hartzean.

Erredakzinoa

Arratia

Zugatz Eguna

Martian, udabarriaren ateetan, umeak eta nagusiak atxurra hartu eta Bizkaiko Foru Aldundiak banandutako zugatzak landatuko dabez gure inguruetan.
Lehenengoak atxurra hartzean Igorrekoak eta Zeberiokoak izango dira. Izan be, martiaren 6an, zapatuz, igorreztarrak haritzak, pagoak eta urkiak ziklo-kroseko zirkuituan landatuko dabez. Zitea 10:00etan daukie kiroldegian eta 11:30ean, barauskarria egongo da parte hartu dabenentzat. Zeberion, ebatzi barik dago non landatuko diran, baina horrezaz ganera, umeentzako tailerrak egongo dirala jakitera emon dabe udaletxetik.
Diman, hilaren 12an, 09:30ean eskolan batu eta Zumeltzara joango dira umeak zugatzak landatuten. Hurrengo egunean, martiaren 13an, Areatzan eta Lemoan ospatuko dabe Zugatz Eguna. Areatzan, 09:30ean batuko dira parkean areatzaztarrak eta Pagomakurren landatuko dabez zugatzok. Gero, indarrak barritzeko txitxiburduntzia egingo dabe Upomakatzan. Lemoakoak barriz, Elizondon batuko dira 10:00etan San Antolin mendian haritzak, pagoak eta urkiak landatuteko.
Artean eta Zeanurin zugatzak landatu bai, baina eguna zehazteko daukiela esan deuskue Udaletxeetan. Bedian eta Arantzazun ez dabe Zugatz Eguna ospatuko eta Ubiden, hain berezkoa daben euren moduan egingo dabe. Ez dabe egun bat ipiniko, plazan itxi zugatzok eta herritarrak hartu eta egoki joten daben lekuan eta momentuan landatuten dabez.

Erredakzinoa

Arratia

Badaiotzek zilarrezko domina bi ekarri ditu Italiatik

Badaiotz sokatira taldeak Italiako Cesenatico herrian zezeilaren 25 eta 26an jokatutako munduko goma ganeko taldekako txapelketatik zilarrezko domina bana ekarri dau, bata 500 eta bestea 540 kilotako kategorian. Gogoratu 3 arratiar izan dirala txapelketa honetan, Ruth Linaza lemoaztarra, Izaskun Atutxa dimoztarra eta Elene Etxebarria billaroztarra. Badaiotzek ezin izan dau orain dala urte bi lortutako txapela barriro lortu, aurkari gogorra euki dau aurrez aurre eta. Txina-Taipei aurkari gogorregia izan da euskaldunentzat eta bigarren postuagaz konformatu behar izan dira. Balorazino ona egin dabe halanda be gure tiralariak "final biak itzelak izin ziran. Bietan, euki genduan guztia emonda amaitu genduan. Bagenekian papel ona egiteko aukera handiak geunkazala eta urre zaporeko zilarra da hau. Kontuan euki behar da Txina-Taipeikoak sokatiratik bizi dirala ganera. Lotsagarria izan dana ostera Euskal Herriko 7 taldek ikarragarrizko emoitzak lortu eta notizietan ia agertu be ez dala egin! Sano kritikagarria hori, holango emoitzak lortu eta medioetan ia aipamenik be ez… lotsagarria benetan!" esan deusku Ruth Linaza Lemoako tiralariak.

Erredakiznoa

Arratia

Martiaren 8aren inguruko ekitaldiak Arratian

NOKA Arratiako talde feministak, Areatzako Emakume Foroak, Igorreko Udaleko Bardintasun Arloak, Dimako Andraizea taldeak eta Arteako Udaleko Emakume Arloak, Emakumeen Nazinoarteko Eguna ospatzeko eta emakumeon eskubideak aldarrikatzeko, martiaren 4an hasita eta hilaren 13ra arte hainbat ekitaldi antolatu ditue.
Aurten, Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian ibiliko da egun horreetan eta bere Euskal Herriko ibilbidea IruƱan amaituko dau. Arratiatik autobusa ipiniko dabe jai eta aldarrikapen egun honetan IruƱan parte hartu gura dabenentzat. Izena Udaletxeetan emon behar da.
Lemoako Udalak bere aldetik, be antolatu dau ekintza bat eguna ospatzeko. Arantxa Urretabizkaia idazleak, Martxoak 8ko kontakizunak liburua aurkeztuko dau hilaren 11n, jubilatuen etxeko 1. solairuan.

Zine foruma, konzentrazinoa, ikuskizunak eta jaia
Emakumeak zuzendutako filmez osotutako zine foruma izango da martiaren 4an, 11n eta 18an Igorreko Lasarte Aretoan, arrastiko 20:00etan. Lehenengo egunean "Sita Sing the Blues" Nina Paley estadu batuarraren filma ikusi aurretik, Simone de Beauvoir alkarteko ordezkari bik berbaldia emongo dabe 19:00etan zine emakume zuzendarien egoerearen ganean. Hurrengo eguenean, 11n, Tramak, emakumeak egindako zine, bideo eta multimedia koordinakundeak, 9 laburmetraje ekarriko ditu. Azkenengo egunean, 18an, Maitena Muruzabal eta Candela Figueiraren "Nevando voy" filma egongo da Igorren.
Dimako emakume kirolariak, berbaldia emongo dabe 20:00etan Elexalde Geletan hilaren 5ean. Berbaldia amaitutakoan Irati Astondoa eta Irati Bernaolak bertsoak botako dabez eta barauskarria egongo da bertaratzen diranentzat.
Hilaren 6an, 20:00etan Igorreko Lasarte Aretoan Lilas jantza ikuskizuna. 7an, ostera, 18:00etan, Arteako ludotekan Zai beti zai parodia ikusteko aukerea izango da.
Martiaren 8an, Emakumeen Nazinoarteko Egunean, konzentrazinoa Igorreko Kultur Etxe aurrean arrastiko zazpiretan.
Hurrengo egunean Areatzako Udal Aretoan arrastiko 19:00etan helduentzako ipuin musikatuak eskeiniko dabez Oihulari Clown-eko Belen eta Onintza Azkaratek, eta martiaren 13an, Diman andrak afaria eta jantzaldia eukiko dabe Aspuru jatetxean.
Eta martia amaitu arte Emakumea lanean erakusketea dago ikusgai Igorreko Kultur Etxean.

IruƱan aldarrikapena jai giroan
"Ekintza asko antolatu doguz Arratian baina martiaren 13an, IruƱara Emakumeon Mundu Martxara joateko autobusa aitatu gura dogu bereziki. Emakumeon Mundu Martxa martiaren 8tik 13ra Euskal Herritik ibiliko da eta 13an bukatuko da nazino mobilizazino bategaz. Han, Euskal Herriko emakumeak bost egunetan egindako aldarrikapenak bildu eta jai giroan agurtuko dogu" dino Sara Gutierrez Areatzako Emakumeen Forokoak.
Martxa honen arrazoiak holan azaltzen dabez Emakumeen Mundu Martxako antolatzaileak. "Milaka arrazoi geunkalako alkartu ginan 2000. urtean eta mila arrazoigaitik ibili ginan martxan Euskal Herrian zehar 2005. urtean. Oraindino be milaka arrazoi daukaguzalako jarraituko dogu martxan. Besteak beste, prekariedadea, pobrezia, indarkeria, ikusezintasuna, diskriminazinoa...".

Erredakzinoa

Arratia

Apostua galdu baina nahia bete eban Txikonek

Azken momentura arte, haizea zala eta, desafioa egin ahal izango zan dudea egon zan. Baina arrastiko bostetan, Hego Euskal Herritik alde eginda egoan haizetea eta hiru probetako ikuskizuna emon eben Joseba Otaegi eta Alex Txikonek Azpeitiako zezen plazan. Lemoakoak galdu egin eban apostua. Akaso, Otaegiren neurrira egindakoa izan zalako. Izan be, Txikonen alde sendoa galapan egiteko proban dago eta Txikonek proposatutako 14 km.tik 7 km.ra jeitsi behar izan eban Otaegik onartuteko.
Hasieratik nagusitu zan Gipuzkoakoa. Lehenengo proban, 100 kiloko harria altxatzean, hartu eban bentajea Otaegik. Hurrengo probea izan zan 14 kanaerdiko moztea eta horretan be, gehiago izan zan Zizurkilgoa Lemoakoa baino. Izan be, Otaegi lehenengo mailan dago eta Txikon hirugarrenean. Mendiko entrenamentuak emoten deutso nagusitasuna Txikoneri galapan egiterakoan, baina bentaja handia eukan Otaegik eta ez eban esfortzu handirik egin behar izan apostua irabazteko.
Dana dala, pozik geratu zan Alex Txikon eta holan adierazo eutsan BEGITUri. Lemoaztarraren helburua ikuskizun polita eskeini eta hiru probako apostuak errekuperetea zan. Eta hori bete eban.

Erredakiznoa

Igorre

Kantu Txapelketea abian

Aurkezpena Igorreko San Kristobalen dagoan Intxaur Bizkar txokoan egin eben, mahaian Juanjo Zelaia arduraduna eta Maite Idirin zeberioztarra besteak beste. Bertan, antolatzaileakaz batera, Gontzal Mendibil eta aurreko edizinoetan parte hartu dabenak egon ziran. Gon- tzal Mendibilek eta Ander Gorospek kantalditxua eskeini eben eta Autzin taldekoak eta Esti eta Olatzek be abestu eben beste kantari batzuen artean.
Nobedade moduan, aurten batera egingo dira Euskal Kantu eta Haur Kantari txapelketak. Biotan parte hartzeako izena emoteko epea zabalik da. Euskal Kantuzaleen Elkartea Kantagintzak antolatuten dauzan txapelketa honeen helburuen artean "euskal kantuaren arloan daukagun aberastasuna ezagutuarazotea eta kantu eta kantari barriak plazaratzea" dagoz. Gurera poz handiak ekarri ditu Euskal Kantu Txapelketeak. Izan be, 2008ko bagilan Zeanuriko Esti eta Ola- tzek jantzi eben Euskal Herriko txapela Arriagan eta Arratiako Autzin taldea txapeldunordea izan zan bere sailean.

A Capella zein musikaz lagunduta
Kantu modalidade bi egongo dira A Capella edo abots hutsez; eta soinu laguntzeagaz. Horreetako bakotxean, hiru arlo: banaka, binaka eta taldeka, hatan be, eta kantu mota bitan bananduko dira: kantu ezaguna, eta kantu barria edo kreazinoa.
Haur Kantari txapelketan parte hartzean daben umeak talde bitan bananduko dira edadearen arabera.
Sariai jagokienean, umeak opariak izango dabez saritzat eta Euskal Kantu txapelketan parte hartzean dabenak txapela eta dirua. Sari bereziak be egongo dira "kreazino onenarentzat, galtzear dagozan kantak berreskuratzeko lan onenarentzat eta A Capella kantau dauan abots politenarentzat".

Izena Euskal Kantuzaleen Elkartean emon behar da
Parte hartu gura dabenak fitxa teknikoa bialdu behar dabe helbide honetara:
Euskal Kantuzaleen Elkartea Kantagintza
Larrabizker zehar bidea, 3
48.100 Mungia (Bizkaia)
Fitxa teknikoan taldearen izena eta taldekideen datuak, zein sailetan parte hartu gura daben, helbidea, telefonoa eta kantuai buruzko datuak emon behar dira.

Bizkaiko kanporaketak
Aprilaren 24an hasiko dira Bizkaiko kanporaketak Ugaon eta azkena bagilaren 5ean izango da Galdakaon. Kanporaketa bi egingo dira Arratian, maiatzaren 1ean Zeanuriko frontoian arrastiko 19:00etan eta maiatzaren 28an Igorreko Kultur Etxean ordu berean.
Haur Kantarien Bizkaiko finala bagilaren 12an izango da Gernika-Lumoko Elizeo antzokian eta Euskal Kantuko Bizkaiko finala bagilaren 19an Barakaldoko Antzokian.

Erredakiznoa

Arratia

"Euskara eskaintzarik onena" Igorre eta Lemoan

Merkataritzan eta ostalaritzan euskerearen erabilerea sustatzeko, merkatariai baliabideak eskaintzen deutsezan CD bat atera dabe Bizkaiko hamasei udalek eta mankomunidade bik, tartean Igorre eta Lemoako udalak. CDa euskeraz eta elebietan argitaratu da eta honeek ataloneek ditu: hiztegiak, kartelak idazkiak eta argibideak.
Merkatariak euren eguneroko lana euskeraz egiteko behar dituen baliabideak batu ditue CD honetan eta horretaz euskera zerbitzuak arduratu dira. "Neurrira egindako materiala izango dabe merkatari eta ostalariak eta alde horretatik, oso balorazino ona egiten dot. Lau atal ditu: hiztegia, kartelak egiteko ereduak, idazkiak (fakturak, albaranak…) eta argibideetarako atala. Danak dira bata bestearen osagarri eta gatxa da atal bat nabarmentzea, baina bat nabarmendu beharko baneu kartelak inprimiduteko atala nabarmenduko neuke. Izan be, bertan askotan erabilten dituen kartel ereduak aurkituko ditue, euskera hutsean, zein ele bietan; eta ezer sortu behar barik, kartela eginda izango dabe. Dudarik ez daukat, CD-a merkatari eta ostalarien eguneroko zereginetan lan-tresna baliagarria izango dala" azaldu deutso begituri Amaia Arauzo Igorreko euskera teknikariak.

Alkarbideren bitartez koordinauta
Euskera zerbitzuen lan hau egiteko "orain dala urtebete zabaldu zan proposamena herri batzuen artean, merkataritzearen arloan egin diran kanpainai jarraipena emoteko asmoz. Koordinazino osoa euskera zerbitzuen bilgunea dan Alkarbideren bitartez egin dogu," dino Alberto Garbaio Lemoako euskera teknikariak.
Lemoan CDa merkatariai euren dendetan bananduko jakie. "Asmoa da dendetan banandutea eta hilabetegarrenean edo, dendariakana joatea eretxiak jaso eta laguntasuna emotera. Erabilgarria dala uste dogu, eguneroko beharrean ordenagailua erabilten ohiturea daukienentzat batez be" dino Garbaiok.
Igorren, barriz, merkatari zein ostalarientzat izango da. "Gutun bat agindu jakie merkatari eta ostalari guztiai CD-aren barri emoteko eta berau lortzeako nora jo beharko daben jakiteko. Banaketea modu bitan egingo dogu. AMEk urteko Batzar Orokorra egin ebanean, zezeilaren 23an, CD-aren edukiaren aurkezpentxu bat egin genduan eta hurbildu ziranai CD-a banandu jakien. Gainontzekoak CD-a eskuragarri izango dabe Udaleko Euskera Zerbitzuko bulegoan" azaldu dau Arauzok.

Euskerearen erabilerea bultzatuteko
Komertzioak eta tabernak "euskeraz" jantzi ezkero, bezeroai behar bezalako harrerea egiteaz ganera, euskerea gehiago erabiliko dala merkataritza eta ostalaritzan espero dabe euskera teknikariak.

Erredakzinoa

Lemoa

SPra laugarrenez eta Azpeitian apostua Txikonen desafioak

Alex Txikon martiaren 4an Tibetera abiatuko da Edurne Pasabanegaz honeri falta jakozan zortzimilako biak egitera. Sisha Pangma eta Annapurna, hatan be.
Lehenago, harria jasoten, enborrak mozten eta galapan neurtuko da Zizurkilgo Joseba Otaegiren kontra hilaren 28an Azpeitiako zezen plazan. 7.000 euro egongo dira jokoan Lemoakoak botatako desafioan. Ganera, "Mendi Amesgarriak" proiekzino zikloa aurkeztuko dau, lehenengo egunekoa izan ezik. Egun horretan Kalaka ETB1eko saioan egongo da eta Hamaika telebistan eta Canal+en Informe Robinson saioan, be egongo da Alex Txikon.
Apostua irabazteko egin beharreko beharra 100 kiloko harria 25 bider altxatzea, 14 kanaerdiko moztea eta 7 km. galapan egitea da. Faboritoa gipuzkoarra da, ze gehiago da harria altxatzen eta aizkoran. Izan be, Alex Txikon hirugarren mailako aizkolaria da eta Otaegi lehenengo mailakoa. Txikonen alde sendoa galapan egiteko proban dago. "Nire idea 14 km. korridutea zan, baina Otaegi ez egoan desafioa onartuteko prest distantzia hori 7km.ra gitxitu ezean" azaldu eban Txikonek. Hori dala-eta, lemoaztarrak gatx eukiko dauala irabazteko emoten dau, baina Txikonek askotan mendian erakutsi dauan moduan ez dago jakiterik noraino heldu daitekean bere kapazidadea.
Ez da lehenengo aldia Txikon Azpeitiko plazara joaten dana apostu baterako. Igaz be egon zan eta orduan, bertako Jose Felix Azurmendi nagusitu jakon aizkora proba baten. Baina benetan gogoratzekoa dana da autobuskadea joan zala Arratiatik lemoaztarra animetako. Oraingoan be, autobusak joango dira Arratiatik. "Apostu gogorra eta polita da, 1983tik ez da holangorik egin. Ikustekoa. Nik gura dodana da holango ohiturak errekuperetea" azaldu deutso Txikonek BEGITUri.

Goi mailako mendizalea
Baina Txikonen benetako desafioa mendia da. Martiaren 4an Tibetera abiatuko da Edurne Pasabanegaz Sisha Pangma eta Annapurna igoteko, hiru hilabeteko espedizinoan. Halanda be, hile bi eta erdi baino gehiago ez dabela egingo uste dau Txikonek. Lehenengotik Sisha Pangma. Txikonek hirutan egin dau mendi hau, beti hegomendebaldeko aurpegitik, baina oraingoan iparraldetik egingo dabe. "Negua ez da sasoi ona mendi honeetara joateko" dino.
Dana dala, mendi bietako tontorrak zapalduteko asmoagaz joango dira espedizinokide guztiak, aurreko espedizino gogorra buruan. Espedizino haren bideoa erakutsiko dau Txikonek Ganzabalek antolatuten dauan "Mendi Amesgarriak" zikloan.

Erredakzinoa

Igorre

Albert Plak bere azken lana aurkeztuko dau

Hainbat instituzinok kulturarako diruak murrizten dabezan sasoietan, Lasarte Aretoak goi-mailako ikuskizunak programatzeari eusten deutso, kulturazaleak derrigorrez eskertu beharko dauana. Sabadelleko artistaren azken ikuskizuna zezeilaren 26an izango da Igorren, gaueko 22:30ean (sarrerak Telekan eta www.bbk.es helbidean). Ibilbide luzedun artista da Pla. Orain dala 20 urte argitaratu eban bere lehen diskoa heterodoxiaren ikono honek. "Ho sento molt" deitzen zan, eta zerrenda luze baten lehen katebegia baino ez zan izan. Ordutik hona, katalanez zein gaztelaniaz ondu dauz bere kanta eta ikuskizunak. Independentzia eta sorkuntzarako askatasunaren eredu izan da urte luzeetan eta diskografiken zentsureagaz be izan eban arazorik, bere disko bat urte luzeetan "ahaztuta" eta gordeta egoteraino ("Veintegenarios en Alburquerque" zoragarria).
Bederatzigarrena egiten dau 2008an kaleratutako lanak: "La diferencia"-k. Albert Pla ez da montaje handien zale, eta bakarrik ikusiko dogu agertokian, beste bira batzutan ikusi dogun legez. Bakarrik, kitarra bategaz eta argien set txiki bategaz. Besterik ez. Ez da gehiago behar. Minimalistea? Batek daki! Artistearen autonomia osoa. Bera da ikuskizuna, elemento ikonoklasta eta punka dago eta bere itxura hauskorraren ostean. "Egizu zuk zeuk" izpirituaren adibide parebakoa. Ume jostariaren trazak hartzean deutsaguz askotan, bufoi burlatiarena. Bajo Ulloaren "Airbag"-en ikusi genduan, abadearena egiten eta Jeanetteren "Soy rebelde" kantetan putetxe baten; baita Pepe Salesen poemetan oinarritutako "Cançons d“amor i droga" ikuskizunean; erregeari bere alabearen "eskua eskatzen" edo neskalagun terroristea daukala xurxulatzen... Sariak be jaso dauz, antzerki obretan parte hartu eta bere musikea hainbat pelikuletan erabili da ("El día de la bestia", "Carne trémula" etab.). Musika eta antzerkiaren mugetan, gozagarriak dira holango ikuskizunak, danak "politikoki zuzena" izan behar dauan garaiotan.

Erredakzinoa

Arratia

Ebay eta Laron-eko beharginak mobilizazinoetan

Ebay enpresako zuzendaritzeak aurkeztutako erregulazino espedientean zortzi behargin kaleratutea eta soldaten %20ko murrizketea planteetan da enpresea ez zarratuteko. Beharginak martitzenero alkarretaratzen dira enpresa aurrean.
Laron-eko beharginak, barriz, ez dabe urtaileko soldata jaso eta egunero egiten dabez ordubiko lanuzteak.

Ebay-ko beharginak lanposturik ez galtzeako burrukan
Ebay SA, Igorreko garakoi auzunean dagoan enpresan 50 behargin inguruk egiten dabe behar. "2006. urtetik aurre-erretiro plan bi izan ditue. Plan honeetan mehatxu bardina erabili dabe: onartu ezean enpresea zarratuko zala. Oraingo honetan enpreseak 8 kaleratze eta %20ko soldatearen murrizketea ezinbestekotzat jo dau enpresaren etorkizuna sustatzeko, ostera zordunakaz akordio batera ez dala iritsiko mehatxatu dau" emon dau jakitera LAB-ek prensa ohar baten.
Beharginak eta ELA eta LABek osotutako enpresa komiteak, mobilizazino egutegi bat onartu dabe. Holan, enpresako beharginak alkarretaratuten dira enpresa aurrean martitzenero 13:20etik 14:30era. Barikuetan propaganda eguna egingo dabe euren egoerea ezagutuarazoteko.
Negoziaketa aldia amaituta, epaiak ebatziko dau enpresearen eta beharginen etorkizuna.

Laronen ordubiko lanuzteak
Laron enpresako beharginak zezeilaren 1ean hasi ziran ordu biko lanuzteak egiten urtaileko soldatea jaso ez dabelako, Isabel Garcia ELAkoak jakitera emon dauanez. Laron enpresan 50 behargin inguruk egiten dabe behar.

Erredakzinoa

Arratia

Luis Prieto lagun taldea San Mamesera

Martiaren 7an, Luis Prieto lagun taldeak San Mamesera urteerea egingo dau Athletic-Valladolid partidua ikusteko. Ekintza honegaz taldekoak Luis Prietori bere lagunen babesa eskeini gura deutsie. Horretarako autobus bat ipini dabe Dimatik 11:00etan urtengo dauana. Behin Bilbon, Zazpi Kaleetatik zehar triki-poteoa egingo dabe eta bazkaltzera joango dira izena emon daben taldekideak.

Izena hilaren 28a baino lehen
Izena Igorreko Gau Loran eta Dimako Jentilzubi Herriko Tabernan emon behar da zezeilaren 28a baino lehen. Sarreraz ganera, 15 euro ordaindu behar dira izena emoteko momentuan.

Erredakzinoa

Igorre

Akats zuzenketea

BEGITUko 116. zenbakian, Zeure Berbea sailean, ā€œIgorreko EAJ-ri gutunaā€ Igorreko Udaleko Atxiki Bako Zinegotziak sinatuta agertu zan, baina gutuna Galder Olibares Igorreko Alkateak sinatu eban. Erredakzino honen akatsa izan da eta barkamena eskatu gura deutsegu kaltetuai.

Erredakzinoa

Igorre

Mendiekaz amesetan egiteko

Urtero-urtero Ganzabal Mendi Taldeak antolatu eta hainbeste arrakasta izaten dauan "Mendi Amesgarriak" proiekzino zikloa hastear dago. Aurten be, punta-puntako mendizaleak konpartiduko dabez publikoagaz mendian izandako bizipenen gazi-gozoak. Zezeilaren 18, 19, 25 eta 26an Simone Moro, Chus Lago, Ferran Latorre eta Alex Txikon egongo dira, hurrenez hurren, Igorreko Kultur Etxean.
Zezeilaren 18an, Simone Moro alpinista italiarrak Explore izeneko ikusentzunezkoagaz emongo deutso hasierea zikloari. Ostean Chus Lagok Sola ante el hielo dokumentala erakutsiko dau. Chus Lago hile biz, bakarrik, Antartida zeharkatu ostean, Hego Polo Geografikora heldu dan lehenengo espainiarra da.
Hurrengo eguenean, Ferran Latorreren txandea izango da. Arratian ez dau aurkezpenik behar Ferran Latorrek. Alex Txikonen kidea "Al filo" saioan, askotan izan dogu Ferranen barri Txikonegaz ibili dalako espedizinoetan. Honek Del 8b a los 8.000m izeneko ikusentzunezkoa ekarriko dau.
Eta amaituteko, Alex Txikon lemoaztarrak konpartiduko dau arratiarrakaz igaz Edurne Pasabanegaz egindako espedizino gogor hura: Kanchenjunga 2009.

Erredakzinoa

Arratia

Sagardotegira Areatza, Lemoa eta Zeanuritik

Areatzako Frakazuri Gazte Asanbladak Hernaniko Iparragirre sagardotegira urteerea antolatu dau zezeilaren 20an. Autobusa Areatzatik urtengo da goizeko 11:00etan eta joan gura dabenak, izena emoteko epea hilaren 19ra arte daukie. 30 euro ingurukoa izango da prezioa eta 629 081 517 (Luis Zamakona) telefonora deitu beharko dabe. Bueltea gaueko 12:00etan egingo dabe.
Zeanuriko Joko Alaik be urteerea antolatu dau hilaren 27rako Hernaniko Altzueta sagardotegira. Autobusak goizeko 08:00etan urtengo dau Zeanuritik eta Jaizkibeldik Donostiarako 14km.ko ibilbidea egingo dabe bazkaltzera hurreratu orduko. Eguraldi eskasa badago beste alternatibaren bat topauko dabe antolatzaileak. Urteerara joan gura dabenak izena Alberto Sagarna edo Aitor Intxaurragari emon behar deutsee.
Lemoako Harriketarrak Gazte Asanbladakoek ostera Hernaniko Itsasburu sagardotegira urteerea antolatu dabe martiaren 6rako, izena 696 802 763 (Olatz Elejabarrieta) telefonora deituaz emon behar da zezeilaren 19ra orduko.

Erredakzinoa

Arratia

"Anitzak hitzak": bertako eta munduko musikak bat

Hauxe da Asier Ercilla musikariaren azkenengo proiektua. Bunpada Sound taldeak, Anitzak ekimenaren laguntzeagaz, "Ani- tzak hitzak" cd-a aurkeztu eban urtailean, hamar kantek osatua. Proiektu desbardinetan ibilitako Asier Ercilla (Ipuin Iberiarrak, Fran Lasuen, Ibon Koteron), David Nanclares eta Endika Abella batu dira ekimen honetan. "Harresiak etenbarik eraikiten eta suntsitzen diran garai honeetan, aniztasuna ardatza dauan musikea eta berbak plazaratuz". Euren arabera, "munduan zehar biajetako hamar kanta dira, barruko eta kanpoko hesiak gainditu gura dabezan ekimena" da. Horretarako, bertoko zein beste jatorrietako musikarien laguntzea izan dabe; Euskal Herria, Maroko, Angola, Kantabria, Irlanda, eta abar. Askotariko musikari eta musikak topauko doguz bertan: AEBtik mundu osora zabaldutako rap-a, rock eta reggae doinuak, euskal musika tradizionala eta munduko beste leku askotatik jasotako ekarpenak (flamenko, raï, ballenato, eta abar). Ercilla programazinoak, trikitixea, akordeoia eta efektuez arduratu da. Bere berbetan, "igaz sortu zan proiektua, enkargu batetik. Korrika kulturalerako hiru kontzertu emotea proposatu euskuen. Jarraitzea interesgarria ikusi genduan eta holan etorri da diskoa". Kontzertuakaz be hasi dira, bost emon dabez honezkero eta datozen asteotan Pasaia (martiak 13) eta Iruñean joko dabe (martiak 20). Argibide gehiago http://www.myspace.com/bunpadasound webgunean.

Erredakzinoa

Igorre

Udal ordezkariak Hezkuntza Sailburuordeagaz batzartu dira

Zezeilaren 4ean Galder Olibares Igorreko alkatea eta Gotzone Amuriza alkateordea Marisol Esteban Hezkuntza Sailburuordeagaz alkartu ziran Lakuan. Igorreko Udal ordezkariak eskolen arazoak azaldu eutsiezan sailburuordeari. Arazook haur eskolea eta Institutua txiki geratzen dabizela eta konponketak egin behar dirala eskolako sukaldean zein Institutuko sotoan, izan ziran.
Igorreko Haur Eskola txiki geratuko dala laster adierazo eben Olibaresek eta Amurizak Jaurlaritzan. Hezkuntza Sailaren erantzuna momentuz lekua badagoala eta eraikina handituteko asmorik ez dagoala. Kupo aldetik arazoak egon ezkero, personal gehiago ipiniko dabela esan eban Marisol Estebanek. Eskolea handitu beharko balitz, Udalak horretarako lurrak euki beharko leukez. Hau urigintza planaren barruan dabil lantzean Udala.
Eskolako sukaldea barritu eta handitu beharraren preminaz be egin eben berba Igorrekoak. Adostutakoaren arabera, Hezkuntza Sailak lekua barrituko dau eta Udalak gasez hornitutako galdarea ipiniko dau.
Institutuko sotoko konponketak dirala eta, momentu batetik bestera hasiko dirala beharrok jakinarazo eben Lakuatik.

Institutua ez dabe handituko
Institutuan be leku arazoak dagoz eta honeen aurrean ikasleen berbanaketea aztertuko dabela adierazo eben Hezkuntza Saileko ordezkariak.

Erredakzinoa

Zeanuri

Piedadeko artearen neurketearen 51. urteurrena

Urtero lez, aurten be San Balendin jaiak ospatuko dira Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen iguruan, zezeilaren 14an, domekaz.
Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrak: 12:00etan mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe, jagokon lekuan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen aktea sinatu eta gero, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa — bananduko dau maiordomoak bertara hurreratzen diran guztientzat. Ekintza horreek herriko txistularien doinuen eta EƱaut Intxaurraga eta Jabi Olibares bertsolarien kantuen artean burutuko dira.
Egitarau honetan aitagarria da orain dala 51 urte eleizondotarrak hasi eben eta igaz, aldi batean bertan behera itxita egon ondoren, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.
Aurtengo maiordomoaren -ermitearen eta jaiaren gorabeherak antolatzeaz arduratzen dana-, "Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da. 1958 urtean landatu eben gure aurrekoak. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan -gonbit egunean- batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren kuadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak aurkitu doguz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los aƱos medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18. Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papertxu baten zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50".
Aurrekoak hasitako ohiturea ez dabe galtzean itxi gura eleizondotarrak, eta maiordomoak dinoanez, "2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. Igaz, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte betetzen ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honeri, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Ganera, zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregori Lejarreta aurduratu zan eta bera izango da aurten be zeregin hori beteko dauana".
Igaz hartutako neurria honako hau izan zan: 174 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran.

Erredakzinoa

Arratia

Arratian ezin dira umeak euskeraz erregistrau

2005ko bagilaren 22an, EAEn jaiotako umeak euskeraz erregistretako eskubidea onartu eban Espainiako Justizia Ministerioak. 2010eko zezeilan umeak ezin dira euskeraz erregistrau Arratian. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak laguntzea emoten deutse Miren Madariagaren moduan eskubide hau gauzatu gura dabenai.
Erregistro liburu ofizialak katalanez eta galegoz badagoz eta Katalunia eta Galiziako edozein herritan erregistrau daitekez umeak hizkuntza horreetan. Euskeraz, ostera, bakarrik Erregistro Barrutiko buruetan (Durango, Gernika, Barakaldo, Bilbo...) eta hori 2009ko martiatik. Arratian ezin da eskubide hau gauzatu. Umea euskeraz erregistrau gura ezkero, ezin da Arratian erregistrau. Arratian gura izan ezkero, ezin da euskeraz egin.
Tramite luzeak
Umea euskeraz erregistretako, tramiteakaz umea egin baino askoz lehenago hasi behar da. ā€œNik idatzia igazko zemendian aurkeztu neban eta oraindino ez dot ezer lortuā€ dino martian ama izango dan Miren Madariagak. ā€œIdatzia egin neban esanez euskeraz erregistrau gura dodala umea Igorren. Erantzuna kostau jakie emoten, eta ezezkoa izan da, atxakia izan da ez dagoala dirurik. Gero, bialdu deutsat beste idatzi bat epaileari, hau da Arratiako asunto guztiak daroazen epaileari eta epaile horrek emoten badau baiezkoa, egin ahal izango doguā€.
Jaiotze boom bat dagoala dino Madariagak eta hori aprobetxau beharko litzatekeala. ā€œZenbat eta jente gehiagok aldarrikatu eskubide hau, orduan eta erantzun bizkorragoa izango dogu. Eta batek lortzean badau herrian euskeraz erregistretea, beste guztiak ateak zabalik daukiezā€.






Erredakzinoa

Areatza

Emakume Foroa ekintzak adostuteko batzartu da

Zezeilaren 1ean, Emakume Foroa Areatzako II Bardintasun Planaren zirriborroa eztabaidatzeko bildu zan. Maule Kontsultorak, 2009an, udaleko politikari eta teknikariai inkestak eta alkarrizketa personalak egin eutsiezan; arlo bakotxean gizon eta emakumeen artean bardintasuna lortuteko emoten diran aukerak eta zailatasunak aztertuteko. ā€œHau danau kontuan hartuta, bardintasun politikak indartuteko ekintzak planteau behar dira orainā€ azaldu deutso BEGITUri Sara Gutierrez zinegotzi eta Foroko partaideak. Dokumentoa, Emakume Foroa dabil aztertzen, hobekuntzak eta proposamen barriak planteau eta lehentasunak marketako helburuagaz.
Zezeilan zehar beste eztabaida batzar bat be egingo da. Bertan, Forokoak ez diran emakumeak be hartu ahal dabe parte eta, horretarako, Areatzako emakumeai konbidapena luzatu gura deutsee Forokoak.


Erredakzinoa

Arratia

Ganzabalen ekintzak

Zezeilaren 8tik 28ra Ganzabal Mendi Taldeak antolatuta "Ganzabal mendirik mendi" argazki erakusketea egongo da ikusgai Igorreko Kultur Etxeko erakusketa gelan. Zezeilaren 18an ganera VII. Mendi Amesgarrien konferentzia zikloa hasiko da. Aurtengoan betiko lez goi mailako parte hartzaileak egongo dira Ganzabalekoen eskutik Lasarte Aretoan. Hilaren15ean Simone Moro italiarra "Explore" proiekzinoagaz izango da eta 16an Chus Lago galiziarra "Sola ante el hielo"gaz. Hurrengo astean ostera zezeilaren 25ean Ferran Latorre kataluiniarraren "Del 8b a los 8.000m" proiekzinoagaz eta Alex Txikon arratiarraren "Kangchenjunga"gaz disfrutetako aukerea egongo da. Proiekzinook gaueko 20:00etan hasiko dira.

Erredakzinoa

Arratia

Txapelik ez Arratiarako Arratia-Nerbioi A txapelketan

Igorre izan zan anfitrioa Arratia-Nerbioi A eskupelota eskolen txapelketearen finalean. Ha ta guzti be, aurten ez da egon txapelik Arratiarako. Finalerako Dimako mutikotxoak bakarrik sailkatu ziran eta ezin izan eben txapela lortu. Otxandiokoak nagusitu jakiezan 18-10. Edizino honetako garailea Zornotza izan da: sei finaletik lau jokatu eta txapel bi eroan zituan. Orozkok be beste bi lortu ebazan.

Goizez eta arrastiz
Nobedade bat euki eban aurtengo edizinoak eta da sei partiduak danak jarraian jokatu beharrean, goizean bi jokatu zirala eta arrastian beste lauak. Goizean, kadeteak eta gazteak neurtu ziran, hau da, 22 puntura jokatuten diran partidu biak. Kadeteetan, Orozko eta Zaratamo artean izan zan lehia eta Orozko izan zan garaile (22-8). Gazteen mailan, Arrankudiagako pelotariak Zornotzakoai nagusitu jakiezan (22-9).
Umeen jaialdia arrastiko 16:00etan hasi zan, txapelketan parte hartu daben guztien desfileagaz. Lemoa, Igorre, Dima, Areatza eta Zeanuriko pelotari gazteak han egon ziran.
Ostean, txapelketea hasi zan, txikerrenetatik hasita. Arratiako ordezkaritza, mutikotxo kategorian izan genduan. Han, Dimako Oier Barrenetxea eta Kimetz Zapikok, Otxandioko Aitor Ajuria eta Ioritz Barrondoren kontra partidu gogorra jokatu eben. Publikoa Dimakoak etengabe animetan, irabazten hasi ziran dimoztarrak 2-0. Tantu luzeak, pilotakada asko bakotxean, partidua luzea eta gogorra izan zan. Azkenean, 18-10 geratu zan markagailua.

Finalaurrekoetan egon ziran arratiarrak
Dimako mutikotxoak Lemoan sailkatu ziran finalerako urtailaren 5ean, Usansolo (18-10) gailendu ostean. Arrigorriagako finalaurrekoan, urtailaren 17an jokatu zan haretan egon ziran Arratiako ordezkariak. Holan, umetxoen kategorian, Dima Otxandiogaz neurtu zan, 18-16 galduz. Umeak kategorian Zeanurikoak izan ziran finalaurrekora heldu ziranak. Mutikotxoak kategorian Igorrekoak eta Kadeteetan Lemoakoak be heldu ziran finalaurrekoetara.
Arratia-Nerbioi B txapelketan, ostera, Zeanuri eta Dima, Umetxo eta Ume kategorietan, hurrenez hurren, izan ziran txapeldunak.

Igorreko alkatea sariak bananduten
Txapelketea amaitutakoan, sari banaketea hasi zan. Goizean jokatu ebenak be, txapelketea amaitu arte etxon behar izan eben saria jasoteko. Txikerrenetatik hasita, nagusietarainoa, azpitxapeldunak eta txapeldunak ikurrak eta txapelak jaso zituen.
Sariak, pelota eskoletako eta Udaletxeetako ordezkariak emon zituen. Igorrek hartu ebanez finala, Igorreko alkatea Galder Olibares izan zan txapeldunai txapelak janzten egon zanetako bat.

Erredakzinoa

Arratia

Umeak eta koruak santa eskean

Eskoletako umeak zein tradizino handiko koruak ibiliko dira Arratian Santa Ageda eguneko bezperan, koplak kantetan. Arratiako koruak bere 59. urtea ospatuko dau aurten. Zeanurin be, tradizino handiko koruak dagoz, Undurragakoa edo hurrengo domekan ermitan kantetan dauana, berbarako. Eskoletako umeak, parrokietako koruak eta beste hainbat ibiliko dira makilak eskuan santeari kantetan. Ubideko taldeak kantau ostean afaria egingo dau eta Igorren be talde bat ibiliko da santa eskean eta batzean daben dirua misinoetara bialduko dabe.

Urte luzeetako tradizinoa
Arratiako koruak Arratia, Bilbo eta Zornotzako kaleetan abestuko ditu koplak eta jasotako dirua Mundubat GKErentzat izango da, Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetarako.
Zeanurin, gogor eusten jako Santa Agedako tradizinoari. Izan be, gehiago egon arren, badagoz tradizino handiko koru bi: ermitan kantetan dauana hurrengo domekan eta Undurragako korua. Ermitakoa Juantxu Larrazabalek sortu eban orain berrogei urte inguru. Talde txikia da, zortzi bat lagun eta kopla desbardinak kantetan ditu, gordinak, sensibilidade guztientzako ez diranak.
Undurragakoa be tradizino handikoa da. Hogei hogeitabost urte inguru, Eusebio Goioaga partaidearen ustez. Aurten be, arrastiko 17:00etan batuko dira San Pedro abadetxean eta inguruko auzuneetatik ibiliko dira 30 bat lagun. Jasotako dirua eleizarako izango da. Izan be, "jausten dago" Goioagaren berbetan eta obra handiak egin behar dira.

Gazteak gorabeheratsu
Arratia eta Zeberioko eskola umeak euren herriak alaituko dabez koplakaz eskola orduetan zein eskola orduetatik kanpo. Institutukoak, ostera, aurten ez dira urtengo kantetan dino Juantxu Rekalde irakasleak "aurten ez da talderik sortu. Ez dogu ensaiorik egin".

Erredakzinoa

Arratia

Igor Estankona: "Poesia indartsu dago"

Igor Estankona Arteako idazlearen Iratzeen Esporak poesia liburua El Correoko Territorios sailean euskerazko fikzinozko salduenen artean agertu zan hirugarren postuan.

Liburuan banaketa sentimentalari, maitasunari, herriari eta naturari kantetan deutso egileak. Poema densoenetan Dylan Thomasen eragina dagoala eta arintasuna emoteko klasikoen laguntasuna izan dauala dino Estankonak.
Ez da Arteakoak aspaldi honetan atera dauan liburu bakarra. Euskal poesia erotikoaren antologia bat be atera dau Edorta Jimenez eta Josune MuƱozegaz batera. Han, Jon Miranderen Oianonetik hasita eta azken urte editorialera arteko poesia erotikoa idatzi daben 70 egile inguru batzean dira. %40 andrak. Euskal Herrian poesia indartsu dagoala uste dau Estankonak, inguruko herrietan baino hobeto, nahiz eta hemengo publikoa oso exijentea izan. (Alkarrizketea BEGITUn).

Erredakzinoa

Igorre

6,9ko nota emoten deutsee herriko dendai igorreztarrak

Urtailaren 28an aurkeztu ziran Igorreko Udalak aginduta, Invesco-Mirugain aholkularitza enpreseak egindako herriko merkataritzearen inguruko ikerketearen emoitzak.

Aurkezpena Kultur Etxean egin eben Invesco-Mirugainekoak. Gotzone Amuriza zinegotziak, Udala egiten dabilan "XXI. mendeko Igorre"ren inguruko prozesuan kokatu eban ikerketea.
Invesco-Mirugaineko ordezkariak ikerketearen emoitza nagusiak aurkeztu ebezan gero. Ikertzaileak eskaintza aztertu dabe herriko merkatariai egindako alkarrizketen bidez, eta eskaria telefono bidezko 320 inkesten bidez, igorreztarren erosketa ohiturak ezagutzeko.

Gehienak erosketak herrian eta herritik kanpo egiten ditue
Ikerketearen arabera, erantzuleen %22k Igorren egiten ditu erosketak, %9k kanpoan eta %69k bietan, produktuen arabera. Herrian erostearen bentajen artean, hurbiltasuna, erosotasuna, tratua, konfidantzea, kalidadea eta dirua herrian ixtea aitatu zituen. Herriko dendetan %73k kalidadea "ona" edo "oso ona" zala aitatu eben. Prezioari jagokonez, ostera, %20k esan eban "ona" edo "oso ona" zala... (Barri osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Dima

Eskola barria egiteko proposamena aurkeztuko dau alkateak

Dimako eskolea aspaldi geratu zan txiki eta anpliazinoa egin zanean, anpliazinoa be txiki geratu zan, Santiago Gutierrez Dimako Guraso Elkartekoaren esanetan. Lekua be ez da aproposa urak hartu ahal daualako. Urtailaren 27an, alkateak eskolako obretako batzordekoak deitu ebazan Udaletxera eta Urigintza Planak aurreikusten dituala lur sail batzuk eskola barria egiteko jakinarazo eutsien. Proposamenak adostasuna jaso eban eta zezeilaren 1ean alkateak hezkuntzako delegatuari aurkeztuko deutso.

Oztopo administratiboai urtenbidea
Eskola barria egiteko lur sail bi dagozala aukeran azaldu deutso begituri Guraso Elkartekoak. Biak erdigunetik hur "bata San Balendin inguruan eta bestea Bargondiako bidean. 3.500 metro karratu".
Pozik hartu dabe proposamena gurasoak. Izan be, aurrera egin ezinda egoazan tramite administratiboak zirala eta. "Urak ez hartzeako obra batzuk egin behar ziran, baina idatziz ez eukan Udaletxeak zeintzuk ziran obra horreek. Hezkuntza Saila prest egoan handitze lanetarako, baina inundabilidadea jeitsi ezkero". Gauzak aurrera ez joiazala ikusita kanpaina bat hasi eben gurasoak sinadurak batzeako "egoerea konponduteko pausuak emoten hasteako eskatuz".
Hezkuntzak eskola barriaren proposamena onartuten badau, eskola barria eukiteak ez dauala hain luze joko uste dabe Guraso Elkartekoak.

Erredakiznoa

Areatza

Areatzaztar barriak areatzaztarren %12,2 dira

Markinaren atzetik, Areatza estadu osoko etorkin tasarik altuena daukan herria dala esan eban Taibideko Amaia Aranak Areatzako Inmigrazio Planeko azterketa eta diagnostikoaren aurkezpenean. Ha ta guzti be, beste herrialdeetatik etorritakoak pozik agertu ziran jasotako harreragaitik eta eguneroko bizitzan jasoten daben tratuagaitik. Bertakoak hareen kultureakanako jakinmina adierazo eben.

Umeak helduen arteko hartu-emonak errazten
Areatzan 2000 urtetik hona 47 aldiz biderkatu da atzerritarren kopurua. Guztira 12 herrialdetatik etorri badira be, gehienak, (%87,4) Rumania eta Boliviatik etorritakoak dira. Rumaniatik areatzaztar barrien %59,5 etorri dira eta Boliviatik %27,8.
Etorritako gehienak familiak daukiez eurekaz eta beste lekuetan ez bezala, 14 urte baino gitxiagoko ume asko dagoz. Izan be, Areatzan umeak atzerritar populazinoaren %30 dira. Honek hezkuntzarako erronka bat suposatuten badau be, aurkezpenera hurreratu ziranen ustez, asko lagundu dau helduen arteko hartu-emonak sortzeako. Eskolan, parkean, umeak alkarregaz ibilten dira eta umeak jagoten eta honeen ganean berba eginez egiten dabez hartu-emonak helduak.
Integrazinora lagunduten dauan beste elementu bat urigunea eukitea da, ikertzaileen ustez. Atzerritar guztiak urigunean bizi dira eta hemen alkarbizitzarako lagunduten daben hainbat elementu dagoz: plazea, dendak... (Barri osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Igorre

Babili Glub! umeentzako antzezlana Kultur Etxean


Itsasoa leku lasaia izan da orain arte. Arrain txiki bat heldu da, ostera, bere berba egiteko moduagaz lasaitasun hori zapuztera "Miau!" Baino ez dau eta esaten.
"Miau!" horrek beste urpeko animaliak gure arraintxua baztertzea eragingo dabe, itsaso azpiko hizkeran logikoena eta onartuten dan bakarra Glub! Esatea da eta. Horregaitik, animalia honeek -lau arrain eta olagarro batek- Ez! Ez! Esaten deutsie arraintxuari behin eta barriro, Miau! barik Glub! esaten ikasi daian. Zer gertatu behar ete da itsasoan Ez! barik Bai! entzuteko? Zoaz eta jakingo dozu.
Miau! Ez! Glub! Bai!
Lau berba.
Tolerantziaren eta desbardintasunaren aldeko aipua, Igorreko Kultur Etxean urtailaren 30ean arrastiko 18:30ean.

Erredakzinoa

Igorre

Merkataritzearen geroaren ikerketearen datuak 28an

Igorreko Udalak merkataritza txikiaren geroa eta merkatalgune bat ipinteko proiektuaren inguruan merkatarien eta konsumitzaileen eretxia jakiteko egindako ikerketea aurkeztuko dau hilaren 28an, arrastiko zortziretan Igorreko Kultur Etxean.
Ikerketea Invesco Mirugain aholkularitza enpreseak egin dau. "Eskaintzea eta eskaria aztertu dira. Batetik merkataritza txikiaren ezaugarritzea egin da, merkatariai egindako inkesten bidez; eta bestetik erosleai, euren erosteko ohiturak jakiteko. Gai bi landu dira bereziki: saihesbidearen eragina eta balizko merkatalgunearena" azaldu deutso begituri Gotzone Amuriza zinegotziak.
Metodologiari jagokonez, azterketa estadistikoa egin da, merkatariai inkestak egin jakiez, herritarrai be bai eta arlo honetan zeresana daukien persona batzuei alkarrizketa sakonak. Ondorioen barri aurkezpen egunean emongo dabe ikertzaileak.



Erredakzinoa

Artea

Arteako aurrekontuetan ez da murrizketarik egongo

Diru sarrera gehienetan murrizketak egongo badira be, Industrialdeakoakaz konpensauko dirala dino Alberto Etxebarria Arteako alkateak.
Diru sarrerak orekatuta eukiteaz ganera, zorrik ez daukala Arteako Udalak esan dau alkateak.
"Diru sarrera gitxiago eukiko doguz Foru Aldunditik baina guk beherapen hori Industrialdeako diru sarrerakaz konpensetan dogu. IAEa hasiko gara kobretan, 2010ean 2009koak kobretan dira eta urte horretan enpresa batzuk egon ziran beharrean" azaldu deutso begituri Alberto Etxebarriak. "Industrialdeako diru etorrerea ez balitz egongo, guk be beste herri guztiak lez, %15 edo %20 murriztu beharko geunke aurrekontua. Eta hori diru asko da Artearako". Horreetatik aparte, garraio enpresa bi Arbegui eta Ibertif etorri dira Industrialdeara eta "ibilgailu guztiak Artean dagoz erroldatzen". (Barri osoa BEGITUn)

Erredakzinoa

Zeanuri

Zeanurin, Andra Mariko kanpantorrea zaharbarrituten dabiz

Zemenditik Zeanuriko Andra Mari parrokia barriro obratan dago. Oraingoan, kanpantorrea konpontzeko.
Sei urte itxita egon ostean, 2000ko abuztuaren 15ean zabaldu ebazan ateak Andra Mari parrokia zaharbarrituak. Dana dala, orduan batez be eleizearen barrualdea barriztatu eben, baina kanpantorrean ez zan obra handirik egin eta egin ziranak kanpoaldean bakarrik. Azken aldian kanpantorreak azaltzen izan dauzan arazoak larriagotu egin diranez, konponketai heltzeako ordua dala pentsau dabe parrokiako arduradunak.
Aurkezten izan dauzan arazoak honako honeek izan dira: alde batetik, kupulearen kanpoaldean berez ernetako landare ugari egoan, eta harlanduen bitarteetatik ur filtrazinoak, koruaren aldean itoginak eraginez; bestalde, torrearen barrualdean, kanpaiak dagozan tokira igoteko erabilten zan egurrezko eskailerea egoera negargarrian egoan.
Zemendian hasitako beharrak arazo horreek konpontzera bideratzen dira: lehenengo kanpantorre inguruan andamiajea altxau eben, eta orain kupulan hazi diran landareak garbitzen eta harlanduen arteko errejunteoa egiten dabiz; barrualdean egurrezko eskailera zaharra burdinezko bategaitik ordezkatuko dabe.
Behar horreen guztien aurrekontua 107.048,98 € da.

Parrokiaren historia
Azken urteotan egindako beharrak ez dira Andra Mari parrokiak bere historian izan dauzan bakarrak.
Iturriza historiagilearen arabera eleiza hau X. gizaldikoa da, baina data hori baieztatzeko ez dago ezelango frogarik. Dokumentauta aurkitu daitekean eleizeari buruzko lehenengo barria 1383koa da, beraz esan daiteke Erdi Aroan eleizea egoala; gero, XVI. gizaldian, errenazimentu garaian, berreraikia izan zan eta garai horretako elementuren batzuk oraindino kontserbetan dira: alde bietako ateak, torrearen aldean dagoan hormea, eta seguruenik eleiza zaharreko hormak be aprobetxau egingo ebezan. Baina, gaur egungo eleizea 1702 eta 1751 urteen bitartean eregi eben aurreko eraikinak aprobetxauz.
XIX. gizaldian be arazoak izan ebezan eta Lorenzo Francisco de MuƱoz arkitektoak 1865ean idatzitako txostenean eleizea egoera oso larrian egoala adierazoten da; hori dala eta, gotzainak parrokia ixtea ebatzi eban; konponketa batzuen ostean, zabaldu egin eben. Ordutik aurrera beste gorabehera batzuk jaso ebazan Andra Marik: 1919an suak hartu eban; oraintsuago, 1994ko maiatzaren 15ean, aurkezten eban egoera larriaz jabetuta, eleizea itxi eta barriztatze lanak hasi ebezan, eta sei urte beranduago, 2000ko abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean, ateak zabaldu ebazan; egun haretan mezea Karmelo Etxenagusia eta Markos Zuloaga gotzainak emon eben, beste hamazazpi abade lagun eukiezala.
Egun honeetan egiten dabizan kanpantorrearen konponketa lanetarako ez da parrokia itxi eta domeketako meza nagusia eta gainontzeko eleizkizunak normaltasun osoz ospatzen dira Andra Mari parrokian.

Jon Urutxurtu

Arratia

Behargintza hile honen amaieran zarratuko dabe

2003an Arratian beharrean hasi zanetik, lan merkatuan sartzeako arazoak daukiezan giza taldeai lagundutea izan da Arratiako Behargintzaren eginkizuna. Holan, krisia hasi aurretiko 2007ko martira arte, 850 persona atendidu eta 237 lanpostu bete ziran behar honeri esker, bere sasoian Behargintzako zuzendariak begituri emondako datuen arabera. Baina paradoxikoa badirudi be, krisiak inoiz baino gehiago justifiketan ebanean bere lana zarratu egingo dabe.
"Ikusirik ekonomia zelan dagoan, Udalak esan dabe gastu batzuk murriztu egin behar dirala. Eta Behargintzak berak badaukaz kostuak: alokairua… eta kendu egin behar dala. Momentuz kendu egin behar dala. Hor ibili gara bueltak eta bueltak emon eta azkenean pentsau dogu momentuz kentzea. Gero ez dakigu segiduko dauan" azaldu deutso begituri Jabier Beobide Behargintzako lehendakariak.
Hala be, hile honen amaieran Behargintzako langileak kitapena jasoko dabela dino Beobidek.

Behargintzako proiektuak atzerantza bota dabez
Gorbeialdek eta Behargintzak betebehar antzekoak ditue biak dira-eta garapenerako sortuak: ikastaroak emoten dabez, enpresa barriak martxan ipinten lagundu, eta abar. Ha ta guzti be, Gorbeialdek ez deutsala konpetentziarik egin Behargintzari eta orain ez dirala Gorbeialdera pasauko Behargintzaren betebeharrak dino Beobidek. "Bere momentuan ibili ginan hor eskutik joango ete ziran Behargintza eta Gorbeialde, baina… Ez dira pasauko Gorbeialdera Behargintzako behar guztiak, Gorbeialdek ez dauka horreek hartzeako kapazidaderik, teknikari gehiago eta jente gehiago hartzean ez badau behintzat. Ez dago preprauta hori dana aurrera eroateko" gehitu dau Behargintzako lehendakariak.
Orain nora jo beharko daben Behargintzako erabiltzaileak ez daki Beobidek "Momentuz ez dakigu. Ni izan naz lehendakaria eta hau bukatzen danean, itxiko dot hau guztiau. Ze jenteak ez dau kolaborau gura, beste udalak ez daukie kolaborazinorik eta… Lemoako Udalak, igoal joko dau Behargintza taldeak dagozan beste lekuetara. Ez dakit".
Momentu honetan ez dagoala ez programarik ez proiekturik erdibidean, atzerantza bota dituela proiektu guztiak jakinarazo dau Behargintzako lehendakariak.

Erredakzinoa

Arratia

Mendi taldeen loraldia

Mendirako zaletasuna gora doa. Gorbeia eta Urkiolako parkeen artean, gurean beti egon da mendira joateko zaletasuna eta mendi taldeak be, aspalditik dabiz urteerak antolatuten. Beteranoena Ganzabal 1973 urtean sotu zana. Joko Alaik be, gitxienez 22 urte daroaz mendirako urteerak antolatuten. Ganera, gure herrietako inguruak ezagutzen emoteko kultur eta kirol taldeak martxak antolatuten dabez: Igorreko Mugari Birak, esaterako, igaz 22. edizinoa ospatu eban.

Aspaldi honetan, jentea mendira gehiago joaten hasi da eta horrek ondorio bi ekarri ditu. Alde batetik, Interneten bidez herrietan antolatuten diran martxen barri jakinda, Euskal Herri osotik etorten dira martxetan parte hartzeako eta ehundaka izaten dira Ubideko biran, Larreen Mankomunitateko Zeharkaldian, Mendizalearen egunean, ermiten eta erroten ibilbideetan, edo Sisetan mendi martxan parte hartzean dabenak. Bestalde, mendi taldeak inoiz baino bazkide gehiago daukie eta loraldia bizi dabe... (barri osoa paperezko BEGITUn)

Erredakzinoa

Lemoa

Lemoan obra gitxiago egingo dira 2010ean

2010eko aurrekontuak oraindino egin barik egon arren, diru gitxiago egongo dala aurreikusten dau Jabier Beobide Lemoako alkateak. ā€œ2009 urtea positiboan zarratu arren, aurten murriztu egin beharko da aurrekontua, sano. %30 edo. 2009an sei miloe euroko aurrekontuak eduki badoguz, aurtengo aurrekontua 4,5 edo 5 miloekoa izango da gitxi gorabeheraā€ dino alkateak.
Obra pare bat baino ez dabe egingo Lemoan. ā€œUdalaren diru sarrerak asko gitxitu dira eta diruz lagunduta dagozan gauzak eta beharrezkoak diranak baino ez doguz egingo aurten. Eta aurrerantzean ikusiko dogu zelan paretan diran gauzakā€ dino Jabier Beobide Lemoako alkateak.

E Planeko diruak farola barriak ipinteko
Aurreztu behar dala-eta, argiaren konsumoa murriztu behar zala pentsau eben Udaletxean. Izan be, Lemoa handia ez izan arren, auzune asko dagoz bananduta eta ā€œ2009an ia 120.000 euroko fakturazinoa izan doguā€. Lanpara eranginkorragoak ipinteko inbersinoa egin behar da eta horretarako E Planeko diruak erabiliko dabez Lemoan. LEDSak eta konsumo txikiko lanparak ipini ostean, 80.000 euro aurreztea espero dabela dino Beobidek.
Arraibi izango da farola barriak izango dituan auzuneetako bat. ā€œArraibin ez dago aktuazino urbanistikorik eta apur bat pobre dago. Argiakaz barriztatu gura dogu, beste itxura bat emoteko. Horrek ez dau esan gura gero besterik ez dala egingoā€.









Erredakzinoa

Dima

Urkiola natura-parke izentau ebenetik 20 urte

Urkiola natura-parke izentau ebenetik 20 urte bete dira. Dimako Udalerria parke honetan dago, parkea Durangaldean egon arren. 20 urteak dirala eta, BFAko Nekazaritza Sailak jakitera emon dau sano pozik dagoala joan dan 20 urtean Urkiolako parke naturalean eta Gorbeiakoan egin dan kudeaketeagaz.
Nekazaritza Sailak bere kudeaketeagazko konpromisoa berretsi gura izan eban urteurren honetan eta horretarako ā€œargi adierazo dau ze garrantzia daukan espezieak jagoteak, parkeen inguruan bizi diran herritarren bizi-kalidadeak eta jentea parkeen garrantziaz jabearazoteakā€. Orain dala 20 urte kudeaketearen ikuspuntu nagusia ingurua jagotea zala dinoe Aldunditik, orain, barriz, iraunkortasuna.
Urkiolako Parke Naturala Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez sortu zan, Natura-inguruneen eta Basa Landare eta Animalien Babesari buruzko 4/1989 legearen babesean. Lege horrek holan definiduten dau natura-parkea: natura eremu bat gitxi eraldatua eta jagon beharrekoa; mugatu egin behar dira bertako natura-baliabideen aprobetxamentua, eta mugatu egin behar da, modu berean, gune horretako zenbait lekutarako sarbidea, babes berezia behar dan tokietan.


Artea

Indusriak eutsi egin deutso krisiari

EAEko ekonomian, industriaren pisua BPGean (Barne Produktu Gordinean) Espainiako ekonomian baino 20 puntu gehiagokoa da eta Europar Batasunekoan baino 10 puntu gehiago, Xabier Ormaetxea Arratiako Industrialdea SAko zuzendariaren esanetan.
Hori dala eta, krisia beste modu baten biziten gabiz gurean. Sasoi onetan egindako erreserbetatik tiraka, eutsi izan deutso industriak krisiari ondorio larri barik, orain arte behintzat. Izan be, Bildosola industrialdean dagozan 30 enpresetatik, esaterako, batek be ez dau persianea jeitsi.

Bildosola industrialdea beteta
Desbardindu egin behar da Bildosola industrialdea eta Arratiako Industrialdea SA soziedadea. Bildosola industrialdeak 100.000 metro karratu inguru ditu. "Eta partzela bat kenduta beste guztia beteta dago. Ustekabe atsegina izan da, ze Sprilurrek proiektuari ekin eutsanean erreserbarako industrialdea izango zala pentsau zan. Eta bete egin da sano epe laburrean, urte bitan" dino Xabier Ormaetxeak Industrialdea SAko zuzendari eta Bildosola industrialdearen mantenimentu entidadearen lehendakariak.
Arratiako Industrialdea SAk E, F, eta G partzelak kudeatu eta enpresa txikerrakaz egiten dau behar. "Honeei ez deutsaguz lurrak eskeintzen, pabiloiak baino. 13.000 metro karratu pabiloi daukaguz eta dana hartuta dago 800 metro izan ezik. 800 metro honeek ezin dira zatitu eta krisia dala eta oraindino hasi ez dan enpresa bateri adjudikauta dagoz"... (barri osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Arratia

Agirrek irabaziz esan eban agur

Ibai Zabalagaz, Leiza eta Izaren kontra jokatu eban azkenengo partidua Imanol Agirrek Zeanurin eta irabaziz (22-17) esan eban agur Arteakoak. Bere palmaresa ona izan arren, nahiko kritikoa da arratiarra kirol honetako enpresen funtzinoamentuagaz eta urte asko ibili ostean, etapa barri bateri ekiteko gogoz dagoala azaldu deutso begituri.

Zergaitik ez dozue kontratua barriztatu?
Hau aspalditik dator, luze joan da. Motibazinorik ez dot euki eta urteagaz amaitzen zan kontratua. Beste alde batetik be, azken urte bietako egoerea ez da oso ona izan eta krisia igarri egin da frontoietan. Apostu gitxiago, publizidade gitxiago… eta enpresak kontratuak murriztu gura izan dabez, beteranoetatik hasita.
Desmotibazino hori zergaitik.
Urte asko dira pelotan. Eta enpresak… baztertu egiten bazaitue oso konpetitiboa izan behar da hori gaindituteko. Eta ni ez naz oso konpetitiboa... (barri osoa BEGITUn).

Erredakzinoa

Arratia

Ligea aurrera

Gabonetako deskantsuaren ostean, Lemoak bardindu egin dau urteko lehenengo partidua eta gora egin dau barriro be. Azkenengo hiru partiduen ostean emon dau saltoa taulan halanda be, hirurak irabazita. Zortzigarren da 26 puntugaz orain.
Arratia bardin dago ostera, azken partidu biak galdu arren. Baina suertea euki dabe, eta ingurukoen emoitzari esker, taularen goikaldean jarraituten dabe. Hori bai, sailkapeneko tontorra gero eta urrinago daukie. 14 puntura dago honezkero lehenengoa dan Indautxu.
Arratiako neskak, barriz, lehenengo postutik lau puntura baino ez dagoz. Izan be, 11. jardunaldia jokatuta, oraindino ez dabe partidurik galdu.

Maialen Egileor

Igorre

AMEk zozketatutako otzareak badauka jabea

Abenduaren 27an, Arratiako Merkatari Elkartekoak Igorreko Lasarte Aretoan "bi mila euroko balioa daukan otzara itzela" zozketatu eben. "Jentaurrean egin zan zozketea, Zeaniko Antzerki taldearen emonaldian" azaldu deutso BEGITUri Mari Jose Barrenetxea AMEkoak.
Lehenengo saria, Gabonetako otzarea, Jose Antonio Delgado igorreztarrarentzat izan zan. Bigarrena, 300 euroko balioa daukan erosketak egiteko txartela, Maitane Lozanok eskuratu eban eta hirugarrena, 150 euroko txartela Xabier Basterretxeak. Honeek biak be Igorrekoak.

Erredakzinoa

Arratia

Igorre-Arantzazuko saihesbidea zabalik

Abenduaren 28ko hamabi eta erdiak aldean hasi dira lehenengo autoak Igorreko saihesbidetik zirkuletan. Orain, N-240 errepideko trafiko gehiena, ez da Igorre eta Arantzazuko kaleetatik pasetan, herritarrentzat espazio hori irabaziz eta zaratea, kutsadurea eta arriskuak gitxituz, Herri Lan Saileko diputatu dan Itziar Garamendik esan dauanez inaugurazino ekitaldian.
Igorreko kaleetatik trafiko handia egon da orain arte, herritarrai arazo asko sortuz. Izan be, Igorre-Arantzazu gunean, eguneko batez besteko intensidadea 15 mila ibilgailukoa da, industrialdera joateko, kamioiak herri erditik sartzean ziran eta Igorreko erdialdean bertan, Dimara doan BI-2543 kaminoagazko gurutzegunea dago. Trafiko hau guztia herritik kentzean dau zabaldu barri dan sahiesbideak.

30 miloe euroko inbersinoa
Sahiesbidea 5.446 metro da luze eta bertan 80 km orduko abiaduran joan daiteke. Galtzada 7 metro da luze eta bazterbideak 1,5 metro. Lotzeako adarrak orduko 50 kilometroko abiadurarako diseinau dira.
Errepide hau egiteko beharrezkoa izan da 30 miloe euroko inbersinoa egitea. Beharrak 2007ko aprilean hasi ziran eta SACYR-EXBASA enpresak osotutako Aldi Baterako Enpresen Elkarteak eraigi dau kaminoa.

Erredakzinoa

Igorre

ā€œKrisialdi muinekoā€ aurrekontuak aho batez onartu dira

Aho batez onartu ziran 2010erako aurrekontuak, Galder Olibares Igorreko alkateak ā€œkrisialdi muinekoā€ aurrekontu lez definidu ebazanak. Diru sarrera asko %20 gitixitu dirala esan eban alkateak, batez be Foru Aldundiak emondako laguntzak, baina partida gehienak %10 jeistea izan da erizpidea. Beste aukerarik ez egoala eta bat etorri ziran bai EAJ-PNVkoak, baita Plataformakoak be.
Udabarrian, aurrekontuak barrikustean, kultur eta kirol alkarteen diru laguntzak hobetuteko baldintzapean emon eban EAJ-PNVk bere botoa. Olibaresek esan eban konpromiso hori hartuta daukiela. Plataformakoen ustez, orduan be dirurik egongo dan ezin da jakin.

Erredakzinoa

Bedia

Antxinako leku izenak berreskuratzen dago Labayru

Bediako Euskerearen Biziberritze Planak herriko leku izenak barrikustea eskatuten eban eta horretan hasi zan Labayru 2008an. 2008 eta 2009an informazinoa batu ostean, 2010ean informazinoa batzean jarraitu eta ikertutakoa argitaratu gura dabela adierazo deutse BEGITUri Labayrukoak. Informazino hori ezinbestekotzat joten dabe kale barrien izenak ipinteko.

Artxiboak hustu eta agozko testigantzak jaso
Asier Bidart da honetan diharduan Labayruko berhargina eta urte biz Foru Artxiboa, Jabego Erregistroa, Eleizaren Artxiboa, Udal Artxiboa eta Bibliografia hustu ditu. Jasotako leku izen gehienak XVIII. eta XIX. gizaldietakoak dira, nahiz eta XVI.ekoak be egon. ā€œIkerketan izen guztiak batzean dira: erreka, baso, ortu, bide eta etxe izenak. Baita eraikinak eta abizenak be. Holan, Udalak leku bat izentau gura dauanean leku horren izena errekuperetako aukerea dauka, edota hango persona baten izena emotekoaā€ azaldu dau Labayrukoak.
Metodologiari jagokonez, 2008an artxiboak hustu eta 2009an arxiboak hustuteaz gainera jentearen testigantzak jaso dabez.

Erredakzinoa

Arratia

Landa ingurunean ekimenak abiarazoteko idea lehiaketea

Landa ingurunean ezartzeko ikuspegi teknikotik zein ekonomikotik bideragarriak diran zerbitzu edota produktuak garatuteko proposamenak onartu eta proiektu irabazlea martxan ipinten lagunduko dau Itsasmendikoik.
Urtailaren 8ra arte aurkeztu ahal dira proiektuak. Deialdia zuzenduta dago Euskadiko landa ingurunean ipinteko negozioak ideak aurkeztu gura dituen persona eta talde guztiai. Ezin izango dabe parte hartu ekintzaileai laguntza eskaintzen deutsen beste entidaderen bategaz beharrean dagozanak.
Idea irabazleak Itsasmendikoiren laguntzea jasoko dau garapenean zehar, baita 7.500 euroko diru laguntzea be, berau martxan ipintean sortzean diran gastuai aurre egin ahal izateko.

Erredakzinoa

Arratia

Abenduaren 19an Egunkariaren alde manifestazinoa

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Euskaldunon Egunkariako auzipetuak babestuteko datorren zapatuan, abenduaren 19an, Bilbon egingo dan manifestazinoan parte hartzeako deia egiten dau.
Egunkariaren itxierea eta hainbat lagun eta kideren atxiloketea ekarri eban auzi bidegabea oraindino ez da amaitu. Polizia eta juezek euskaldungoa eguneroko euskerazko prensa barik itxi gura izan eben justiziaren izenean eta horretarako herritik eta herriaagaz sortutako egitasmoa golpatu eben. Ez da ulergarria eta ezta onargarria be, hainbeste urte pasa eta auzia bertan behera itxi ez izana.
Horregatik, euskara elkarteen federazinotik, bost auzipetuai eta euren senide zein lagunai babesa adierazteagaz batera, abenduaren 19an Bilboko manifestazinora agertzeko deia egin gura deutsagu euskal gizarteari.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
BEGITU Topaguneko kide da

Topagunea

Arratia

BEGITU Tokikom-en beste tokiko hedabideakaz indarrak batuz

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioan bazkide diran 36 tokiko aldizkarietatik, 20k sortu dabe TOKIKOM, tartean begitu. EƱaut Agirre, Eneko Azkarate, Xabier Goienetxe, Jasone Mendizabal, Koldo Mitxelena eta Joxe Rojas Topagunearen Hedabide Batzordeko kideak dira, eta hurretik jarraitu dabe TOKIKOMen sortze prozesua.

Zer da TOKIKOM? Nortzuek osotuten dabe?
E. Azkarate.- Topagunean federauta gagozan euskerazko hedabide lokalok osotuten dogu TOKIKOM. Oinarrian, marka bat da, euskarazko tokiko hedabideok, eta gure ezaugarri eta balio komunak batzean dituana.
J. Rojas.- Topagunean daukaguzan azken datuak erakusten dabe tokiko aldizkariak hedabiderik indartsuenak dirala bakotxa bere esparruan. Baina hortik kanpo, hedabide bakotxa ezezaguna da bere mugetatik kanpo. TOKIKOMen asmoa hedabideon talde izaerea eta kohesinoa indartutea da, barrura zein kanpora begira. Tokiko hedabideen sektorea irudikatzen dauan ikurra da TOKIKOM.
Zergaitik eta zertarako sortu dozue?
E. Azkarate.- Topaguneko euskerazko hedabideok anitzak gara, baina badira guztiok komunean daukaguzan ezaugarriak: hurbileko informazinoa lantzean dogu, gai orotarikoak; masibo edo unibersalak gara, hau da, populazino osoarentzat lantzean dogu informazinoa; liderrak gara gure esparruan eta tokian tokiko hedabide guztien baturak bihurtzen gaitu era berean lider (irakurrienak, ikusienak…) euskerazko hedabideen artean ez eze, Euskal Herriko edozein hedabideren artean.
X. Goienetxe.- Ezaugarri komun horreek azpimarratzea eta indar- tzea da kontua. Aniztasunari uko egin barik, talde izaerea be badogula gizarteratzea. Eta alkarlanerako kanalak zabaldutea. Guztiok batuta 220.000 irakurle baino gehiago izateak emoten deuskun indarra hobeto baliatu ahal izatea be bada gure helburua.
Zer eskaintzen deutso TOKIKOMek irakurleari, orain arte jasoten ez ebana? Eta aldizkariai?
J. Rojas.- Hasteko eta behin, webgunea aitatu behar da. Hor irakurleak TOKIKOMeko aldizkari guztien titularrak jaso ahal izango ditu zuzenean, eta gehiago sakondu gura izan ezkero, jatorrizko iturrira eroango dau webguneak. Ganera, RSS teknologia aprobetxauz sano erraza da titular horreen harpidedun egin eta albisteak hamaika formatu eta euskarri diferentetan jasotea. Euskerazko tokiko informazino guztia begi kolpe baten ikusteko aukerea eskaintzen dogu tokikom.com-en bidez... (Alkarrizketa osoa BEGITUn)

Erredakzinoa

Arratia

Ogi "salutadorea": desagertzear dagoan ohiturea

Nahiz eta gaur egun ia desagertuta egon, Euskal Herri osoan orain dala ez urte askora arte Gabon garaian hainbat sinesmen eta ohitura biziten ziran, horreetako bat oraindino Arratia aldeko etxe gitxi batzutan bizirauten dauan Gabonetako ogi bedeinkatua edo ogi salutadorearena da.
Salutadore edo salutadu hitza latineko salutem-etik —osasuna— dator; beraz, ogi salutadoreak ogi osasuntsua adierazo daike.
Gabon gaueko afariaren aurretik, mahaia bedeinkatu ostean, mahaiburuak, hau da, normalean aitak, ogia hartu, bere ganean kutxiloaz gurutzearen seinalea egin, mosua emon eta kuskurra ebagiten eban, jarraian mantelpean jarriz. Afal ostean ogi kuskurra armairu barruan edo ganean ipinten zan hurrengo urtera arte bertan gordetzeko, eta "ez da urdintzen beste edozein ogi legez". Dana dala, herri edota etxe desbardinen arabera bariante txikiak emoten ziran errito hau burutzerakoan, adibidez Bedian, mantelpean jarri aurretik hirulau ardo tantaz bustitzen zan eta urtearen amaiera arteko afari guztietan ateratzen eben mahai ganera. Hurrengo urteko Gabon gauean ogi barriaren kuskurra moztu eta gero, aurreko urtekoa etxeko personen edo animalien artean banatzen zan.
Ogi horrek erabilera desbardinak eukazan, baina sinesmen zabalduarenaren arabera, gizakia zein animaliak amorrutik babesteko egokia zan eta bereziki txakur amorratuai emon ezkero, mantsotu egiten ei ziran. Zeanurin beste erabilera bat be baeukan: urak ganezka egiteko arriskua ikusten zanean errekara botatzen eben babesteko.
Gaur egun ia-ia desagertuta dagoan ohiturea da ogi bedeinkatua edo salutadorearena, baina oraindino Arratiako etxe bakan batzuetan gordetzen da.

Jon Urutxurtu

Arratia

Dima eta Gorbeia inguruko argia

Abenduaren 14tik urtailaren 14ra arte Aitor Intxaurragaren pinturak ikusgai dagoz Igorreko Kultur Etxean.
Aitor Intxaurragak paisajea pintetan dau paisajea pintau barik, hau da, zehaztasunak eta forma konkretuak jasotzeko bere burua behartu barik. Eremu geografiko bat baino gehiago idea bat transmitiduten saiatzen da. Beretzat sano inportantea da sentimentu bat edota argiak edo koloreak sortutako emozinoa trasmitidutea.
Argiak moduletan dau koadroa. Argi aldakorrak, laino eta zuhaitzen arteko argiak. Lurrera, koadrora heltzean dana distira bako argia da. Argi zorrotza, Ʊabarduraduna baina zaratarik egiten ez dauana. Intxaurragaren lanaren aurrean ikusleak bat-batekotasuna eta zorroztasuna sentiduten dau. Egileak maite, sentidu eta ezagutzen ez dauanetik ihes egiten dau. Badaki zer pintetan dauan, pintetan dauana ezagutzen daualako. Bere lanaren gehiena "Bizkaia sakona" deitu ahal dogunaren paisajeakaz dago eginda. Orozko, Dima eta Gorbeia inguruko paisajeakaz.

Erredakzinoa

Arratia

Txapeldun barria

Badakigu jakin Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, 15.000 inguru entzuleen artean arratiarrak be egon zirala, eta badakigu baita, Maialen Lujanbiok txapela jantzi ebanean malkoai eutsi ezinik egon zirala batzuk. Hunkitu egin gintuan-eta, bertsoak entzutera hainbeste jente, edade guztietakoak batu izanak eta bertsoen kalidadeak.
Hurrengo egunean txapeldunak Euskadi Irratian "lehen emakume txapelduna izatea mugarritxua dala" esan eban. Gehiago be izango dira, lehenengoaren atzetik. Eta horrek be pozez betetzen gaitu.
Jentetza ikaragarria BEC-en, bertsoak inoiz bizi izan daben sasoirik onena bizi dabe gaur egun, duda barik. Jente gazteak bizibarritu dau bertsolaritzea, urrezko sasoi bat emonez. Eta horrek esperantzaz betetzen gaitu, euskerearen oraina eta etorkizuna uste baino sendoago dala somatzen dogu-eta. Barakaldon botatako bertsoak zuzenean ia 15.000 personen bihotzetara eta teknologiari esker auskalo zenbatenera heldu ziran, hizkuntza eta emozinoak estu lotuz, belaunaldi zaharrenak gazteari lekukoa pasatuz... Maialen Lujanbio emakume gazteak txapela lortu dauan urtean.

Erredakzinoa

Arratia

"Arantza arteko sasoia genduan taldea sortu zanean"

Arantzarte Igorreko Euskal jantza taldeak 35 urte bete ditu. Gauza asko aldatu dira 35 urte horreetan: gizartea bera, bizimoduak eta baita euskal jantzak ikusteko modua. Arantzartek jakin dau gizarte barrira egokitzen eta bere historiako momentu onenetariko bat bizi dau. Oraindino jantzan egiten dauan Juanti Menika sortzaileetakoagaz egin dogu berba eta berak kontau deusku zein izan dan taldearen ibilbidea, zeintzuk diran erronka barriak eta zelan ospatuko daben urteurrena.

Noiz eta zergaitik sortu zan Arantzarte jantza taldea?
1.974an sortu zan, maiatzean, Arantzazun. Jantzen irakaskuntzan, hutsune bat ikusten genduan. Beti Bizkor taldea egoan Igorren baina apur bat makal eta batzar bat egin genduan Artea eta Arantzazukoak jantza inguruan batzeako, batik-bat.
Ebatzi zan talde bat egitea eta...
Zeintzuk?
Jente gehiena Arantzazukoa zan, baina Areatzakoa be bai eta hor egon zan Juan Jose sakramentinoa. Juan Jose Kamarero, sakramentinoa.
Zergaitik Arantzarte izena? Arantzazu eta Arteako jentea batzean ebalako taldeak?
Bai, Arantzazu eta Artea bai, baina hori ez da izena jantza talde bateri emoteko. Baina Arantzartek balio ebala pentsau genduan ze izan zan, Francoren azkenengo urteetan. Urte eta erdi garrenera hil zan Franco eta sasoi nahiko gatxa zan. Arantzarte -arantza artean- esangurak emoten deutsa zentzua izenari. Horixe da Arantzarte izena nahiz eta beste esanahia (Arantzazu eta Artea) belarrira jo eta hori izan lehenengo idea. Orain Arantzarte Igorreko jantza taldea da.
Hasiera gatxa orduan, Francoren sasoian...
Arantzarte hasi zan ikastetxe baten, hor, gabrielinoena izan zana, orain batzokia eta dagoan horretan. Hango gela baten. Maiatzetik hasi eta kursoa amaitu arte egon ginan gabrielinoetan, baina hurrengo kursorako zera esan euskuen: "ezin zarie etorri hona ensaietan, ze gu ikastetxe subenzionaua gara eta subenzinoak kendu ahal deuskuez". Eta urten egin behar izan genduan... (alkarrizketea osorik hurrengo BEGITUn)

Erredakzinoa

Arratia

45 urte Arratiako tranbia barik

Ehun urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izenaz ezagutzen dan Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa jaio zanetik, eta 2009ko zemendiaren 30ean bere heriotzearen 45. urteurrena bete da. Tranbia ekologikoa eta isila zan, baina batez be ezinbesteko erreferentea erabili behar izaten eben lagunentzat. Urteak aurrera joan ahala eztanda-motorea, gasolina eta petrolioaren beste deribau batzuen sasoia heldu zan. Eta orduan, 1964ko zemendiaren 30ean, Arratiako tranbiaren heriotzea gertatu zan.

Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren —TBDA— historia arakatzeak XIX. gizaldiaren amaierara salto egitea suposetan dau, 1898an Sustapen Ministeri- tzak lurrun-tranbiaren kontzesinoa Angel Iturralderi emon eutsan unera hain zuzen be. Dana dala, tranbia hareek inoiz be ez ziran ibili lurrun-makinak mobiduta, eta 1899ko urri lehenengoaren 2an, Lemoa-Artea tartearen behin-behineko inaugurazinoa burutu zanean, lehen tranbiak animalia-trakzinoaren bidez ebilzan. Inaugurazinoagaz batera, "Automóvil Vitoriana" konpainiak, Barazar mendatetik igaroz, Areatza eta Gasteiz lotzean ebazan autobus-zerbi- tzua jarri eban martxan.
1902ko garagarrilaren 5ean, probak egiteko lehenengo tranbia elektrikoa Durangora heldu zan; aste batzuk beranduago Lemoa-Zeanuri tartean trakzino elektrikoa eukan zerbitzua hasi zanez, animalia-trakzinodun tranbiak kendu egin ziran. Azkenik, egun handia heldu zan, eta 1902ko abenduaren 7an, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren behin betiko inaugurazinoa burutu zan.
Amorebieta-Etxano, Durango eta Arratiako herriak euren artean eta Bilbogaz lotzean ebazan garraiobide ha, Arriaga Antzokiko plazatik ateratzen zan Lemoara zuzentzeko, eta hemen linea bitan banatzen zan: Durangorantza edo Zeanurirantza. Tranbiabidearen luzerea, guztira 49,21 kilometrokoa zan; horreetatik 20 Bilbo (Arriaga) eta Lemoako tarteari egokozan; Lemoatik Durangorako lineak 14,6 kilometro eukazan, eta antzerako luzerea eukan Lemoatik Zeanurirako tarteak... (Erreportajea osorik BEGITUn)

Jon Urutxurtu

Arratia

Lemoa beherantza begira, Arratiako talde biak polito dabiz

Lemoak galdu egin ditu azkenengo partidu biak eta 15. postura arte bajatu da. Gainera, jaitsiera postuetan dagozan Izarra eta Cultural Leonesagaz bardinduta dago 16 puntugaz.

Arratiako gizonezkoak
Arratiak galdu ez, baina irabazi be ez. Bardindu egin ditu jokatutako azken partidu biak, eta bietan 0-0 emoitzagaz amaitu dira partiduok. Seigarren da orain sailkapenean 16 puntugaz.

Arratiako andrazkoak
Hamabostaldi onena Arratiako neskak egin dabe. Lehenengo PeƱa Athleticen kontra bardindu egin eben etxean, partiduko azken segunduetan aukera itzela izan baeben be berau irabazteko. Hurrengo partidua Leioan aurka irabazi egin eban. Halanda be, liga estua daukie eta postu bat galdu dabe sailkapenean. Hirugarren dira orain15 puntugaz.

Maialen Egileor

Arratia

Euskerea, gehiago edo gitxiago, protagonista bere egunean

Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatuten da abenduaren 3an eta Arratiako Udalak intensidade desbardinaz ekin deutsie eguna ospatuteari. Diman eta Zeberion eguna bakarrik ez, euskal astea be ospatuko dabe, beste leku batzuetan egunean bertan edo inguruko egunetan ekintzaren bat edo beste antolatu dabe. Eskola guztietan be egingo dabez ekintzak umeen euskereagazko atxekimentua handitzeko.

Areatzan gaztaina jana
Areatzan, Euskera Batzordeak antolatuta, Udaletxeko arkupeetan "gaztainak jaten eta kanta-biran ospatuko dogu geure hizkuntza zaharrak bizirik irauten dauala" dinoe Udaletxetik. Zitea arrastiko 19:00etan izango da.

Diman zemendiaren 28an hasi ziran ospatuten
Diman euskerearen eguna zemendiaren 28an hasi ziran ospatuten pelota partiduak, bertsolariak eta txi- txiburduntziagaz. Hurrengo egunean, goizean mendi urteerea eta arrastian herri kirolak egon ziran. Astelehenean, ludotekan euskerazko film bat egon zan. Euskerearen egunean, eguenean, eskolan jaialdia eta arrastian berbaldia eta kantak egongo dira. Baina aste osoan ospatuko dabe Euskal Astea eta holan, barikuan berbaldia, zapatuan jubilatuen eguna eta merkatu txikia eta jantzak egongo dira.

Igorren Indar enpresearen Euskera Planaren aurkezpena
Igorreko Udalaren laguntzeagaz Indar enpreseak bere euskera plana diseinau dau. Urtean-urtean enpresa bateko Euskera Planen baten aurkezpena egiteko politikeagaz jarraituz, igaz egin zan lehenengoz, aurten Indar enpresearen Euskera Planaren aurkezpena egingo dabe abenduaren 3an iluntzeko 19:00etan Igorreko Kultur Etxean. Hau ospatuteko igorreztar guztiak parte hartzera konbidauta dagoz eta osteko kopautxuan herritarrak egotea gura dabe antolatzaileak. Aurkezpenean Pilar Kaltzada Innobasqueko kidea eta Anaje Narbaiza Elay taldeko kideak be hartuko dabe parte besteak beste.

Lemoan Berbalagun
"Aurreko urteko arrakasta eskasa ikusita, aurten beste modu baten egitea pentsau genduan eta 3an bertan egin beharrean, aurreko eta osteko asteetan ekintzaren bat egitea pentsau genduan" azaldu deutso begituri Alberto Garbaio Lemoako euskera teknikariak.
Aurreko asteetako ekintza horreek dira Aritza Bergarak emondako Neguko solstizioaren erritoen gaineko berbaldia eta Arratiako Berbalagunaren aurkezpenean parte hartzea. Abenduaren 10ean, Arratiako Berbalagun taldeagaz batera Euskalduna Jauregira bisitatxua egingo dabe eta euskal produktuen kataloa banandu dabe herrian.

Zeanurin lehiaketea
Zeanurin, euskerearen egunean jaialdia egingo dabe ludotekan. Zemendiaren 25ean, kaxa bat ipini eben Kultur Etxean, eta egun horretatik aurrera berba politak sartu dabez ume zein nagusiak. Jaialdian, kantak, musikea, ipuinak, gozokiak... eta "Hitz politenaren lehiaketan" garaile suertatu dan berbea zein dan esango dabe.

Zeberion be Euskal astea
Zeberion be hasita dagoz euskerearen gaineko ospakizunak. Astelehenean "Katilu gorri txanoak" tailerra eta martitzenean "euskal musikea ezagutzen" gynkanagaz, hatan be. Zinea euskeraz eta euskal mitologiaren gaineko tailerra programauta dagoz ludotekan. Zapatuan plazan jaia egingo dabe eta domekan herri kirolak egongo dira.

Erredakzinoa

Arratia

Ikusten ez dana dekribiduten

Zemendiaren 25ean, Bilboko Elkar Liburudendan Susa Argitaltetxeak eta Igor Estankonak Iratzeen Esporak, Estankonaren laugarren poema liburuaren aurkezpena egin eben. Gozetako, modu hedonistan irakurteko pentsauta dago liburua egilearen esanetan.
Estankonak obsesinoak jasoten dituala liburu honetan esan eban. Obsesinook poemaren erritmoa, arintasuna eta klasizismoa dira. "Poema arinak, pisu bakoak egin gura izan dodaz, irakurleak juzgauko dau ea lortu dodan. Eta klasikoak".

Sasoi barri baten hasierea
Liburu honeri aurrekoai baino helduago ereizten deutsie idazleak zein Susakoak. Estankonak "portu batera heldu" dala esan eban. Inflexino puntu bat markatuz.
"Estankonaren liburuak ihes egiten dau klitxeetatik. Irakurleak liburu honetan arreta berezia ipintea espero dot. Liburu inportantea da: forma batzuen bukaerea eta beste batzuen hasierea da-eta" azaldu eban Gorka Arrese Susakoak.

Erredakzinoa

Bedia

Indarkeria sexistearen aurrean jarduteko tokiko protokoloa

Tratu txarren eta sexu-erasoen aurrean jarduteko tokiko protokolo bat ezartzea da Bediako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planak kontenpletan dauan neurrietako bat, guztira 50tik gora badira be. Plan honek lau urteko indarraldia izango dau (2009-2012) eta bost eskuhartze arlotan bananduten da: udala eta neurri orokorrak; hezkuntza, kulturea eta kirola; ongizatea eta osasuna; urigintzea eta ingurumena eta lana.
"Emakumeak emakume izateagaitik bazterkeria eta zapalkuntzea sufriduten jarraituten dabe esparru askotan: emakumeen langabezia tasak gizonezkoena bikoizten dau, lan baldintza kaskarrak eta ez egonkorrak izaten dabez, potere guneetan ordezkaritza txikia daukie eta emakumeen kontrako indarkeriak gora egin dau azken urteotan" azalduten dau Aitor Sorriketa Bediako alkateak Planaren aurkezpenean. Horregaitik, eta potere publikoen ardurea zuzena dalakoan, Bediako Udalak erronka horreri eutsi guran ipini dau abian Bardintasun Plana.

Udalak, herritarrak eta mankomunidadearen alkarlana behar da
Udaleko beharginai formakun- tzea emon eta genero ikuspegia instituzinonalizeteaz gainera, bardintasuna sustatzeko ikastaroak, mahainguruak, batzarrak eta ekintzak aurreikusten dira planean. Honeek danak aurrera aterateko herritarren inplikazinoa derrigorrezkoa dala dino alkateak.
Eta herri maila gaindituz, Arratiako Udal eta Makomunitateagaz alkarlanean jardutearen aldekoa da Sorriketa: "Bardintasunerako teknikaria mankomunidadekoa izan leiteke, eta Plana Arratiako Udal eta mankomunidadeko teknikari guztiai jakitera emon gura deutsagu, ahal danean ekintzak eta baliabideak konpartiduteko".

Erredakzinoa

Arratia

Zer eukan Mauriziak? Panderojolearen biografia kalean da

Aupa Maurizia! izeneko liburuaren aurkezpen ekitaldia hilaren 19an izan zan Bilboko Foru Liburutegian. Bertan, liburua argitaratu dauan Bizkaiko Trikitixa Elkarteko Naiara Billalabeitia, Humberto Perea Zeberioko alkatea, Fredi Paia eta Xabier Paia egileak eta Mauriziaren ondorengo batzuk egon ziran.
ā€œZer eukan Mauriziak ezagutu eben guztiengan hainbesteko eragina izateko?ā€ galdetu eban Xabier Paiak. Galdera horreri erantzun gura deutso Aupa Maurizia liburuak.

Biografia eta azterketa musikala batzean ditu liburuak
Fredi Paiak Bizkaiko Trikitixa Elkartetik heldu jakiela biografia hau egiteko eskaintza esan eban eta metodologia aurkeztu eben. ā€œBarandiaranek sortutako eta Etniker taldeak erabilten dauan metodologia bera erabili dogu. Hau da, familiako eta ingurukoai grabazinoak egin. Hau egin ahal izateko personaje klabe bat egon da: Jose Jabier Abasolo ā€œTiliƱoā€.
Ildo horretatik Xabier Paiak liburuak atal bi dituala esan eban: biografia personala eta biografia musikala. ā€œBiografia personala estilo literarioan, nobelistikoan dago idatzita eta fikzino apur bat be badago, batez be, Mauriziaren gurasoai jagokien zatianā€.
Amaitzeko, libura ez dala obra itxia eta inork daturen bat emon gura badau, ondo hartuko dabezala irakurleen ekarpenak esan eben egileak. (Barria osorik BEGITUn).

Erredakzinoa

Igorre

Igorreko Garbigunea zabalik

Hilaren 19an, Igorreko Garbigunea zabaldu zala emon eban jakitera Bizkaiko Foru Aldundiak. Urri lehenengoaren 20tik egon da zarratuta lurjausi baten ondorioz.
Lurrok Garbigunerako bidea itxi eben eta ez egoan hara heltzeako modurik. Horregaitik hile bi honeetan, arratiarrak Zornotza eta Durangoko garbiguneetara eroan behar izan dabez errezikletako materialak.
Atzotik aurrera, zabalik dago barriro Igorrekoa.




Erredakzinoa

Arratia

Eskola janlekuak zarratuta beharginen grebagaitik

Zemendiaren 16an eta 17an, kudeaketa zuzeneko janlekuetako beharginak greba egin eben LAB, ELA, CCOO eta UGT-k deituta. Gure ikastetxetako janlekuak kudeaketa zuzenekoak dira eta egun horreetan Arratiako umeak ez eben eskolan bazkaltzerik izan. Behargin honeek 2008ko bagiletik hitzarmen barik dagoz eta Eusko Jaurlaritza eta patronalaren erantzunik lortu ezean, abenduan barriro be greba egingo dabela jakinarazo eben deia egin eben sindikatuetakoak.

Umeak hobeto jagoteko aldarrikapenak
ā€œEnpresak saldu egin dabe soldata igoerea besterik ez dogula gura, eta hau guztiz faltsua daā€ dinoe janlekuetako beharginak. Aldarrikapen garrantzitsuenak honeek dirala dinoe: lan ordu gehiago txostenak prestetako eta turoreakaz berba egiteko, formakuntza espezifikoa, ratioen beherapena umeak hobeto jagoteko eta soldataren %5eko igoerea Sailaren personalagaz ekiparetako.


Erredakzinoa

Igorre

Lau gaztek poliziaren jazarpena salatu dabe

Berroigeta hamar arratiarrek babestuta, zemendiaren 16an agerraldia egin eben Igorren. Bertan, Andoni Akesolo, Zigor Iturrioz, Josu Payas eta Izkander Arrizabalagak kalez jantzitako polizien aldetik jarraipenak izan dabezala adierazo eben.
Aurkezpenean, "azken aldian indar polizialen presentziak gora egin dauala" adierazo eben. "Jarraipenak eta kontrolak" gero eta ugariagoak dirala esanez. "Estadua Ezker Abertzalearen lan politikoa oztopatzeko edozertarako prest" dagoala azpimarratu eben. "Salaketa publikoa da antzerako erasoai aurre egiteko modu bakarra" gaineratu eben. Hilaren 27rako manifestazinoa deitu dabe Igorren jazarpena salatzeko.
Emondako prentsaurrekoan kasurik larriena Andoni Akesolorena izan dala esan eben. Bere berbetan, urri bigarrenaren 23an Axular taberna ixten egoala lau kaputxadun agertu ziran "hormearen kontra bota ninduen, Guardia Zibilak zirala esanez pistola bat erakutsita. Esku batan esku-burdinak ipini eustezan eta euretako batek, galdera batzuekaz kontua konpondu ahal zala esan eustan. Orduan, Arratiako hiru gazteren izenak aitatu eta ea ezagutzen nebazan galdetu eusten, nondik ezagutzen nebazan jakin guran. Honen ostean mehatxuka hasi ziran tabernan zer egoala baekiela esanez, eta "marroia neuk jango" nebala zehaztuz... (BEGITUn barria osorik).

Erredakzinoa

Areatza

BBK-k ez dau akordioa bete

Bolibar Fundazinoko egoiliarrak, bertan lanak egiteko, mobidu behar izan eben beste egoitzetara. Senitartekoak obrak egin bitartean egoiliarrak bertan geratzeko aldekoak ziran, baina BBK-k ez eban hori onartu eta idatzizko kontratua sinatu behar izan eben.

Kontratuak holan dino:
"I. Que BBK(...) se obligaba a prestar al segundo servicios de alojamiento y asistenciales en la Residencia de la tercera edad denominada Residencia Fundación Bolibar ubicada en Villaro.
II. Que dicha Residencia debe ser objeto de unas obras de rehabilitación y adaptación (las "obras") a la normativa vigente en materia de servicios sociales residenciales para la tercera edad, que se estima en un plazo de ejecución aproximado de CUATRO (4) meses.
III. Que durante la ejecucion de dichas obras(...) promoverÔ su reubicación a otras residencias".
Hamar hilabete dira akordioa sinatu ebenetik eta obrak aprilean amaitu ziran, baina egoiliarrak ez dira Areatzako Bolibar Fundazinora itzuli. BBK-k honen zergaitia eta egoiliarrak noiz itzuliko diran ez dau jakitera emon.
"Gure aita izan zan Bolibarretik urten zan azkena, 2008ko abenduaren 22an. Aprilaren 22an-edo batzar batera deitu euskuen obrak eginda dagozala esateko. Aste horretan deituko euskuela eta ordutik gaur arte ez da beste abisurik egon. Kontratuan agertzen da lau hilerako joan behar zirala kanpora eta hamar pasau dira. Eta itxaroten nago" dino Jon Urutxurtu egoiliar baten semeak.
Denpora tarte honetan, urten ziran 19 egoiliarretatik sei hil dira, eta ez da jente barririk hartu.

Sekretismoa eta azpijokoaren susmoa
Zaharretxean segurtasun zaintzaileak baino ez dagoz eta honeek be ez dakie noiz arte egongo diran. Patronatokoak "BBKren eskuetan" dagoala asuntua dinoe. Eta BBK-n obrak amaituta dagozala baino ez deuskue konfirmau, eta egoiliarrak zergaitik ez diran itzuli eta noiz itzuliko diran galdetutakoan BBK-ko Gizartekintzak ez deutso begituri erantzun... (BEGITUn barria osorik).

Erredakzinoa

Arratia

Elorriako semearen arrastoa ez da galdu Zeberion

Anton ArtiƱano (1945-2000) handia zan. Handia zan gorputzez, handia zan bihotzez eta itzal handia itxi eban ez bakarrik Zeberion, baita bere lanaren frutuak manteniduten diran lekuetan be. Anton nekaezina zan, lanerako kapazidade ikaragarria eukan eta beti egoan proiektu barriak martxan ipinten. Onura soziala eukiko eben proiektuak. Eskuzabala zan eta aitzindaria arlo askotan. Halan dinoe ezagutu eben guztiak eta ez dira gitxi.
Elorrian jaio eta Elorrian hil zan Anton. Beharrean. Ezagutzen ebenen eretxian ezin zan bestela izan, beti egoan eta beharrean. Eta Elorrian, bizitza biribil bat itxiz.

Anton eta osasuna
Antonio ArtiƱano Ellakuria 1945ko zemendiaren 4an jaio zan Zeberioko Elorria baserrian. Ermitabarriko eskolan lehenengo urteak egin eta gero, 11 urtegaz Derioko Seminariora joan zan...
(BEGITUn erreporaje osoa).

Erredakzinoa

Lemoa

Auzoakaz batzarrak egiten hasi da Udala

Lemoako Udala hasi da auzoakaz batzarrak egiten auzune bakotxari jagokon diru partidea zertan gastau ebazteko. Batzarrok batez be nekazal auzuneetako jenteagaz eta ez urigunekoagaz egiten dagozala esan deutso BEGITUri Jabier Beobide Lemoako alkateak. Honeen helburua auzuneetako preminak ezagutzea da.
Batzarrak ez dira aurrekontuak egiteko, aurrekontuak auzune bakotxari ipinitako diru partidea zertan gastau ebazteko baino. Eta auzuneak daukiezan preminak ezagutzeko bertan bizi diranai berbea emongo deutsee hurrengo asteotan. "Auzokoak non eta zelan gastau gura daben dirua esateko egiten doguz batzar honeek. Zer eskatzen daben jakiteko. Badagoz idea batzuk: seinaleak, trafikoa moteltzeko proposamenak..." dino Beobide alkateak.

Erredakzinoa

Igorre

Edurretako mundu erromantikoa

Zemendiaren 2tik 30era, Gartzen Martinez argazkilari igorreztarraren "Bide Zurie" izeneko argazki erakusketea dago ikusgai Igorreko Kultur Etxean. Argazkiok "Pirena" Pirineotako txakur lasterketan ateratakoak dira. "Ingurune gogor eta ikusgarrietan, persona eta txakurren arteko alkarlan, konbibentzia eta ahalegina erakusten" dabe argazkiak.
Pirineotan aterata egon arren, "aparteko mundu bat erakusten dabe, Jack London-en literaturak eta Ernest Shakleton edo Roald Amundsen esploradoreak egindako biajeak arean erromantikoago egin daben mundu bat". Sujerentziaz betetako mundua, hain zuzen.

Erredakzinoa

Igorre

Negarrak atzera bota dau enplegua erreguletako espedientea

Sei egun iraun ditu Negarrako greba mugagabeak. Izan be, enpresak enplegua erreguletako espedientea atzera bota dau. BEGITUk informau eban moduan, grebak enpreseak ipinitako erregulazino espedientea baztertzea eukan helburu eta enpreseak espedientea atzera botatzean, beharginak beharrera bueltau dira.




Erredakzinoa

Arratia

IKT-k informatika ikastaro gehiago antolatuten dabil

Itsamendikoik emondako ikastaroa amaitu eta gero, Gorbeialdeko IKT-k ikastaro gehiago egiteko eskariak hartzean dabiz. Horregaitik, jakinarazo gura deutsee herritarrai ikastaroren bat gura izan ezkero, informazino guztia www.gorbeialdea.com web gunean daukiela.
Bestalde batetik, gure inguruko interneterako konexio arazoak dirala eta urtenbideak topatuteko, Arratiako bazter guztietako datuak dabizala jasoten azaldu deutso BEGITUri ZuriƱe Etxebarria IKTko teknikariak.

Ubiden itzalaldi analogikoa
Ubiden urri bigarrenaren 30ean hasi zan itzaldi analogikoa. Prozesu hau zemendiaren 10ean amaituko da eta egun horretatik aurrera zentroak ez dabe gehiago seinale analogikoa transmitiduko. Hau Arabako zati handi baten eta Bizkaiko Otxandio eta Ubiden.

Erredakzinoa

Igorre

Ormazabal Greban

Komenioa negozietako orduan enpreseagazko diferentziak dirala eta, urri bigarrenaren 20an ordubeteko lanuzteak egiten hasi ziran Ormazabaleko beharginak. "Ordubeteko lanuztea errelebo bakotxeko. Baina ikusita enpresak ez dauala jarrera onik euki, urri bigarrenaren 27an egun osoko paroak egiten hasi gara" azaldu deutso begituri Gaizka Iturza LABeko ordezkaria Ormazabalen.

Malgutasuna eta soldata igoerea eztabaidan
Enpresa eta beharginen arteko desadostasuna malgutasuna eta soldata igoerea negozietan sortu da. Izan be, enpreseak malgutasuna eskatzen dau eta beharginak ez dabe hori onartu gura, euren bizi kalidadeari eragin deutsalako.
Soldataren igoereari jagokonean, enpresak KPI erreala eskeintzen dauala dinoe beharginak eta horrek praktikan soldata ez igotzea esan gura dauala. Baina enpresak "etekin handiak euki ditu pasa dan urtean, 30 miloe euro inguru" Gaizka Iturza LABekoaren arabera.
Beharginak eskatzen dabena da KPIa +2, minimoa %3ko igoerea izanik, eta malgutasunik ez. Hori dala-eta, hiru egun osoko greba be egin eben urri bigarrenaren 27an, 28an eta 29an.

Erredakzinoa

Arratia

"Eskualde begiradea dogu, errekursoak sustatzeko"

Landa eremuen garapena da Gorbeialde lango alkarteen helburua. Krisiak eragina izan dau industrian. Eta gure ekonomian makalagoak diran beste sektoreetan, sentidu da krisia? Zelan egiten deutsie aurre? Arantza Atutxa Gorbeialdeko zuzendariak kontau deusku zein egoeratan dagozan Lehen Sektorea eta turismoa, eta horreek sustatzeko Gorbeialdek egiten dauan beharra. Hemen BEGITUk aterako dauan alkarrizketaren aurrerapentxoa.

Aldaketa batzuk egon dira Gorbeialden. Lehendakari aldaketea, esaterako.
Presidentzian, Basogintza alkarteak jarraituten dau, baina Basogintza alkarteko ordezkaria aldatu egin da, lehen Alberto Etxebarria zan eta orain Txomin Ozerinjauregi. Ozerinjauregi dogu orain Gorbeialdeko lehendakaria.
Eta turismo teknikaria be orain- tsu hasi da, IƱaki Saenz. Denpora apur bat emon beharko da jakiteko turismo kontuak zelan doazen. Kasualidadez, promotore asko suertau dira batera ekimenak aurrera eroaten. Eta lortu izan dogu finanziazinoa eurei laguntzeko. Pozik gagoz. Ea orain gestinoan erantzunik daukan! Baina itxaron egin beharko da. Horretarako dinamizatzailea garrantzitsua da, eta orain badaukagu.

Turismoa dala eta badirudi gogor dabilala Arratia. Hainbat gauza inaugurau dira: bainuetxea, Pitch and Putt, Ellauri hotela... turistak etorten dira?
Turismo teknikaria daukagu eta bera dabil apur bat arlo hori sustatzen. Hasibarria da, ha ta guzti be. Gu ahalegintzen gara promotoreai laguntasun bat emoten finanziazinoan eta emoten diran zerbitzuez gain, eskeintza turistikoak halako koerentzia bat euki daian saiatzen gara. Adibidez, Gorbeialderen bitartez bainuetxeak hasierako diru laguntza bat izan dau. Orain, Insersoaren bidez, talde batzuk asegurauta daukaz. Gu ahaleginduten gara, etorriko dan jente horreri ekintza batzuk eskeintzen. Zeozer egon behar da ikusteko, zeozer erakutsi behar dogu, ez dira egongo hotelean sartuta. Orduan, gu ahalegintzen gara dinamizazinoa sortzean...

Erredakzinoa

Lemoa

Mendiko argazkien lehiaketea antolatu dau Ganzabalek

Zemendiren 11ra arte, Ganzabal Mendi Taldeko bazkideak argazki lehiaketan hartu daikie parte. Argazkien gaiai jagokienean, bi modalidade dagoz: Ganzabal Mendi Taldearen ekitaldiak eta mendia eta natura orokorrean. Parte hartzaileak modalidade bakotxeko 3 argazki aurkeztu ahal izango ditue gehienez.

Zazpi sari bananduko dira
Modalidade bakotxean hiru sari emongo dira eta gainera sari popularra be egongo da. Epaimahaian mendi taldeko zuzendaritzak aukeratutako lau persona egongo dira, laurak mendizaleak eta argazkigintzan adituak. Sari popularra emoteko bazkideen emonaldietara datozanen botoak ebatziko dabe modalidade honetako irabazlea. Argazki hori 2010ko egutegiko portadea izango da.

Erredakzinoa

Artea

Argidun bide-seinaleen aurkezpena egin dabe Artean

Estadu mailan lehenengoa dan argidun bide-seinale bat sortu eta Artean aurkeztu eben urri bigarrenaren 14an. Aurkezpen ekitaldian Alberto Etxebarria Arteako alkateak, Iker Iturbe Ceprenor-eko zuzendariak eta IƱigo Karide arteaztarrak, proiektuaren ā€œaitaā€ eta LM-Bilbao-ko zuzendariak, azaldu ebezan seinaleon ezaugarriak eta lehenengoz Artean instaletearen zergatia. ā€œHerri txikiak be barrikuntza teknologikoaren alde dagozalakoā€ alkatearen esanetan.

Segurtasuna handitu eta energia aurrezten dauan bide-seinalea
Bide seinale honek, kanpotik jasoten dauan argiaz gainera, argiztapen sistema propioa dauka, LED teknologia erabilten dauana. ā€œSeinale honek egun ilunetan, bere barruko argiagaz sei bider gehitzen dau seinalearen argiztapena, modu homogeneo baten gaineraā€ azaldu eban IƱigo Karide proiektuaren sortzaileak. Eta sei aldiz gehiagoko ikuspena eskeintzeak zuzenean eragiten dau bide segurtasunean, aurkezleen eretxian.
Urtean 5 euro baino gitxiagoko konsumoa dauala bide-seinale honek eta produktu ekologikoari saria be jaso dauala azaldu eban Karidek.
Bide seinale hau 2006an onartu eben Erresuma Batuan eta Estaduan Artean instalau dira lehenengoak. Arratiarra da Karide eta Arratian aurkeztu gura ebazan Urban Light seinaleak. ā€œLm-Bilbaok egoitzak ditu Madrilen, Bartzelonan eta Levanten, baina Arratian aurkeztu eta lehenengoak instalau gura genduazan. Izan be, kanpoko proiekturen bat moteldu behar izan dogu horretarakoā€.


Erredakzinoa

Igorre

Aurrekontu parte hartzaileak martxan

Igoreko aurrekontuak modu parte hartzailean egingo dirala, hirugarren urtez, jakin arazo dabe Udal iturriak. Honen barruan, auzo eta sektore batzarrak deituko dabez urri bigarrenaren 13tik 23ra. Galder Olibares alkatearen berbetan "Udalaren ebatzi garrantzitsuena da herriko diruak zelan gastauko diran eta herritar guztiak daukie honetan parte hartzeako eskubidea". Krisia dala eta, Gobernu-taldearen proposamena alkatearen egungo soldatea %13 jaistea da. "Arduradun publikook modu eredugarrian jokatu behar dogulako".

San Juan eta mobikortasuna
Bestalde, San juan auzoko urigintza beharrai jagokien egitasmoa be martxan da. Udalak auzoan espaloia egiteko asmoa dauka. Gaia lantzeako hainbat bilera egin dabez auzotar eta lurjaubeakaz eta hiru alternatiba diseinau ostean, herritarren eretxiak biltzean dabil Udala, inkesta bidez. Egitasmoak urri bigarrenaren 19ra arte egongo dira ikusgai Kultur Etxean, astelehenetik barikura, 10:00etatik 21:00etara. Udal teknikariak egitasmoaren inguruko azalpenak emongo dabez urri bigarrenaren 19an (18:00etatik 19:00etara).
Bide honeri jarraituz, beste foro bat egin eben Mobikortasunaren Aurrediagnostikoa herritarren ekarpenaz osotuteko. Helburua herriko mobikortasunaren argazkia ateratea zan eta ondorioa autoaren larregizko erabilerea izan zan.

Herritarrak Igorre definiduten
Igazko udagoienean aurkeztu eban Udalak "XXI. mendeko Igorre. Hausnarketa, eztabaida eta parte-hartze prozesua". Helburua, ahal danik eta parte-hartzerik zabalenagaz, "herritarrak zelango herria gura daben definidutea da", Gotzone Amuriza zinegotziaren esanetan. "Egitasmo nagusi honen barruan, hainbat ekimen ipini da martxan: Goiko plaza eta Elexalderen inguruko eretxi bilketea, igaz egindako foroak edo Agirre Lehendakariaren inguruko ideia lehiaketa eta erakusketea".

Erredakzinoa

Arratia

Areatza, Zeanuri eta Ubide Ondarean Europako Jardunaldietan

Josune Ariztondo Kulturako Foru Diputatuak aurkeztu eban Areatzan Ondarearen Europako Jardunaldien IX. Edizinoa. Europako kulturartekotasuna sustatzea helburu daben jardunaldi honeetan Bizkaiko 54 herrik hartzean dabe parte –igaz halako bi-. Bizkaia bideetan zehar titulupeko aurtengo edizinoan Areatzak, Zeanurik eta Ubidek hartuko dabe parte. Eta bideak gure historian izan daben garrantzia ikasteko aukerea eukiko dabe herritarrak. Holan, Areatzan herrian egingo diran bisita gidatuetan Errege Bidea erakutsiko dabe eta Zeanurin, Zeanuri eta Ubideko Larreen Mankomunitatearen Ibilbidea.
Urri bigarrenaren 10 eta 11n izango dira Areatzako bisitak eta Errege Bidearen garrantzia merkataritzea, burgesia, lanbide tradizionalak eta honeei lotuta doan urigintzaren garapena azalduko dabe gidariak.
Larreen Mankomunitatearen ibilbidea barriz, urri bigarrenaren 31n izango da. Goizeko 10:00etan batuko dira ibiltariak Ubideko plazan eta Erdi Aroko galdatzearen zehar 12 kilometro inguru egin ostean Zeanurin amaituko da ibilaldia.
Informazino gehiago 902 026 195 telefonoan.

Aurkezpen ekitaldia
Urri lehenengoaren 23an izan zan aurkezpen ekitaldia Areatzako Gudarien plazan. Bertan, Josune Ariztondo Kulturako Foru Diputatuak hartu eban berbea lehenengo. Honek Ondarearen garrantzia azpimarratu eban "egunerokotasunak urrundu egin dau Historia", eta bideen garrantzia, bai besteakaz komuniketako, baita garana eraikitzeko. Krisiari be egin eutsan aipamena "txarragoak be pasau doguz" esanez eta hau be gaindituko dogula dudarik ez izan arren, alkarregaz beharra egin ezkero, gainditzea errazago izango dala esan eban.
Gero Mikel Urriz Areatzako Kultur Suspertzailearen txanda izan zan. Honek jardunaldiotan Areatzaren partaidetzaren barri emon eban. "Areatzako Udalak zazpi aldiz hartu dau parte jardunaldi honeetan. Aurtengorako ekimen nagusi bi prestatu dauz: bisita gidatuak urri bigarrenaren 10 eta 11n eta Euskal jaia 17anā€. Bisita gidatuak herrigunean egingo dira Areatzatik pasetan dan Errege Bidearen garrantzia azalduz. Ordubete inguru iraungo dabe bisitok eta goizean 11:00etatik 12:00etara eta arrastian 17:00etatik 18:00etara izango dira. Euskal jaiari jagokonean, ogibideak eta artisautza egongo dira ikusgai eta ohitura eta jantzi tradizionalak kalera aterako dabez areatzaztarrak.
Ostean, Alex Turrillas Aranzadiko historialariak, Errege Bidearen azalpen historiko batzuk emon ebazan.


Erredakzinoa

Arantzazu

Udeari agur egiteko jaiak Arantzazun

Urrietan, Arantzazuk eta auzuneak eskaintzen dabe jairik jai ibilteko aukerea. Holan, Zeanurin Altzusten sanmigelak eta Igorren Garben be sanmigelak ospatu dabez egunotan. Indusin (Dima) San Fresku jaiak hartu eben erreleboa, hilaren 10ean Arantzazuko jaiai pasetako.

Arantzazun San Fausto jaiak
Arantzaun San Pedro eta San Fausto jaiak ospatuten dabez. Holan, hilaren 10ean sanfaustoak ospatuteko Herri Afaria antolatu dabe frontoian. Menua, oilasko izterrak txingarretan erreta, postrea, kafea eta kopea. Eta ostean erromeria JOKALDI taldeagaz. Afarirako izena Udaletxean emon behar da hilaren 5a baino lehen.
Hilaren 17an ostera, Arantzazuko Mugarrien Bira ibilbidea egingo da.

Garbeko azokea
Igorreko Garben, urri lehenengoaren 27an hasi ziran jaiak Zeanuriko Antzerki Taldeak egindako emonaldiagaz. San Migel egunean, martitzenean, Mezea eta barauskarria egon ziran Mikele auzunean. Hurrengo egunean animen Mezea. Ez dira jaiak amaitu ordea. Hilaren 3an, Mus txapelketa arina eta hurrengo egunean briska txapelketa arina egongo dira.
Garbeko Azokea, hilaren 11n izango da. Han, 50 postu ingurutan, euren baratzetako produktuak eskeiniko dabez Arratia, Otxandio eta Orozkotik etorritako baserritarrak. Trikitilariak animauko dabe azokea egunean zehar.

Erredakzinoa

Arratia

Brontzezko domina lortu eban Sevillan Zabalak

Itziar Zabala eskalatzaile dimoztarrak brontzezko domina lortu eban hilaren 4an Sevillan jokatutako Espainiako Txapelketan 16 urte azpikoen kategorian. Katalunia eta Tenerifeko neskak egin eben lehenengo eta bigarren hurrenez hurren.
Gizonezkoen kategoria nagusian Patxi Usobiaga eibartarra izan zan Espainiako txapelduna.
ā€œPodium-ean egotea itzela izan zan. Ez neban espero. Sano urduri egon nintzan eta ez neukan burua lar ondo. Ha ta guzti be, dana ondo atera zan eta sano pozik nagoā€ azaldu deutso BEGITUri eskalatzaile gazteak.



Erredakzinoa

Arratia

Bandoaren laguntzaz helduko dira teknologia barriak

Bandoa erabili dau Gorbeialdek teknologia barriak Arratiako txoko guztietara zabaldu daiezan. Gorbeialdeko IKTko dinamizatzaileak, Arratiako Udalen laguntzeagaz, Internet eta telefono mobikorren arazoak identifikau eta konponduko dabez. Horretarako, arazoak daukiezanak IKTko dinamizatzaileagaz ipini behar dira kontaktuan. Ostean, kaltetuakaz batzarrak egingo dabez eta bertan, IKTkoaz gainera, Udaleko eta Itelazpiko arduradunak be egongo dira.
Ikastaroak martxan
Teknologia barriak erabilteko, KZguneko ikastaroak martxan ipinten dabil Gorbeialdeko IKT Zerbitzua. Zeanurin eta Areatzan hasita dagoz ikastarook eta Diman talde bi sortu dira eta hile honetan hasiko dira eskolak. ā€œArratiako herri gehienetan gabiz KZguneko kursoak eskeintzen, kartelak ipini eta panel elektronikoetan be atera doguzā€ azaldu deutso BEGITUri ZuriƱe Etxebarria IKTko dinamizatzaileak. Ikastaro honeek doban dira, 16 urtetik gorakoentzat.
Autonomo eta enpresa txikientzako ikastaroak
KZguneak, gainera, autonomo eta enpresa txikiai zuzendutako pretakuntza arloa dauka eta ikastaro eskeintza zabala dago. ā€œBertan maila desbardinetako formakuntza eskeintzen dabe: ezer ez dakienentzako zein aurreratuago dagozanentzat sinadura digitala zer dan eta zelan egiten dan, berbarakoā€ dino Etxebarriak.


Erredakzinoa

Arratia

Saria Maitane eta Liernirentzat

Maitane Diez eta Lierni Ugartemendiak lortu dabe aurtengo Postal lehiaketearen saria Estokolmotik bidalitako postalagaz. Epaimahaia Zertuko zuzendaritza batzordeko Esti Izagirre presidenteak, Hektor Rodriguez presidente ordeak eta Ainhoa DuƱabeitia eta Irune Garzia laguntzaileak osotu eben.
"Postal hori aukeratu dogu umore puntu bat daukalako eta ohiko postaletatik desbardintzen dalako. Gitxitan ikusi daitekean postala da, irudia polita eta dibertigarria iruditu jakun, testuak barriz, irudiari erreferentzia egiten deutso eta bisitautako herrialdea lotzean dau" azaldu dabe epaimahaikoak.
Hauxe inoen neska honeek postalaren barrualdean:
Suediarrak hotzak? Nok esan dau? Begituzaleok, Estokolmon ez dau egiten hotzik! Jentea, uden, parkeetan-eta egoten da. Guk oindino eztakigu zegaitik...
Badakizue, zahartzaroan, hartu BEGITU beso azpien, garbitu betaurrekoak eta erdu Estokolmoko parkeetara, ederto pasaukozue-eta, Benidormen baino hobeto!
Saria Nafarroako landetxe baten astegoiena pasetea da. Estokolmoko jentea bezain "beroa" ete da Nafarroakoa be? Esango deuskuzue bueltan. Zorionak!

Erredakzinoa

Arratia

Bizkaiko trontza txapelketea

Gizonezkoen Bizkaiko Trontza txapela Basaurin jokatuko da hilaren 12an, eguerdian. Han, Arratiko bikote bi izango dira Olibares-Intxaurbe eta Arana anaiak.
Etxebarria ahiztak be jokatuko dabe Bizkaiko Trontza txapelketea.

Erredakzinoa

Arratia

Udeari agur egiteko jaiak auzuneetan

Urrietan, Arantzazuk eta auzuneak eskaintzen dabe jairik jai ibilteko aukerea. Holan, Zeanurin Altzusten sanmigelak eta Igorren Garben be sanmigelak ospatuten dabez egunotan. Indusin (Dima) San Fresku jaiak hartuko dabe erreleboa, hilaren 10ean Aran- tzazuko jaiai pasetako.
Garbeko jaiak
Igorreko Garben, urri lehenengoaren 27an hasi ziran jaiak Zeanuriko Antzerki Taldeak egindako emonaldiagaz. San Migel egunean, martitzenean, Mezea eta barauskarria egon ziran Mikele auzunean. Hurrengo egunean animen Mezea. Ez dira jaiak amaitu ordea. Hilaren 3an, Mus txapelketa arina eta hurrengo egunean briska txapelketa arina egongo dira.
Garbeko Azokea, hilaren 11n izango da. Han, 50 postu ingurutan, euren baratzetako produktuak eskeiniko dabez Arratia, Otxandio eta Orozkotik etorritako baserritarrak. Trikitilariak animauko dabe azokea egunean zehar.
Indusiko San Fresku jaietako egitaraua:
Indusin, hilaren lehenengo astegoien honetan Sanfreskuak ospatuko dabez. Aikomen prestatu daben egitaraua:

URRI BIGARRENAK 2, barikua
14:00etan, Txupinazoa eta jaien hasierea.
17:00etan, Briska txapelketea.
19:30ean, Txitxiburduntzi.
20:30ean, Alboka eta trikitixea AGEDA ETA KONTXESIgaz.
21:00etan, MAITANE ETA ASIBAR-egaz erromeria.
23:00etan, JAIK taldearen kontzertua.
02:30ean, Txokolatea.

URRI BIGARRENAK 3, zapatua
13:00etan, Bertsolariak: Ibon Iza eta Gorka Lazkano.
13:30ean, Txalaparta eta argazki erakusketea.
14:30ean, Baba lapiko lehiaketea.
17:00etan, GAZTE BARRI jantza taldea.
17:30ean, Umeentzako herri kirolak eta eskulanak.
20:00etan, Berakatz zopa, tortilla eta ogizko tostada lehiaketak.
22:00etan, JAINAGA ETA NARBAIZA taldeagaz erromeria.
23:00etan, Auzokoen antzerkia.
23:30ean, Mozorro lehiaketea.
00:30ean, Tango lehiaketea.
01:00etan, Txokolatea.

URRI BIGARRENAK 4, domekea
San Fresku eguna
13:00etan, Mezea.
13:30ean, Argazki erakusketea. Ostean, barauskarria herriko trikitilariak alaituta.
14:00etan, Zozketea.


Erredakzinoa

Arratia

Taldeak mantenidu eta barriren bat be sortu leiteke AEK-n

Oraindino matrikulazino epea zabalik dagoan honetan, Arratiako AEK-n matrikulazinoa ondo doala adierazo dau Lurdes Ortega AEK-ko irakasleak. ā€œMatrikulazinoa momentuz igaz baino hobeto doa, baina oraindino goiz da gauzak segurutzat hartzeako. Halanda be, emoten dau igazko talde gehienak manteniduko doguzala eta barriren bat be sortuko dalaā€.
Baleiteke krisiak eragin positiboa izatea matrikulazinoan. Izan be, krisi garaian jenteak tituluak gura izaten dauz eta tituluak eskuratzeko ikastaroak eskeintzen dabez Euskaltegian. Holan, ikasle gehienak ā€œhasierako mailetan eta tituluak eskuratzeko ikastaroetan: EGA eta HABEren 2. eta 3. mailanā€ emon dabe izena.
Preminetara egokitutako eskeintzea
Txikia izan arren, Igorreko euskaltegian euskalduntze osoa, alfabetatzea, HABEk sortu eta Hizkuntza Eskakizunen baliokide diran 1. 2. eta 3. mailak prestatzeko ikastaroak eta enpresetan ikastaroak emoten dabez. Gainera, ā€œtaldea sortu ezkero, eskatuten jakunari erantzuten deutsagu bai ordutegiari bai ikastaroaren helburuari jagokonean, inor kanpoan gelditu ez daitenā€ dino Ortegak.

Erredakzinoa

Arratia

Mobikortasun astea Arratian

Europako Mobikortasun Iraunkorraren astean, honeek dira Arratian antolatutako ekintzak:
Urri lehenengoak 14, astelehena
Mobikortasun Foroa Areatzan: Diagnosia. 19:00etan Udaletxean.
Urri lehenengoak 16, eguzatena
Mobikortasun Foroa Igorren: Diagnosia. 19:00etan, Kultur Etxean.
Urri lehenengoak 18, barikua
STOP CO2 EUSKADI-ren informazino-stand ibiltaria eta ATERA KONTUAK izeneko kanpaina. MOBIKORTASUNAREN JAIA 17:00etan Areatzako Plazan.
Urri lehenengoak 19, zapatua
Goiz osoan, Arteako Industrialdea (aparkalekua)-MERKARTEA-Areatza bitartean tren turistikoa egongo da garraio kolektibo moduan.
Urri lehenengoak 20, domeka
BEDIATIK ZEANURIRA OINEZ. ARRATIAKO IBAIERTZETATIK.
Urteerea 9:30ean Bediatik. Izena emon: udalsare21.arratia@bizkaia.org edo 665725410 telefonoan, urri lehenengoaren 18a baino lehen. Joan eta etortzeko autobusa egongo da.
Urri lehenengoak 22, martitzena
KOTXERIK GABEKO EGUNA
Ipuin eta marrazki lehiaketearen erakusketea, sari banaketea eta ARRATIAKO MOBIKORTASUN IRAUNKORRAREN JAIA. 16:30ean, Igorreko Kultur Etxearen ondoan.
Urri lehenengoak 28, astelehena
Mobikortasun Foroa Areatzan: Ekintza Plana. 19:00etan, Udaletxean.


Erredakzinoa

Igorre

Bonifazio Arandiaren omenezko ekitaldiak 23, 24, 25 eta 26an

Joan dan gizaldiko trikitilari ezagunaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu Igorreko Udalak udagoien honetarako. Fasio Igorren jaio zan 1909ko abuztuaren 30ean, hortaz, aurten bere jaiotzaren mendeurrena bete da. Udalak herriko ondarearen berreskurapenagaz lotzean ditu omenaldiko ekitaldiak, Oihane Goioaga Kultura zinegotziaren esanetan: "Fasio trikitilari ezaguna zan, Arratian zein inguruetan urte luzetan alaitu zituan erromeriak bere akordeoi diatonikoagaz, hortaz, bere figura berreskuratu gurako geunke omenaldiagaz, jaiotzearen mendeurrena betetzen dan urte honetan. Bide batez, XX. gizaldiko erromeria aldarrikatu gurako geunke, orain dala urte batzuk itzelezko garrantzia izan eban fenomenoa izan zalako".

Herritarrak Fasiori egingo deutsien bigarren omenaldia izango da hau. 1988an egin eutsien lehenengoa, bere heriotzatik hilabete gitxitara. Orduan, erakusketea, bazkaria eta trikitixa-jaialdia egin ebezan eta bere auzunean (Garben) dagoan omenezko oroitarri-iturria inaugurau eben.

Urri lehenengoaren azkenean jarraituko dabe mendeurreneko ekitaldiak. Urri lehenengoaren 23an jantza tailerra egongo da Aiko taldeagaz Kulutr Etxean 19:00etan. Urri lehenengoaren 24an Fasio eta XX. mendeko trikitixaren gaineko mahai-ingurua egongo da Igorreko Kultur Etxean 19:30ean, Jose Jabier Abasolo "TiliƱo", Joseba Tapia, Aingeru Berginces eta Ruper Ordorikagaz, Jon Etxebarrik zuzenduko dau berau.
Hilaren 25ean, antxinako erromeria, XX. Gizaldiaren hasieran egiten ziran erromeriak bizi izango dira barriro AIKOren eskutik 19:00etan Kultur Etxeko plazan.
Hilaren 26an, barriz, kontzertua. Bizkaia eta Gipuzkoatik etorritako hainbat musikari tradizionalek eskeiniko dabe euren errepertotioa Kultur Etxeko Lasarte Aretoan, Xabier Aburruzaga, Maixa, Ines eta Maite, Laja, Narbaiza eta Izer eta Alabier, Ibon Koteron besteak beste. Gainera Arratiako Musika Eskola, Arantzarte Dantza Taldea, Ibon Koteron eta Esti eta Olatz kantuan entzungo doguz kontzertu honetan.
Fasioren gaineko erakusketa bat be gongo da Kultur Etxean urri lehenengoaren 24tik urri bigarrenaren 4ra.

DVDa eta liburua
Material hau guztiau ez galtzeako, Igorreko Udalak DVD bat aterako dau musika grabazinoakaz eta liburu bat, Fasioren bizitza eta bere sasoiko gizartea ezagutzera emoteko urte honen amaieran.

Biografia laburra
Bonifazio Arandia, Fasio 1909an jaio zan, Igorreko Mikele auzunean. Bere lehen eskusoinua ilara bateko akordeoia izan zan. Trikitixa geroago erosi eban. Hamahiru urtegaz hasi zan plazan joten. Urte askotan itxita izan eban, gerra ostean, etxean zituan soinu biak lapurtu eutsiezalako. 1971ean bueltau zan, Leioan txapelketea irabaziz. Arteako Benantzio Bernaola "Karakol" hil ostean, beronen emaztea zan Maurizia Aldaiturriaga eta Leon Bilbao albokariagaz batu zan entzute handiko hirukotea osotuz. Bizkaiko trikitixa estiloa zabaldu eben plazarik plaza. 1987an hil zan, etxean.

Erredakzinoa

Zeberio

Modernidadea eta tradizinoa San Antolin jaietan

Abuztuko 28an, barikuan, hasiko dira aurten Zeberioko San Antolin jaiak eta urri lehenengoaren 2an amaituko dira. Prestau daben egitarauak modernidaderik modernoena gazteai zuzendutako ekintzetan eta tradizinoa, gastronomia lehiaketetan eta herri kiroletan, berbarako, batzean ditu. Skate eta makailau txapelketea. Danak ondo pasetako modua.

ABUZTUAK 28, barikua
11:00etan, Jumping sky.
21:00etan, herri afaria.
00:00etan, KORRONTZI taldearen kontzertua.

ABUZTUAK 29, zapatua
14:00etan, tortilla eta makailau txapelketak.
18:00etan, Skate.
22:00etan, Elektrotuna.
00:30ean, GATIBU eta UNE ROCK taldeen kontzertuak.

ABUZTUAK 30, domekea
14:00etan, tortilla eta makailau txapelketak.
18:00etan, Herri kirolak.
21:00etan, ZEANI antzerki taldea Ana-Lisis lanagaz.

ABUZTUAK 31, astelehena
14:00etan, trikitixa.
15:00etan, Babajana lagunen artean.
18:00etan, esku pelota partiduak.

URRI LEHENENGOAK 1, martitzena
Goizean: umeentzako herri kirolak.
Arrastian: txokolatea.

URRI LEHENENGOAK 2, eguaztena
12:30ean, mezea.
19.00etan, PIRRITX eta PORROTX pailazoak.

Erredakzinoa

Areatza

Astondoa Piroteknia nagusitu da Bilboko jaietan

Europako hainbat etxegaz neurtu zan billarokoa Bilbon, eta nazinoarteko saria lortu eban. Astondoa Pirotekniak ikuskizun zaratatsu eta indartsua eskaini eban, publikoari asko gustau jakona. Hirugarren aldia da Astondoa Pirotekniak Bilboko Aste Nagusiko nazinoarteko su artifizialen lehiaketan parte hartzean dauala.
Bilboko Aste Nagusiko gabak argitzen daben suak lehiaketan parte hartu ahal dabe edo ez. Astondoa Pirotekniak aspalditik erakusten dauz bere lanak Bilboko jaietan, baina lehiaketan parte hartzean dauan hirugarren urtea izan da aurtengoa. Eta lehiaketea irabazi egin dau, bere aurkarien lanak maila onekoak eta jentearen gustokoak izan arren.

Italia, Britania, Madril eta Alemaniako aurkariak
Jaietako lehenengo egunean, abuztuaren 15ean, Italiako Parapente Fireworks-en suak lehiatu ziran. Etxe hau ezaguna da Bilbon 1998an Villa de Bilbao lehiaketea irabazi ebalako. Gainera, igaz, Sanferminetako Meteoro saria irabazi eban IruƱean.
Lehiaketan bigarren partaidea Festival Fireworks etxe britaniarra izan zan. Etxe honek be hainbat sari irabazi dauz: British Pyromusical Championship 2006 eta 2007an eta Blanesen (Girona) eta Valtemonten (Italia) be jaso dauz sariak.
Madrilgo Vulcano etxeko suak arrakasta handia izan eben eguaztenean. Honeek be Burgosen eta Italian izan dira txapeldunak. Eta Alemaniako First Class Pyro-Events-ek be ikuskizun polita eskeini eben barikuan.
Astondoa Pirotekniari azken saioa tokau jakon, jaiai amaierea emotea, beraz. Eta lehiaketea irabaziz emon eutsan amaiera hori, publikoaren oso gustukoa dan ikuskizuna eskainiz. Bilboko publikoari zaratea eta indarra gustetan jako beste gauza guztien gainetik. Eta horixe eskaini eban Areatzako su etxeak. Izan be, azkenengo trakak ā€œLurrikaraā€ izena eukan.

Erredakzinoa

Areatza

Aste osoa eta gehiago jaietan

Areatzan San Bartolome jaiak ospatuteko zortzi egunetako jai egitaraua prestau dabe. Domekatik domekara. Hilaren 23an emongo jakie hasierea jaioi eta hurrengo domekan, 30ean amairea. Tartean ez da faltauko zer egin, zer ikusi edo zelan ondo pasau.
Aurten be, Areatzako jaien barruan, euskaldunen topaleku eta euskeraz biziteko aukerea eskaintzen dauan Euskal Txokoa egongo da. Euskal Txokoko programea be daukazue lerrootan. On egin eta ondo pasau.

ABUZTUAK 23, domekea
14:00etan, txupinazoa.
15:00etan, Eroetxe txarangea.
19:00etan, Orkresta.
20:00etan, salbe herrikoia.
23:00etan, erromeria TRIKIZIO taldeagaz.
00:00etan, play back-a.

ABUZTUAK 24, astelehena
06:00etan, mortero jaurtiketa.
07:00etan, txistulariak.
11:30ean, Meza Nagusia.
12:30ean, Ohorezko Aurreskua.
12:45ean, Areatzako Banda.
18:00etan, pelota partiduak.
20:00etan Dantzaldia Jokaldigaz
23:00etan, erromeria TRIKI TA KEgaz.
04:00etan, txokolatea.

ABUZTUAK 25, martitzena
11:00etan, mezea.
12:00etan, Areatzako Dantza Taldea.
12:30ean, 3. adinekoen barauskarria.
17:00etan, briska txapelketea.
20:00etan, trapuzko pelotaren finala.
22:00etan, joko tradizionalak.

ABUZTUAK 26, eguaztena
11:00etatik 14:00etara, puzgarriak eta Jumping.
18:00etan, umeen play back-a.
20:00etan, frontenis finala.
21:30ean, afari herrikoia "Komiki gaua".
23:00etan, JOKALDI taldeagaz erromeria.

ABUZTUAK 27, eguena
17:00etan, bizikletan ibilaldia.
18:00etan, tortilla txapelketea.
19:00etan, askari herrikoia.
23:00etan, ZAUSTU, MG eta KOKOTEKO.

ABUZTUAK 28, barikua
14:00etan, paella lehiaketea.
17:00etan, tute txapelketea.
19:00etan, rally poteoa.
21:30ean, erromeria Hakker taldeagaz parkean.
23:30etan, SAGARROI eta ZEA MAYS taldeen kontzertuak.

ABUZTUAK 29, zapatua
14:00etan, makailau lehiaketea.
17:00etan, mus txapelketea.
19:00etan, Danborrada Txiki
22:30ean, gau suak.
23:00etan, Areatzako Danborrada, maioretak eta zalgurdiak.
00:00etan, erromeria LUHARTZ taldeagaz.
02:00etan, kalejirea tanborradeagaz.

Abuztuak 30, domekea
13:00etan, Meza Nagusia.
18:00etan, pailazoak.
22:00etan, Areatzako Banda.
00:00etan, azken txupina.

Euskal Txokoko programazinoa:
ABUZTUAK 24, astelehena
13:00etan KANTA GUNE tabernaz taberna.
ABUZTUAK 25, martitzena
18:00etan, Euskal Jokoak liburuaren aurkezpena. Gazteentzako jokoak.
ABUZTUAK 26, eguaztena
20:00etan, haurrentzako jantza tradizionalen tailerra.
ABUZTUAK 28, barikua
13:00etan trikipoteoa.
14:30ean euskaldunen bazkaria.
ABUZTUAK 29, zapatua
12:00etan txakoli tailerra eta pintxo lehiaketea.
ABUZTUAK 30, domekea
19:00etan, kantaldia.

Erredakzinoa

Zeanuri

Andra Mari jaiak

Lau eguneko jai egitaraua prestau dabe Zeanurin andramariak ospatuteko. Jaiak hilaren 13an, eguenean hasiko dira eta 16an amaituko. Gazteen gaua, 13an, umeen eguna 14an eta jubilauena 16an. Edade guztietakoak topauko dabe ondo pasetako modua. Aitatzekoak, irrintzi txapelketea, antxinako jokoak, giza futbolina eta bertso-pelota.

ABUZTUAK 13, eguena, Gazteen gaua
15:00etan, herri bazkaria.
16:30ean, Andra Mari pelota finalak.
19:00etan, txupinazoa eta kalejirea hiru zubietatik, buruhandi eta herriko txistulari eta trikitilariakaz. Irrintzi lehiaketea koadrilen artean.
Ostean, KATÜ BÜRU txarangeagaz kalejirea eta rally poteoa.
23:00etan, JAIK eta HESIAN taldeen kontzertuak.
Ostean, erromeria AMAIUR-egaz.

ABUZTUAK 14, barikua, Umeen eguna
11:00etan, kalejirea herriko txistulari eta trikitilariakaz.
11:00etan, umeen parkea plazan.
16:00etan, umeen futbitoa eta "Molto" motor lasterketea.
17:30ean, BETIZU disko festa plazan.
19:00etan, Koadrilen arteko herri kirolak plazan.
20:00etan, Salbea Andra Mari parrokian.
22:30ean, ZEANI antzerki taldea Ana-Lisis lanagaz.
23:30ean, Play Back-a.
00:00etan, MATERIA GRIS eta ZAUSTU Arratiako taldeen kontzertuak. Ostean, erromeria LUHARTZ taldeagaz.

ABUZTUAK 15, zapatua
Andra Mari eguna
11:00etan, kalejirea herriko txistulari eta trikitilariakaz.
12:00etan, mezea Andra Mari parrokian. Ostean, TURUTARRAK fanfarria herritik ibiliko da.
18:00etan, jolas parkea umeentzat, probalekuan.
18:00etan, koadrilen arteko antxinako jokoak plazan.
19:00etan, 2009ko Urrezkoa Aizkolari Txapeldunen liga. Plazan.
23.00etan, Bertso-pelota frontoian.
00:00etan, COVERING musika taldearen emonaldia plazan. Ostean, erromeria AKERBELTZ taldeagaz.

ABUZTUAK 16, domekea, Sukaldari eta jubilauen eguna
11:00etan, Sukaldari lehiaketea plazan.
12:00etan, mezea Andra Mari parrokian.
13:00etan, jubilauentzako barauskarria plazan.
13:00etan, bizikleta jaitsierea eskoletatik plazara eta proba-sorpresea.
14:00etan, sukaldari lehiaketearen sari banaketea eta herri bazkaria plazan.
17:00etan, Zeanuriko eskupelota txapelketako finalak eta Bizkaiko Open txapelketea.
19:30ean, koadrilen arteko giza-futbolina (mozorrotuta joan behar da).
20:30etik aurrera DONBOTS fanfarria herritik ibiliko da.
Ostean, txokolatadea, hiru zubiak eta jaien amaierea.

Erredakzinoa

Arratia

Iraia Liendo ugerlariak ugerlekuan zein itsasoan onena dala

Iraia Liendok laugarren egin eban bere kategorian Espainiako Udako Uger txapelketan. Txapelketa hau Las Palmasen izan zan garagarrilaren 21etik 24ra. Irabazlea izan zan emakumezkoetan, Nojako IX. Itsasoko Zeharkaldian, garagarrilaren 10ean. Eta Ordizian, Euskal Herriko Txapelketan, 6 urrezko domina eta 2 zilarreko lortu ebazan igorreztarrak.
Aikomen txapelketa bakotxean lortutako emoitzak.

Espainiako Txapelketa
1500 metro libreetan: 8. kategoria absolutuan eta 4. promesa kategorian (17-18 urtekoak).
400 metro libreetan: 14. kategoria absolutuan, 8. promesa kategorian.
800 metro libreetan: 16. kategoria absolutuan, 9. promesa kategorian.

Euskal Herriko txapelketa
Kategoria absolutuan:
800 metro libreetan, urrezko domina.
400 metro libreetan, urrezko domina.
4 x 200 metro libreetan, urrezko domina.
400 metro estiloetan, zilarra.
Promesa kategorian:
800 metro libreetan, urrezko domina.
400 metro estilotan, urrezko domina.
400 metro libreetan, urrezko domina.
400 metro bizkar, zilarrezko domina.

Nojako Zeharkaldia
Nojako zeharkaldiak 3.500 metro ditu: Ris hondartzatik urten eta Tregandin hondartzaraino. Igorreko ugerlaria izan zan lehenengo emakumezkoa.

Erredakzinoa

Arratia

Udan postal lehiaketea Begitun

Uda heldu da eta udagaz batera begitun klasiko bihurtu dan postal lehiaketea. Aurten be, zuen biajeak gugaz konpartidutea gurako geunke eta biajeen gaineko postalen lehiaketea abian ipini dogu.

Postal lehiaketearen oinarriak:
1. Parte hartzaileak: begitu Adizkaria jasoten dauan edonor.
2. Gaia: Irudiaren eta testuaren gaia librea izango da.
3. Lanen ezaugarriak: Aurkezten diran postalak, egindako biaje baten erositakoak edo aurkezten dituanak beren-beregi sortutakoak izan leitekez. Testua euskeraz idatzita egongo da. Testua zein irudiaren originaltasuna balorauko dira.
4. Nora bidali: Postalak helbide honetara bidaliko dira:
begitu Aldizkaria. Herriko Plaza 24. Artea 48142.
5. Aurkezteko epea: 2009ko garagarrilaren 1etik urri lehenegoaren 25era arte aurkeztu daitekez postalak. Abuztuko eta urri lehenengoko zenbakietan argitaratuko dira batzuk. Hala be, HORREK EZ DAU ESAN GURA ARGITARATUTAKO HORREEK DIRALA IRABAZLEAK.
6. Epaimahia: begitu Aldizkariko erredakzino taldeak osotuko dau epaimahaia.
7. Epaia: Epaimahaia urri lehenengoaren bigarren hamabostaldian batuko da epaia emoteko eta urri bigarrenean argitaratuko da aldizkari honetan
8. Saria: Oraindino ebatzi barik dago zein izango dan, baina duda barik merezidu egingo dau parte hartzeak.
9. Oharra: Lehiaketa honetan parte hartzean dabenak oinarri honeek onartzen dituela esan gura dau.
Beraz, badakizue, zuen postalen zain gagoz. Animau eta beste irakurleak agurtzeaz gainera, saria eskuratzeko aukerea izango dozue. Ondo ibili mundutik zehar!

Erredakzinoa

Lemoa

San Inazio jaiak

Garagarrilaren 30ean, txupinazoak emongo deutse hasierea Lemoako jaiai, nahiz eta garagarrilaren 27tik ekitaldiak egon motorrak berotuten hasteko. Lemoako jaien ezaugarririk aitatu behar bada, alkarteen parte hartzea aitatu beharko litzake. Ez dira Gaztetxekoak bakarrik parte hartzean dabenak ekitaldiak prestetan, Ganzabal Mendi Taldeak edo Zaztaparrak euren lekutxua daukie jai egitarauan.
Galdu ezinekoa, abuztuaren 1eko baltsen jaitsierea.

GARAGARRILAK 27, astelehena
22:00etan, "Glup" umeentzako zinema Elizondon.

GARAGARRILAK 28, marti- tzena
20:30ean, Eriz Magoa Elizondon.

GARAGARRILAK 29, eguaztena
18:00etan, 15 urtetik beherakoen futbito txapelketako finala eskoletan.
19:00etan, 15 urtetik gorakoen futbito txapelketako 3. eta 4. postua eskoletan.
20:00etan, 15 urtetik gorakoen futbito txapelketako finala eskoletan. Ostean, barauskarria.

GARAGARRILAK 30, eguena Mozorro eguna. Gaia: Erroma
18:30ean, jaietako kartelen erakusketea Udaletxeko plazan.
18:45ean, jaietako kartelen irabazleai sari banaketea Udaletxeko plazan.
19:00etan, txupinazoa Udaletxeko plazan.
Karabie Gaztetxeko kideak emongo deutsee hasierea jaiai. Ostean, kalejirea Udaltxeko plazatik Elizondoraino, kale antzerkiaz eta musikaz girotuta.
Elizondon, mozorro lehiaketearen sariak banatuko dira kalejirea amaitutakoan.
21:00etan, kuadrilen afaria Elizondon.
23:00etan, erromeria TXIMELETA taldeagaz.

GARAGARRILAK 31, barikua
10:00etan, "Diana" txistulari eta dultzaineruakaz.
12:30ean, mezea San Inazio baselizan.
13:15ean, Durundi Barri jantza taldea eta Lemoako Abesbatza San Inazio plazan.
18:00etan, ume eta gazteentzako herri kirolak San Inazio plazan.
18:00etan, 17 urtetik beherakoentzako ugel txapelketea.
18:30ean, 17 urtetik gorakoen- tzako ugel txapelketea.
19:00etan, 17 urtetik beherakoentzako bolo txapelketea.
19:30ean, 17 urtetik gorakoen- tzako bolo txapelketea.
20:00etan, kuadrilen arteko herri kirolak San Inazio plazan.
23:00etan, LARREGI eta KOP taldeen kontzertuak Elizondon.
01:00etan, erromeria Elizondon AMAIUR taldeagaz.

ABUZTUAK 1, zapatua
11:30ean, XII. Artisautza Azokea eskoletan.
12:00etan, Herrikoentzako X. Igeriketa txapelketea.
12:00etan, Sagardo festaren hasierea eskoletan.
13:30ean, Paella, tortilla, gisatu eta makailo lehiaketako lapikoak aurkeztuko dira eskoletan.
16:00etan, Ume eta gazteentzako jolasak eta tailerrak Ganzabal Mendi Taldeak eta Zaztaparrak antolatuta eskoletan.
19:00etan, Baltsen jeitsierea Ibaizabaletik. Urteerea Tallerretako zubian eta helmuga zubi barrian izango dira.
20:00etan, Arrantza eta Ehiza Elkarteak eskeinitako sardina jana Elizondon.
22:00etan, Lemoako 12 urtetik beherakoentzako Play Back lehiaketea Elizondon.
23:00etan, kontzertuak Elizondon POG MO THON eta KAUTA.
01:30ean, erromeria Elizondon DRINDOTS taldeagaz.
05:00etan, mokautxua Elizondon.

ABUZTUAK 2, domekea
11:00etatik 14:00etara, umeen- tzako jolasak Elizondon.
16:00etan, Mus eta briska txapelketak.
17:00etatik 19:00etara, umeen- tzako jolasak Elizondon.
19:00etan, Atxikistan. Kanpanolue martxan ekitaldia KANPANOLUE taldearen eskutik.
21:00etan, Jai Batzordeak eskeinitako barauskarria Elizondon.
22:30ean, Rantxerak ARANTXA ETA PANTXOgaz Elizondon.
Ostean, jaien amaierea Garsuren erreketea eta su artifizialak.

Erredakzinoa

Arratia

Arratiako XXX. Maratoi Txikia, Larraren meritu handia

Hori zan Luis Mari Uriarte "Larra"ri emondako txapelan ipinten ebana. Izan be, hogeita hamar urte honeetan hor egon da Larra, Arratia Ikastolakoa, Maratoi Txikia antolatuten. Txapel honegaz antolatzaileak Larrak egindako lanari errekonozimentua emon gura izan eben.

Larra antolatzaileaz gainera, hainbat urtetan Maratoian parte hartutako Satur Bernaola Obako korrikalariak be izan eban errekonozimentua: lasterketa buru izan zan lehenengo kilometroetan.

254 korrikalarik egin eben Maratoi Txikia.

Erredakzinoa

Arratia

Gorbeiako tontorrean ikurriƱari omenaldia

EAJ-PNVk garagarrilaren 4rako mendi martxea eta Gorbeian ikurriƱari omenaldia antolatu dau. Goizeko 09:00etan urtengo dira Pagomakurretik mendizaleak. Antolatzaileak ikurriƱak eroateko eskatzen deutsee parte hartzaile guztiai.
Mendi martxa hau bagilaren 18an Espainiako militarrak Gorbeiako kurutzean Espainiako banderea ipini ebenekoari erantzuteko antolatu da.

Espainiako Defentsa Ministroari galderak
Ejerzitoaren maniobra horreek egonezina eta kezka sortu eben Arratian. EAJ-PNVk Diputatu Kongresuan azalpenak eskatu eutsazan Carme Chacon Defentsa Ministroari. Ejerzitoak prensari adierazo eutsanaren arabera, ohikoa da mendi tontor batera heltzean diranean Espainiako banderea ipintea. Zeanuriko Udalean ez zan maniobretarako baimenik eskatu.
Ezker Abertzaleak barriz mozinoak aurkeztu ebezan ekintza txarresteko Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Arratiarren erreakzinoak
Interneten bidez lehenengotik, eta prensaren bidez geroago, argazkia Arratia eta Gorbeialdeko txoko guztietara heldu da, haserrea eta egonezina piztuz. Gorbeian berbarako argazkiak atera ebezanak istiluak euki eben militarrakaz. Ikusitakoa ikusi arren, sinestezina egiten jakon herritar askori eta hasieran txantxa bat zala pentsau eben. Izan be, 100. zenbakiko Begi txindorrean, BEGITUk antzeko broma bat egin eban esanez, Patxi Lopezek ekarriko eban aldaketeetako bat izango zala Gorbeiako kurutzea kendu eta Osborneren zezena ipini.

Erredakzinoa

Zeanuri

Zeanuriko herriak UEMAtik urten dau

Hamazazpi urtez UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean) egon ostean, Zeanuriko EAJ-PNVk urtetea proposau eban bagilaren 16eko osoko bilkuran. Proposamenaren alde EAJ-PNVren bost botoak; kontra lau boto: EAko zinegotziarena eta independenteena. Aurrera atera zan, beraz, proposamena. Hartutako ebatziagaz euren desadostasuna agertuteko, Pedro Mari Lejarza EAko zinegotziak, Kepa Atutxa, Teo Arana eta Edurne Landajo independenteak eta UEMAko presidentea dan Jon Bollarrek prentsaurrekoa emon eben bagilaren 23an.

"Zeanuri herri euskalduna izanda, bere hizkuntzea eta bere kulturea zainduteko eta Euskal Herriko beste herri euskaldunak daukiezan arazo bardinak daukazanez, gure herria UEMAko partaide izaten jarraitutearen aldekoak gara" esan eban Kepa Atutxa independenteak.

"Hasieratik EAJ-PNV ez da ados egon Zeanuriko herria UEMAn egoteagaz. Eta 17 urte ostean, lortu dau ez dakit nongo estrategiagaz, UEMAtik ateratea" salatu eban Pedro Mari Lejarza EAko zinegotziak.

Jon Bollar UEMAko lehendakariak gogora ekarri ebazan UEMAren helburuak: Udalerri euskaldunetan herritarrak bizitza sozial osoa euskeraz egitea, Udalerri euskaldunen arteko sarea sortzea eta honeen garapen sozio-kulturala euskeraz izan daiten bultzatzea, hatan be. "Helburu honeek gogorarazo egin dodaz, UEMAtik urtenda adierazo gura dabelako helburu honeekaz ez dagozala ados eta hori sano larria da" esan eban Bollarrek. Bueltau gura izan ezkero ateak zabalik eukiko dabezala gehitu eban UEMAko presidenteak.

"Euskeraz bizi bai, erakundeak mantenidu ez"
EAJ-PNVko Izaskun Sagarnak Zeanuriko alkateak euskerearen alde beti egon dirala eta beti egongo dirala argitu gura izan deutso begituri: "Gu euskeraz bizi gara eta euskerearen alde egin dogu behar beti. Beti jokatuko dogu euskerearen alde, baina horrek ez dau esan gura erakunde batzuk manteniduko doguzanik".

Alkatearen esanetan, UEMAren behar egiteko moduagaitik eta, batez be, Euskera Planari egokonean sortu ziran eretxi desbardinak. "BFAk %80ko diru laguntza emoten deusku eta guk Euskera Plan ofiziala gura dogu. Ezin doguz laguntza horreek galdu edota lana bikoiztu" esan eban alkateak.

Erredakzinoa


Gaia proposatu!

Gaia:
Non:
Data:
Azalpena:

Kontaktua

Izena:
e-Posta:
Telefonoa:

Argitaratzailea: ZERTU Kultur Elkartea.

Helbidea: Herriko Plaza 24, 48142 Artea.

Telefonoa: 946 317 314.

Helbide elektronikoa: begitu@begitu.org

www.begitu.org