Paperezkoak - Azken Alea
Laster baten

Hiru egunetako greba deialdia eskoletako janlekuko beharginentzat

Urri bigarrenaren 21, 27 eta 29an, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, ikastetxe publiko, itunpeko eta pribaduetako janlekuko beharginak grebara deitu ditue. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta hezkuntzako patronalai sindikatuakaz biltzeako eskatu deutsee lan baldintzak eta langile eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko eta kalidadezko zerbitzuak antolatzeko. Sindikatuak inprobisazinoa eta langile faltea salatu dabe; baita, aurreko ikasturteetako ratioak dituela, talde egonkorren eta espazioaren beharrai jaramonik ez deutsiela egiten nabarmendu be egin dabe.

Gaikako bilketea %30 inguru baino ez da Arratian

22/2011 Legearen arabera, 2020rako satsen %50 gaika jaso eta berrerabili edo birziklau egin behar da, baina AUMk BEGITUri adierazotakoaren arabera, Arratia sano urrun dago hortik, %30era be ez dalako ailegetan gaikako bilketea. Hori dala eta, etxe eta merkataritzako hondakinen ordenantza bat onartu dau AUMk.

 

Aurreko ordenantzea 1992koa zan eta ez ebazan hurrengo legeak ezarritako eta indarrean dagozan helburuak jasoten. 2016an, araudi guztia, Europakoa barne, jasoten eban ordenantza eredu bat egin zan EAE mailan, eta AUMk hartu, aztertu egoerea eta baliabideak, eta egokitu egin ebala azaldu deutso BEGITUri Aitor Uriguen AUMko Ingurumen Zerbitzukoak. Egokitzapen horretatik sortu zan oin onartutako ordenantzea. Bertan esaten da hondakin bakotxa bere eukiontzira bota behar dala, "ez da borondatezko gauza bat, derrigorrezkoa da". Zortzi eukiontzi dagoz eta bakotxean jagokon hondakina bota behar da.

Birmoldaketa beharra
Egindako azterketan ikusi zan gaikako bilketea handitzeko eukiontzien kokapenaren birmoldaketa bat egin behar dala. "Herri txiki eta auzo guztietan, gitxienez, bost eukiontzi desbardin egon behar dira: beira, papera, ontziak, organikoa eta errefusa, eta horrek suposatzen dau zentralizau egin beharko dirala" satsa botateko puntu batzuk. Hau da, eukiontzi gehiago ipini beharko dira, baina kasu batzuetan "ez hain ate ondoan". Dana dala, jente guztiak eukiko dau aukerea hondakinak jagokozan eukiontzietara botateko.

Organikoa, kakoa
Zerbitzuak be zabaldu egin beharko dira eta organiko guztia batera jaso ahal izatea, eta ez, oingo moduan, landara jatorrizkoa bakarrik, kakoa dala uste dau Uriguenek. Bizkaian, 2022rako aurreikusten da 5.000 baino biztanle gehiagoko herrietan egongo dala zerbitzu hori. "Orduan bilketa selektiboaren porzentajea asko igoko da. Azken finean organikoa satsaren %40-42 da. Dana bota ezkero, ia lortu daiteke helburua eta gero beira eta papelagaz lortuko litzateke %70era heltzea. Hori lortu da hainbat herritan".
Gainera, satsen kudeaketearen gastua murriztu egingo litzateke. Izan be, zabortegira, errauskailura edo bota behar dan lekura bota baino lehen, tratau egin behar da satsa, eta errefusa tona bategaitik 90-92 euro pagau behar ditu AUMk; organikoa tratateagaitik, barriz, 50 euro. Eta pisu handiena daukan satsa, organikoa da. Organiko dana konpostau daitekenean, dirua aurreztu eta zerbitzua hobetu ahal izango dala uste dau Uriguenek.

Satsa murriztea garrantzitsuena
Baina gaikako bilketea ez da nahikoa arazoa konponduteko, satsa murriztu egin behar da. Horretarako, beste gauza batzuen artean, erantzukizunez erosi behar dala dino AUMkoak. Ez da erosi behar oso ontziratuta dagozan gauzak, ezta behar ez dana be. Izan be, "erosten dogun jatekoaren %30 bota egiten da".
Helburua satsaren pisua 2020an %10 murriztea da; 2025erako %13 eta 2030erako %20. Horretarako AUMk kanpainak egingo ditu, baita batzarrak be, auzoetan danon artean helburuak lortzeako. "Betebeharra da eta bete ezean, AUMk eta udalak penalizazino bat ordaindu beharko dabe" dino Ingurumen Zerbitzukoak.

Ingurumen aldetiko Arratiako hainbat puntu baltz identifikau dabez

Oin dala hilabete batzuk, Makatzak Arratiako Ekologistak taldeak, puntu baltzak identifiketako dinamika bat ipini eban martxan, eskualdeko ingurumenaren egoerearen ikuspegi orokor bat izateko eta dagozan arazoai urtenbidea emoteko.
Jenteak daborduko Igorre, Zeanuri, Dima eta Lemoako hainbat puntu baltz identifikau ditu. Horretan lagunduteko, makatzak@gmail.com helbidera idatzi edo euren Facebook kontuan dagoan galdetegia bete daiteke.
Oin arte galdeketan parte hartu dauan jenteak identifikautako puntu baltzak, besteak beste, hurrengoak dira: saneamentu sarerik ez dagoala leku batzuetan; N-240 errepideko trafikoa; Lemoako zementu fabrikea errauskailu moduan erabilten dala; pinu eta eukalipto landaketak; Arratiako herriak lotuko dituan bidegorri baten beharra; plastikoak erreketan; matarrasen inpaktua basoetan; satsen kudeaketa eskasa eta landara espezie inbaditzaileak.

Begoņa Pedrosa Hezkuntza sailburuorde izentau dabe

Begoña Pedrosa Areatzakoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde izango da Jokin Bildarratzek zuzentzen dauan sailean. Mondragon Unibertsitateko dekanoa, irakaslea eta ikertzailea, Pedrosak ibilbide luzea dauka hezkuntzan.
Ingelesean lizentziaduna eta Hizkuntzalaritza Aplikaduan doktorea da, eta 18 urte daroaz Mondragon Unibertsitatean lanean. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa izan da 2014tik.
Mondragon Unibertsitateak bere webgunean jakitera emondakoaren arabera, Pedrosak hezkuntza barrikuntza, eraldaketa eta digitalizazinoa izan ditu ardatz, dekano lanetan. Unibersidadeko gradu eta masterretako produktu akademiko barriak sortzea bultzatu dau, eta unibersidadearen eta eskolearen arteko ikerketa kolaboratiboa. Irakasle moduan, hainbat barrikuntza proiektu koordinau ditu Hezkuntza eta Ikus-entzunezko Komunikazinoko graduetan. Doktorego-programearen eta ikerketa-mahaiaren kudeaketan be parte hartu dau. Eta ikertzaile legez, hizkuntza gitxituak eta ikasleen estrategia pedagogikoak landu ditu, besteak beste.

Jabekuntza Eskoleak ikasturte barrirako programazinoa aurkeztu dau

Zinea, argazkigintzea, feminismoa, elektrizidadea, sukaldaritzea... gai ugari beti be feminismotik landuta.

Izena, ikastaroa hasi baino astebete lehenagora arte emon ahal izango da Arratiako Udalen Mankomunitatean. Koronabirusa dala-eta, ezarritako osasun neurriak beteko dira.
Andra zaharrai zuzendutako Grisa eta Morearen saio bategaz hasiko da programazinoa, Cloudburst pelikuleagaz, hain zuzen be. Aurten Grisa eta Moreak pelikulak aukeratu ditu zahartzaro feministearen gaineko hausnarketea bideratzeko. Urri bigarrenaren 27an izango da, Arteako Kultur Etxean 17:30ean. Zezeilaren 15ean dago aurreikusita bigarren saioa, eta orduan Las cinéphilas filma ikusteko aukerea egongo da.
Lehenengo tailerra barriz, Diman izango da hilaren 30 eta 31n. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel kazetari, antropologo eta idazleak gidatuko dabe. Feminismoa eta euskerea "non kurutzatzen diran, ze ezaugarri partekatzen dituen, batak bestetik zer ikasi leikien eta bien arteko aliantzak ze esparru zabaltzen dituen" landuko dabe urri bigarreneko atzen bariku-zapatuan ikastarora hurreratzen diranak.

Feminismoan sakontzen
Feminismoan sakontzeko hainbat ikastaro eskaintzen ditu Ilgoranek 2020-2021 ikasturterako. Holan, agroekofeminismoaren barri emongo dabe Etxaldeko andrak, zemendian, Artean; Tere Maldonadok egungo feminismoaren zereginen gainean jardungo dau Bedian, abenduan; hilekoaren kultura eta ekonomia feminista jorratuko ditu Enara Iruretagoienak zezeilean Lemoan; Autodefensa feminista ikastaroa egongo da Areatzan, zezeilean, eta ahizpatasun kontzeptua ondoizatea lortzeako estrategia moduan landuko da aprilean, Diman, Edurne Epelderen laguntzeagaz.
Gainera, anonimotasunetik ereduak atera eta autonomia landuteko ikastaroak egongo dira. Holan, identidade narratiboak bilatzeko, Idoia Carramiñana idazleak, Islarik gabeko ispiluak izeneko ikastaroa emongo dau zemendian, Areatzan; Monica Nuñezegaz, partaideak miresten dabezan andra anonimoai esker oneko ekitaldia sortuko dabe urtailetik martia arteko ikastaroan, Zeanurin; elektrizidade tailerra urtailean izango da, Lemoan Auri Vallejoren eskutik; Marta Miramonek sukaldaritza begetariano ikastaroa emongo dau urtailean hasita Arantzazun, eta argazkilaritzaren bitartez, norbere burua ezetu eta ahalduntzeko aukerea egongo da, Adirane Azkuenaga formatzailegaz, martia eta aprilean, Igorren.

Mendia
Mendirako zaletasun handia dago Arratian eta mendian andren autonomia bultzatzeko aukera bi eskaintzen ditu Ilgoranek. Iparrorratza eta mapak erabilten ikasi eta gau baten mendian lo egiteko aukerea eskainiko dau maiatzean Laura Ruiz eta Garazi Santos trebatzaileak emongo daben ikastaroak.
Andra ez kirolari eta nagiak mendiaz gozatuteko Ibilbide erosoak ekimena dago. Hilean behin urtekera bat egingo dabe partaideak.

Ibilaldiak kolore desbardinetan egiteko aukerea

Udagoienean Gorbeia Turismo Jomugak jarraituko dau eskaintzen udako ibilaldiak. Udagoiena, basoak modu sakonagoan eta ez hain ezagunean gozatuteko urtesasoi parebakoa dala eretxita, historia, ondarea, natura, artea, gastronomia, mitologia eta kultura buztartzen dituen ibilaldiak eskaintzen ditu.

Zeanuri eta Zeberio
Nabarmentzeko ibilbideen artean, Undurraga urtegira itzulia eta Zeberioko altxorren ibilbidea dagoz. Undurraga urtegira itzulia ibilbide lasaia da, Zeanuriko plazatik abiatuta, erraz egiten dana. Bisita gidatuak egiteko aukerea dago urri bigarrenaren 25ean.
Zeberioko altxorren bisita gidatua, Zeberioren ondarea bisitetan dauan kilometro inguruko ibilbide laburra da. Parte hartzeako aukerea egongo da urri bigarrenaren 10ean.
Ibilbide honeek egiteko edo Gorbeia Turismo Jomugak eskaintzen dituan beste edozein ibilbidetan parte hartzeako izena emon daiteke gorbeiaeuskadi.com helbidean edo 94 612 26 95 telefonoan.

Igorre eta Dimako hezkuntza ondarea jakitera emoteko jarduera bi egongo dira

Ondarearen Europako Jardunaldiak aurten hezkuntza ondarea hartu dabe gaitzat eta horren inguruko ekintzak antolatu dabez Areatza, Dima, Igorre, Zeanuri eta Zeberion. Hilaren bigarren hamabostaldi honetarako Igorrek eta Dimak daukie programauta jarduera bana. Gainontzeko herrietan, aurreko hamabostaldian egin ziran.
Hilaren 21ean, 19:00etan, Igorreko Kultur Etxean, Angel Larrea Beobide historialariak Igorre eta Arratiako hezkuntza ondarearen gaineko berbaldia egingo dau. Eskolak izango ditu berbagai: udal eskolak, Kontseilu Probintzialak sortutako auzo eskolak, eskola erlijiosoak eta ikastetxe pribaduak. Baita Arratiako maisu-maistra ezagunak be. Ikastolen mobimentuaren testuinguruan, arratiar batek sortutako euskerazko ikasmateriala erakutsi eta azalduko dau.
Diman hitzordua hilaren 31n da Artaungo plazan, 10:00etan. Antzasti Euskaldunon Etxea bisitauko dabe partaideak eta gero, oinez Obara joango dira, hango eskola zaharra ikusteko. "Umeen zentzune, etxean entzune" esakeran oinarrituta, Antzastin, etxean eta familian umeak jasoten ebezan lehen ikaskuntza moduak ezetuteko aukerea dago, eta Oban hango eskola zaharra eta auzo eskolen fenomenoa azalduko da. Holan, lehengo hezkuntza modu bi erakutsiko dauz jarduereak. Leku bien artean, ibilbide gidatua oinez egiteko aukerea egongo da.

Mauro Saraviaren Kosmo-polita argazki erakusketea Lemoan

Urri bigarrenaren 12an, Kulturartekotasun eta Nazinoaniztasun Eguna dala-eta, Lemoako Udalak, Mauro Saraviaren Kosmo-polita erakusketea antolatu dau herriko kaleetan.

 

Bederatzi erretratuk osotuten dabe erakusketea. Argazkilariak begiradea ipinten dau herri bat izatearen konzientzia sortzean daben identidadeengan, herri hori osotuten daben personen jatorria edozein izanda be. Ekimen honegaz Udalak, "zelango gizartean bizi garan, eta zein eredutarantza joan gura dogun aztertzeko hausnarketea" bultzatu gura dau.

Kultura pizten
Erakusketea ez da izango hileko ekintza kultural bakarra. Izan be, Kultura pizten izenpean, Udalak, atera dau urri bigarreneko agenda kulturala eta aurrez aurreko hainbat ekintza eskaintzen ditu, batez be ume eta gazteentzat.
Holan, eguenean, hilak 15, 17:30ean, lau eta hamabi urte bitarteko umeentzako, Txaloka antzerki taldearen Buala antzezlana egongo da ikusgai ludotekan. Hurrengo ekintza be umeentzat izango da. Ixabel Agirresarobe aktore eta ipuin kontalaria egongo da liburutegian hilaren 22an, Liburutegi Eguna ospatuteko 17:30ean, lau eta zortzi urte bitarteko umeentzako saio bat eskainiz. Izena 94 631 20 64 telefonoan emon behar da.

Arimen gaua
Arratiako hainbat herritan Arimen gaua ospatzeko ohitura zaharra berreskuratzeko lanean dihardue. Izan be, gau horretan kalabazak hustu eta barruan kandelak ipintea jentea bildurtzeko ez da arrotza gurean, eta tradizino horren lekukoa pasau gura deutsee gazteai. Gaia, Lemoako Gaztelekuan landuten dabiz eta Koadro Lehiaketea antolatu dabe hilaren 31rako, 17:00etan. Koadro lehiaketarako arloan aditua dan persona bat egongo da Gaztelekuan ikastaro txiki bat emoten. "Bertan, koadroak margozteko teknika, idea eta pausuak azalduko dauz eta bitartean gazteak praktiketako aukerea eukiko dabe. Ondoren, koadroa bertan margozteko denporea". Irabazleak, "bere koadroa herriko taberna, gune eta leku desbardinetan ipinteko aukerea izango dau" azaldu deutsie BEGITUri Gaztelekukoak. Izena lemoakogaztelekue@gmail.com emailean emon behar da.

2021eko egutegirako Argazki Lehiaketea

Lemoako Udalak IX. Argazki Lehiaketea antolatu dau argazkigintza bultzatzeko eta 2021eko egutegia egiteko. Izan be, hamabi argazki aukeratuko dira Udaleko 2021eko egutegian argitaratuteko. Agazkion gaia "Lemoa" izango da.
Argazkiak, formatu horizontalean eta era digitalean, kultura@lemoa.net helbidera bialdu behar dira urri bigarrenaren 31 baino lehen. Edonork hartu daike parte eta partaide bakotxak argazki bakarra bialdu ahal dau.
Epaimahaia, Udalak aukeratutako argazkigintzako adituak osotuko dabe eta saria, egutegian argazkia argitaratzeaz gainera, opari bat izango da.

Ertibil erakusketa ibiltaria Igorren

Hamazortzi artistaren lanak egongo dira ikusgai Igorren urri bigarrenaren 19tik zemendiaren 8ra, Ertibil erakusketa ibiltarian. Bilboko Rekalde Aretoan dago, eta Igorre eta gero, Basaurin eta Ermuan egongo da.
Ertibil proiektua Bizkaiko artistai lagunduteko Foru Aldundiaren proiektu finkatua da; aurtengoa 38. edizinoa izan da eta. Lehiaketea Helena Goñik irabazi dau Dos retratos de Gabe en el tren lanagaz. Bigarrena, Maite Leyunen Kitty & Co lana izan da eta hirugarrena, Daniel Llariaren Be seen be safe. Guztira 113 artistak hartu dabe parte, estilo artistiko desbardinetako 160 lan aurkeztuz.

Erakusketan
Erakusketan honako artista honeek hartzean dabe parte: Helena Goñik, Maite Leyunek, Daniel Llariak, Asier Aguayok, Raquel Asensik, Nora Aurrekoetxeak, Detrito la Muelak, Guido di Marziok, Jone Elorriagak, Nerea Garrok, Ibon Landak, Joaquin Pedro Gómezek, Ibai Madariagak, Miel Oyarzabalek, Amaia Molinetek, Ruben Pinok, Nahia Ruizek, Ander Sagastiberrik, Alberto Eguiluzek eta Ane Seijasek.

Kulturarako bonuak atera ditu Bizkaiko Foru Aldundiak

Bizkaia Aurrera Kultura Bonu (BAKB) izenpean, Bizkaian kultura konsumoa bultzatzeko asmoz, bonuak kaleratu ditu BFAk. Bi bonu mota dira, 15 eta 25 euroan salgai ipini diranak eta 40 euroko balioagaitik trukatuko diranak. Bonuak 2021eko maiatzaren 31ra arte erabili ahal izango dira.
Bonuetarako 500.000 euro ipini ditu BFAk. Ekimenak CECOBI eta Kutxabanken laguntzea dauka. Bi motatako bonuak dira. A motakoakaz, 25 euroko preziokoakaz, edozein motatako kultura produktuak erosi ahal dira: liburuak, musikea, filmak, dokumentalak, jokoak, bideo-jokoak eta museo, zinema, antzerkia, jantza eta kontzertuetarako sarrerak. Mota honetako 17.000 bonu ipini dira salgai. B motakoak barriz, 15 euroko prezioan erosi eta euskerazko kultur produktuak erosi daitekez; baita Bizkaiko tokiko hedabideetarako harpidetzak be, BEGITUrako harpidetzea, berbarako. Holango 9.800 bonu ipini dira salgai.

Bonuak Kutxabankeko webgunearen bidez erosi daitekez. Persona bakotxak kategoria bakotxeko 4 bono erosi ahal dauz gehienez. Beraz aukera guztiak aprobetxetan dauzanak, 160 euro pagauta, 320 euro izango ditu kulturan gastetako programari atxikitutako establezimentuetan.

Begitu-lagun 15 euroan
Bonu honeek Begitu-lagun izateko aukera parebakoa eskaintzen dabe. Bonuakaz, Begitu-lagun barriak 15 euro pagauko ditu, eta begituk 40 euro jasoko dauz. Opari moduan, telazko boltsa bat, besoko argi islatzailea eta zortzi liburu jasoko ditu Begitu-lagun barriak eta Garena jatetxean lagun birentzako degustazino menuaren zozketan sartuko da.
Liburuok Angel Larrea eta Juan Rekalderen Arratia Inguruko Hiztegia eta Berbategitxoa, Alvaro Rabelliren Ustezko fikzioak eta Saguzarren profhezia, Peru Tximaluze alemaniar ipuin klasikoaren euskerazko bersinoa, Arratia Musika Eskolako 25 urteurreneko monografia eta Iker Yurrebasoren Haizea aurpegian dira. Nerea Zuloaga eta Iratxe Andikotxearen Kontaidazu! Kantaidazu! ipuin eta abestien liburu-CDa be eroango dabe Begitu-lagun barriak.
BEGITU hobetuteko baliabide ekonomikoak behar dirala eta 2020ean, 50 Begitu-lagun barri egiteko kanpainea dago martxan.

Programan parte hartzeako
Programan parte hartu gura daben establezimentu edo erakundeak edozein momentutan atxiki ahal jakoz BAKBri, Kutxabankek bere webgunean horretarako daukan izen-emote orria beteta. Bonuak diruz trukatzeko, Biz- kaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailera bialdu beharko dauz, salmentearen ordainagiriaren kopiagaz batera. Trukea astean behin egin ahal izango da bagilaren 30era arte.

Aurkezpen ekitaldia
Urri lehenengoaren 4an izan zan BAKB programearen aurkezpen ekitaldia. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputadua, Pedro Campo CECOBIko presidentea eta Xabier Solaetxe Kutxabankeko Bizkaiko sareko zuzendaria egon ziran, hainbat kultur disziplinatako artistakaz batera.

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD